GARA Euskal Herriko egunkaria
Aizkora

Aitzol Atutxak hasieratik erakutsi du bere agintea

Bizkaitarrak bigarren egurrean hartu du aurrea eta amaierara arte eutsi dio.


Aurreikuspenak bete egin zituen Aitzol Atutxak eta berak irabazi zuen Urrezko Aizkolarien Kopako finala, Asteasun Joseba Otaegi eta Iñaki Azurmendi mendean hartuta. Erabat bete ziren Asteasuko pilotalekuko harmailak, eta tartean zen Joxemari Olasagasti bera ere. Aizkolari bakoitzak hamabost kana-erdiko ebaki behar izan zituen.

Joseba Otaegi izan zen lehen enborra botatzen azkarrena, Atutxaren eta Azurmendiren aurretik, baina bizkaitarra laster hasi zen aurrena jarri eta zuloa egiten, bigarren enborrerako aurreneko postuan baitzen dagoeneko. Aitzol Atutxak bigarren enborrean hartu zuen aurrea eta amaierara arte hortxe joan zen, baina bigarren posturako izan ziren gorabeherak. Izan ere, bosgarren enborrera bitarte Otaegi joan zen aurretik, baina hor Azurmendik eskuratu zuen bigarren postua, eta hor ere ez ziren postuak aldatu.

Zazpigarren enborrean, Atutxak alde dezentea kentzen zien gainerakoei, nahiz eta Azurmendi eutsi nahian zebilen. Berak 16 minutu eta 26 segundoan bota zituen lehen zazpi enborrak, Azurmendik 16 minutu eta 57 segundoan, eta Otaegik 17 minutu eta 45 segundoan.

Hortik aurrera ere gauzak ez ziren batere aldatu, eta amaieran 39 minutu eta 24 segundo behar izan zituen Atutxak. Iñaki Azurmendi sailkatu zen bigarren postuan, eta berak 40 minutu eta 39 segundo behar izan zituen. Sailkapena Otaegik itxi zuen, eta bere denbora 46 minutu eta 12 segundokoa izan zen.

Txapelketa bat amaitu eta bestea hasiko da, bihar bertan abiatuko baita Binakako Urrezko Aizkora. Deban jokatuko da aurreneko saioa 12.00etan, eta, bertan, Atutxa II.a eta Mugertza II.a Ruben Saralegiren eta Jon Rekondoren aurka neurtuko dira. Bikote bakoitzak seina lan ezberdin egin beharko ditu.

Amaieran lan guztietako denborak batuko dira, eta onena duenak lortuko du garaipena. Txapelketa honetan berriro ere lan laburrak eta azkarrak egin beharko dituzte, aurreko urteetan bezalaxe.

Desafioa

Apustu hotsak berriro agertu dira, eta oraingoan Mieltxo Mindegia izan da desafioa bota duena, eta Eneko Otaño gazteari bota dio. Zubietakoak, hamar kana-erdiko eta bost 60 ontzako moztu nahiko lituzke, baina Mindegiak jakin nahiko luke Beizamakoaren iritzia ere, eta bilera egiteko eguna urtarrilaren 9a jarri du. Etxalarko Etxalar Hotelean egongo dira nafarrak gipuzkoarren zain. Orain arte, bi aizkolariok apustu bana jokatuta daude, eta egiten badute hau bigarrena izango lukete.