04 JAN. 2016 Eskalada Kapitaineko «The secret passage» britainiarren poltsikora joan da Zazpi urte igoerarik jaso gabe pasa ondoren, Dan McManus eta Pete Whittakerrek osatutako sokadak bidearen bigarrena sinatu du. Eskalatzaileok bederatzi egun behar izan dituzte marra tente eta arriskutsuaren hamabost luzeak (8a+) poltsikoratzeko. Andoni ARABAOLAZA Nico Favresse eta Sean Villanuevak Kapitaineko hormatzarrean “The secret passage” zabaldu eta puntu gorria jarri ziotenetik zazpi urte igaro dira. Kosta egin zitzaien hamabost luzeak zabaldu eta askatzea, baina, erdiesteaz gain, marka ederra jarri zuten Yosemiteko historian. Sokada belgikarrak “Eagles way” eta “Bad to the bones” bideei metro batzuk “lapurtu” zizkien, eta ukitu gabe zeuden beste batzuk gehitu. Era horretara, “The secret passage” sortu zuten. Aurretik hamabost luze eta gehienez 8a+ gradua. Ezaugarri gehiago: arroka soltea, oso-oso bertikala eta zailtasunean oso iraunkorra (zortzigarren gradutik gora hainbat luze ditu). Beste datu adierazgarri bat: estiloa. Eskalatzaileok “fun” izeneko estiloa indarrean jarri zuten: sokarik ez zuten finkatu, ez zuten jumareatu eta rapela baztertu zuten. Dibertigarria? Horrela deskribatu zuten beren estiloa. Eta orain arte aipatutako guztiari “The secret passage” bideak bere baitan duen arriskua gehitu behar zaio; izan ere, hiru luzek R hizkia daramate. Eta aurkezpenarekin amaitzeko, aipatu hamabost luzeotan Favresse eta Villanuevak soilik parabolt eta rivet bana jarri zituztela. Hauek guztiak dira “The secret passage” bidearen lerroburu nagusiak. Eta haiei jarraituz, sormen lan hau egin eta zazpi urtera, marraren bigarren igoera iritsi da. Udazkenean izan zen, eta protagonistak bi britainiar izan ziren: Dan McManus eta Pete Whittaker. Biek ala biek era askean igo zuten. Horretarako bederatzi egun paretan lanean eta zintzilik eman zituzten. Eta eskalatzaileok aurreratu dutenez, askotariko egoerei aurre egin behar izan zieten: elur ekaitzak, ur-jauziak, bidearen giltza erabat hezea izatea, “Guillotine Flake” izeneko luze arriskutsua... Whittakerrek, alabaina, goraipatu nahi izan du belgikarrek “The secret passage” bidean eginiko lana: «Eite guztietatik begiratzen bada, Villanueva eta Favressek eginikoa handia izan zen, eta horrek guztiak inspiratu egin gintuen. Estiloan aldaketa txiki batzuk izan dira; adibide gisa, guk lehen hiru luze gogorrak rapelatu egin genituen. Baina pozarren nago Danen zein nire lanaren ondorioz ateratako etekinekin. Zazpi urte pasa dira bigarren igoera hau iritsi den arte, eta horrekin harrituta gaude. Jakin badakigu belgikarren lana ikaragarri bikaina izan zela eta ‘Supertopo’ gidaliburuaren azalean bertan ‘The secret passage’ azaldu zela, baina bidea oharkabean pasa da». Bigarren igoera hau egin ahal izateko, sokada britaniarrak bederatzi egun behar izan zituen. Eta protagonistok azpimarratu nahi izan dutenez, igoerarekin zein estiloarekin oso pozik daude: «Bakoitzak bere aldetik luze guztiak era askean gainditu genituen, eta hori egiten lehenak izan gara. Hormatzarrean bederatzi egun pasa genituen, eta janaria zazpi egunerako genuen, bi eguneko elur ekaitz batek harrapatu gintuen, egun batzuetan paretak ur-jauzi bat zirudien, bidearen giltza erabat heze zegoen, beste saio beldurgarrien istorioak entzun genituen... Baina guk aurrera jarraitu genuen. Azkenean, Dan eta biok hormatzar bat elkarrekin eskalatzea lortu dugu lehen aldiz». Baldintza kaskarrak McManus eta Whittakerrek Kapitainen bertan duten eskarmentua laguntza handia izan da “The secret passage” bidean emaitza bikaina lortzeko. Whittaker izan zen xedearen bultzatzaile nagusia: «Bidea errepikatu gabe zenez, Daniri saiatzea proposatu nion; izan ere, trad estiloan espezialista handia izateaz gain, Kapitain hormatzarraren zale amorratua da (bederatzi aldiz igo du). Gure lehen saioan bidearen lehen giltzara arte, ‘The flight of the Seagull’ luzera arte (5.13R), bistan eskalatu genuen; biok ala biok, gainera. Kontuan hartu behar da baldintza gogorretan eskalatu genuela, 35 graduko tenperatura egiten baitzuen. Beroaren ondorioz deshidratatuta eta leher eginda geunden. Behin hori eginda, bidearen hiru luze gogorrenak probatzea erabaki genuen. Favressek zioen modura, arroka solte askorekin egin genuen topo. Eta bidearen goi aldean dagoen beste giltzan ere, ‘Guillotine flake’ luzean, ikusi genuen sekzio hori oso arriskutsua zela. Marra guztian gora eta behera zabiltza, baina une garrantzitsuenetarikoa azken luzea, gogorrena, gainditu genuenekoa izan zen. Nahiz eta oraindik borrokatzeko beste metro asko izan, marraren zailtasun tekniko handienak gaindituta genituen. Aipatuko nuke ere, hamaka jarri genuen lekutik 15 metrora ur-jauzi ikaragarria zela. Baina bibak hori ondo babestuta zegoen. Unerik txarrena bidearen giltza nagusia bustita zegoela ikustea izan zen. Bustitako bidearen luze gogor bakarra zen! Beste une zail bat zortzigarren egunean igaro genuen. Bi luzeren artean zegoen ur-jauzia zela eta, ezin izan genuen aurrera jarraitu. Beste egun bat behar genuen bide osoa eskalatzeko, eta janaria soilik zazpi egunerako geneukan». Protagonistok adierazi dutenez, eskaladan muturreko baldintzak izan zituzten. Beroaren ondoren, elur ekaitzen zein hotz izugarriaren bisita jaso zuten: 16 gradu zero azpitik. Eguraldiak hobera egiten ez zuenez, pare bat egun geldirik igaro zituzten. Ekaitza igaro eta gero, berriro lanean jarri ziren: «Hurrengo sei egunetan hotz handiarekin eskalatu genuen, eta une batean bi ur-jauzien artean blokeatuta geratu ginen. Zorionez, tartean sekzio lehor bat aurkitu genuen, ‘Guillotine Flake’ luzera eramaten zuena. Eta zoritxarrez luze horretara iritsi eta bustita zela ikusi genuen. Egoera horrek geure motibazioan eragin zuzena izan zuen. Modu batera edo bestera bidearen giltza hori gainditzea erdietsi genuen, baina oraindik goialdean beste ur-jauzi bat genuen. Eta horrek ere buruhausteak eman zizkigun. Goizean ur-emaria handia zen, eguerdian zer edo zer lehortzen zen eta gauean izoztu egiten zen. Ziklo horretan hiru orduko leiho bat zegoen; hots, hiru luze horiek gainditzeko une aproposena zen». McManus eta Whittaker eskaladaren zortzigarren egunera iritsi ziren. Ur-jauzi modura aurkeztutako buruhausteak askatu behar zituzten: «Marraren azken luzea, gogorrena, eskalatu behar genuen. Biek ala biek era askean igo genuen, baina Dan azken metro errazenetan zegoela berriro ur-jauziak indarra hartu zuen. Gure asmoa egun horretan bidearen amaierara heltzea zen, baina urarengatik gelditu beharra izan genuen. Biharamunean, berriro hiru orduko leiho on hori aprobetxatuta azken luzeak (den-denak bustita zeuden) eskalatu genituen; zorionez, geratzen ziren luzeak errazak ziren». Era horretara amaitu zen britainiarrek “The secret passage” bidean izandako eskarmentua. Irakurri bezala, eite guztietatik begiratuta eskalada guztian oso baldintza gogorrak izan zituzten. Alabaina, Whittaker berak onartu du jardueraren eite zailena logistika izan zela: «Bi bide ukitzen ditu, eta luze batzuetan lana egitea oso zaila izan zen; izan ere, era artifizialean zabaldu ziren. Baina behin arazo guztiak gainditzean, buruhauste horiek guztiak ahaztu egiten dira. Eta xedea amaitzea lortu genuen». GOGORRA Marra Sean Villanueva eta Nico Favresse belgikarrek zabaldu zuten duela zazpi urte. Hamabost luzeen ezaugarriak honakoak dira: arroka soltea du, zailtasunean iraunkorra da, oso-oso tentea da eta arrisku handia du. BALDINTZAK Sokada britainiarrak bederatzi egun behar izan ditu «The secret passage» bidea eskalatzeko. Oso baldintza gogorretan jardun dute; bero zein hotza handia, elur ekaitzak... BIGARRENA Dan McManus eta Pete Whittaker britaniarrek «The secret passage» bidearen bigarren igoera sinatu dute. Biek ala biek, gainera, era askean igo dute.