GARA Euskal Herriko egunkaria
Entrevue
JOSE ANGEL ARAMENDI ETA SONIA POLO
PRESOEN SENIDEAK

«Bisitan joaten garen bakoitzean pentsatzen dugu: Zer gertatuko zaigu? Bueltatuko gara?»

Gehiago kontatzeko gogoz gelditu dira prentsarekin bildu ondotik; hainbertze adierazi nahi dute... Sonia Polok, Sergioren arrebak, anaia bisitatzeko egin behar duen bidea erakutsi digu, grafikoki. Bisita minutu bakoitzeko, ordu bat errepidean.


Nola eragiten dizue dispertsioak?

Sonia POLO: Sergio Poloren arreba naiz. Bera orain Algecirasen dago, baina lehenago beste leku batzuetan egon da. Atxilotu zutenean Madrilen egon zen, Valdemorotik Alcalara eraman zuten, handik Galiziara, handik Valentziara, gero Cordobara eta handik Algecirasera. Horrek esan nahi du bera eta gu egokitu behar izan garela leku desberdin horietara guztietara. Gure etxetik Algecirasera joan-etorria 2.200 kilometro dira 40 minutuko bisita bat egiteko. Autobusez baldin bagoaz, 40 ordu ematen ditugu errepidean. Aukera desberdinak ditugu joateko. Trenez joan gaitezke eta 60 orduko bidaia zoragarri bat egin 470 euro ordainduta. Horrelakoak dira gure asteroko bisitak. Hori egin behar dugu aste batean eta hurrengo astean eta hurrengoan... Eta urte hauetan guztietan. Imajina dezakezue ze desgaste emozional, fisiko, psikiko eta ekonomikoa dakarren eta nola bizi garen. Eta bisita batera joaten garen bakoitzean pentsatzen dugu: zer gertatuko zaigu bidaia honetan? Bueltatuko gara? 16 senide gelditu dira jada errepidean bisita batera joaten eta bisita batetik bueltan. Hori edozein momentutan gerta daiteke.

Jose Angel ARAMENDI: Alaba bat daukat preso Frantziako espetxe urrunenetako batean, Bapaumeko espetxean, etxetik 1.080 kilometrora. Izugarrizko zama ekartzen digu horrek, distantziagatik, arduragatik eta bisitak antolatzeagatik. Zure bizitza horren inguruan jiraka dabil. Bere ama eta biok hilean behin joaten gara. Ni jubilatuta nago, beraz, denbora aldetik nahiko eroso; adin aldetik ere nahiko ondo, baina horrek ez du kentzen nekea eta desgaste psikologikoa gehi haraino joateak suposatzen duen gastu ekonomikoa izugarrizko zama izatea.

Non topatzen duzue itxaropena?

J.A. ARAMENDI: Etxeraten beti jorratu izan dugu giza eskubideen esparrua, ahalegindu izan gara alderdi politiko guztiekin hartu-emanak izaten eta gai honen inguruan lan egin dezaten eskatzen. PP eta UPyD kenduta beste guztiekin egon gara eta ea zer edo zer egiten duten. Ez da gauza berezirik egin behar; legea zuzen-zuzen ezarri. Baldintzapeko askatasunak ezartzeko ez dago inolako eragozpenik; preso gaixoak kaleratzeko ez legoke legedirik aldatu beharrik; hurbiltzeko ere gaur egungo legediak nolabaiteko marjina uzten du. Beraz, legearen interpretazio txukun bat egin dezatela eta horrelako politika mendekuzalea utz dezatela alde batera, alferrikakoa izango baita. Horregatik, hor darraigu eta hor jarraituko dugu.Maider IANTZI