11 JAN. 2016 Aizkora Atutxa eta Mugertza finalean izango dira Atzo Urrestillan Arria V.a eta Larrañaga mendean hartuta, hasierako helburua bete egin dute. Jon LEUNDA Aitzol Atutxak eta Ugaitz Mugertzak euren multzoko lehen postua segurtatu egin dute Arria V.ari eta Mikel Larrañagari atzo Urrestillan irabazi ostean, jokatutako bi norgehiagokak irabazi egin baitituzte. Atzoko galtzaileek, aldiz, bigarren postua izango dute jokoan Ruben Saralegiren eta Jon Rekondoren aurka. Atzo Urrestillan ez zen emoziorik egon. Jende asko batu zen saioa ikustera, baina Atutxa eta Mugertza jaun eta jabe izan ziren. Jokatu beharreko sei probetatik bostetan atera ziren garaile, eta azkeneko lanera minutu bat pasako aldea zutela sartu ziren, eta iraupen proban eman zuten amaierako errematea. Aurreneko bi lanetan 45 ontzakoa erlojuz kontra ebaki behar izan zuten, eta horren amaieran bost segundoko aldea zuten Atutxak eta Mugertzak. Hirugarren saioa bakarrik izan zen Arriak eta Larrañagak irabazi zuten neurketa. Kana-erdiko bat zutik jarrita izan zuten aurrean, eta errezildarrak eta gipuzkoarrak lau segundoan laburtu zuten aurka zuten aldea, eta euren aurkariengandik segundo batera jarri ziren. Ondorengo lanetan, ordea, Dimakoa eta Mutrikukoa aldea handitzen hasi ziren. Laugarren lana 60 ontzakoa ebakitzea izan zen, eta 2 minutu eta 21 segundo pasatu zituzten amaitzen, eta 32 segundo kendu zizkieten aurkariei. Alde hori gehitu egin zuten bosgarren lanean. Hor, 45 ontzakoa zutik jarrita eta kana-erdikoa etzanda jarrita ebaki behar zuten, eta alde handi samarra kendu zieten gipuzkoarrei. Azkenik, lau kana-erdiko eta bi 60 ontzako ebakitzen, 12 minutu eta 2 segundo behar izan zituzten Atutxak eta Mugertzak, eta 15 minutu eta 10 segundo pasatu zituzten Arriak eta Larrañagak. Lan guztiak burutzeko, Atutxak eta Mugertzak 22 minutu 8 segundo pasa zituzten, eta 26 minutu eta 31 segundo, Arriak eta Larrañagak. Apustua Mieltxo Mindegiak eta Eneko Otañok jokatuko dute urte honetako aurreneko apustua, herenegun gauean itxi baitzuten bi aizkolariek euren arteko akordioa. Martxoaren 20an neurtuko dira, 12.00etan hasita, Doneztebeko pilotalekuan. Mindegiak bota zion desafioa Beizamako aizkolariari, eta herenegun batu ostean, ados jartzea lortu zuten. Aizkolari bakoitzak 12 kana-erdiko eta lau 60 ontzako ebaki beharko ditu, eta alde bakoitzak 3.000 euro jokatuko ditu dirutan. Bi aizkolarientzat izango da bigarren apustua. Mindegiak bere osaba lagun zuela jokatu zuen aurrenekoa, baina hura binakakoa izan zen, eta garaipena lortu zuen. Otañok, aldiz, Larrañagaren aurka jokatu zuen, eta hura galdu egin zuen. Ikusmina piztuko duen norgehiagoka izango da hau. Ondorioz, hau da urte berri honetako sinatuta dagoen apustu bakarra. Otsailean Joxemari Olasagastik eta Aitzol Atutxak jokatu behar zuten, baina Igeldoko aizkolariak orain dela bi aste min hartu zuen, bere entrenamendua prestatzen ari zela, eta ebakuntza ere egin behar izan zioten. Beraz, apustu hori, oraingoz, bertan behera geratu da, eta urtea ezer gabe geratuko zen, baina Mieltxo Mindegiak eta Eneko Otañok egin ostean, urteko aurrenekoa sinatu da, eta segur aski ez da bakarra izango, izan ere, apustuak indarra hartzen ari dira berriro ere, eta zaleak honelako neurketa ikusteko gogoz eta irrikaz daude. Muruetak ezustea emanez lortu du denboraldiko aurreneko txapela Ezustearekin abiatu da Euskal Herriko Goma Gaineko Txapelketa; izan ere, aurreneko egunean 680ko finala jokatu da, eta Muruetak eraman du txapela. Kinieletan ez zen agertzen bere izena, baina bere aurreneko Euskal Herriko txapela janztea lortu du aurten, eta agian Munduko Txapelketarako ere kontuan hartu beharreko taldea izango da. Abadiño, Ibarra eta Ñapurrak ziren garaipena lortzeko faboritoak, baina hiruretako inork ezin izan zuen amaieran garaipena ospatu, denak bizkaitarren atzetik sailkatu baitziren. Pisu astunak ez dira euskal taldeei ongien joaten zaizkienak, eta Munduko Txapelketa bi hilabete barru izango dela kontuan hartuta, agian talderik garrantzitsuenak, edo izenik handiena duten taldeak pisu txikiak prestatuko zituzten gehien, baina hori ez da aitzakia, eta Muruetak finalean lan bikaina eginez eta merezimendu osoz lortu zuen garaipena. Abadiñok eskuratu zuen bigarren postua eta hirugarrena Ibarrako taldeak lortu zuen. Beste talde faboritoa, Ñapurrak, laugarren izan zen. J.L.