16 JAN. 2016 HELDUEN LITERATURA Bizitzaren bueltak Iratxe ESPARZA Zaila da Ramon Saizarbitoriaren “Lili eta biok” azken eleberria hitz gutxitan azaltzea, batez ere nobela mardul baten aurrean hautatu beharrak erantzukizuna handiagotzen duelako. Erabakiek osatzen dute norbanakoaren bizitza, eta liburu honek baieztatu dit edozein gertakizun ñimiñok ondorioak dituela. Faustino Iturbe idazleak, Ana lagun minaren bitartez, Lili hamabost urteko neskatoa ezagutzen du. Hura gertatuz gero, gaixotasunak jota dagoen nobelagilearen eta nerabearen arteko konplizitate harreman bereziak eramango du Iturbe abstrakzioan eta mundutik kanpo egotetik bizitzan parte hartzeko desioa berpiztera. Hasieratik bukaeraraino protagonistaren garapen psikologikoa eta eraldatzea izugarriak dira, baita bizitza –berea eta gertukoena– deszifratzeko egiten duen ahalegina ere. Gainera, Lilirekin enkontruak bigarren istorioaren zertzeladak zabaltzen ditu: falangisten eta Otzetako baserrikoen arteko jazoerak Gerra Zibilean, Iturberen existentzia markatuko dutenak (maitasuna, pasioa, damua, gorrotoa, beldurra…). Indarraz eta emeki harilkatuak, bi istorioek bere bidea jarraitzen dute denboran atzera eta aurrera eginez eta lurperatutako isiltasunak eta oroimenak azaleratuz. Liliren freskotasunak eta zintzotasunak idazteko sena inoiz ez dela hiltzen gogoratzen diote Faustino Iturberi, zeina sarritan flâneur gisa Donostia hirian barneratzen den irudiz betetako pasarteak eskaintzeko, neurritasunaz, loturak bortxatu gabe, ezer ez dagoelako soberan, ezer ez faltan. Hasieratik irakurlearen jakin-mina pizten da. Idazlea beti idazle, lehendabiziko ehun orrialdeetan Faustino Iturbek bere buruari galdetzen dio «ea bere backgroundean baduen argamasa egokirik eskaintzen zaizkion bizitza-puskak batu eta kontakizun bati forma emateko». Han bertan hasten da work in progress-aren abentura eta irakurlearen jakiteko grina areagotzea, Faustino Iturberekin batera ezagutzen baititugu bigarren narrazioaren detaileak. Beraz, aldibereko idazkeraren lekuko bihurtzen gara, Iturberen istorioa eta Otzetan gertatutakoa maila berean jartzen baitira guztien bizitzek elkarguneren batean topo egin arte. Idazten ari den nobela irakurtzen dugu eleberriaren barruan, dena estilo garbian eta tentsioa mantenduz, horretan datza Lili eta biok nobelaren egituraren berezitasuna. Bestalde, seinaleak, zoria eta patua behin baino gehiagotan aipatzen dira. Paul Austerren “kontingentzia” hitzaren erabilera ere egokia da, bizitzaren kontingentziak gure existentziaren parte baitira, eta ziur nago haiek direla Iturbe idazlearen alderdia indarberritzen dutenak. Gertaerak edota “istripuak” eta kontingentzien kateak dira bi istorioen eragileak, eta, kasualitateak gorabehera, horietan ere Saizarbitoriak pertsonaien nahiak errespetatzen ditu beti, egoerak estutu gabe. Nire hausnarketen aukeraketa bukatzear dago, alabaina eleberriak memoria historikoa berreskuratzeko egiten duen ariketa azpimarratu nahi nuke. Berreskuratze horretan emakumeak ez dira izaki etereo eta ahulak; aldi berean, gerretan gizonek duten aberriaren eta familiaren zaintzaileen irudiarekin apurtzen da. “Lili eta biok” eleberria askotan kontatu gabe geratu den emakumeen errelatoa ere bada: subjektu historiko bihurtuta beren bizitza eraikitzen dutenena. Horra hor aspalditik aldarrikatutako literaturaren zereginetako bat: idaztea eta hitzaren esanahia sendotzea balizko errealitatea narratzeko, horrek dakarren ardurarekin.