22 JAN. 2016 Berezkoak Ducassouk eta Bilbaok Buruz Buruko final handian izateko aurreneko txartela izango dute jokoan Jon LEUNDA Berezkoen Buruz Buruko Txapelketako finala jokatzeko aurreneko txartela egongo da gaur jokoan Arrangoitzeko trinketean, han neurtuko baitira Battitte Ducassou eta Bixintxo Bilbao, 20.00etatik aurrera. Jendea berriro trinketetara erakarri duten bi pilotari gazte dira horiek, eta gaurko partida ikusteko ere ikusmin handia dago. Biak oso maila ona emanda datoz finalerdi honetara, baina Ducassou aterako da garaipena lortzeko faborito. Dirua alde izango du. Horrek ez du esan nahi berak irabaziko duenik, baina bakoitzak berea egiten badu, ezustea ematea ere zaila izango da. Bi pilotariak ere gehiegi behartu gabe iritsi dira finalerdi honetara. Final-laurdenetan Bilbaok sekulako astindua eman zion beste gazte bati, Ospitali, eta ikaragarrizko maila eman zuen, 40 eta 12 irabazita. Bere jokoak miresmen handia sortu zuen, baina gaur gutxienez joko maila hura eman beharko du Ducassou mendean hartzeko eta, hala ere, agian ez dio balioko. Ducassouk lan apur bat gehiago egin behar izan zuen, baina batez ere lehen zatian, Larraldek apur bat estutu baitzuen, baina gero faboritoa gailendu zen, 40-24ko garaipena lortzeko. Ducassouk ez zuen bere partidarik onena egin, baina garbi utzi zuen nolako maila duen. Larralderekin batera egungo onena da, eta bakarka sekulako mina egiten du. Dirua alde izango du, eta saiatuko da aurreikuspenak betetzen. Superprestigioko finala galdu egin zuen, eta hark min egin zion. Orain Buruz Burukoan ez du hutsik egin nahi.