25 JAN. 2016 HIMALAIA Ama Dablameko «Lagunak» bidea estilo alpinoan eskalatu dute Hooman Aprin, Randy Harrington eta Martin Zabaletak 1985ean zabaldutako marra da, eta era arinean lehen aldiz igo duten alpinistakFleur Fouque, Sebastien Rougegre, Fanny Schmutz eta Damien Tomasi izan dira. Ertza eskalatzeko hiru egun behar izan zituzten. Andoni ARABAOLAZA Aurreko gai nagusian aipatu dugu 29 urte pasa behar izan direla Torre Egger-eko aipaturiko bidearen lehen errepikapena erdiesteko. Bada, hurrengo lerrootan antzeko gai bat dakarkizuegu. Izan ere, 30 urte igaro ondoren, Ama Dablam mendian (6.812 m) dagoen “Lagunak” ertza lehen aldiz estilo alpinoan igo dute. Eta protagonista laukote frantziar bat izan da: Fleur Fouque, Sebastien Rougegre, Fanny Schmutz eta Damien Tomasi. Nahiz eta “Lagunak” duela hiru hamarkada zabaldu zen, jarduera hori ondo baino hobeto gogoratuko duena euskal alpinista bat dugu: Martin Zabaleta. Bai, hernaniarrak, Hooman Aprin eta Randy Harrington kide estatubatuarrekin batera, Nepalgo seimilakoaren hego aurpegiko “Lagunak” ertza (TD+, IV+/V, 5) zabaldu zuen. Zortzimilakoetan gogor borrokatu ondoren, Zabaletak garaiera txikiagoa duen mendi batean bide tekniko bat zabaltzeko gogoa zuen, eta, irakurtzen den bezala, lortu ere egin zuen. Aipatu beharra dago marra sortu zuen hirukoteak, eskaladan zehar, ia 800 metro soka finko jarri zuela. Aurreratu dugun bezala, hori 1985. urtean izan zen. Eta bitxia bada ere, frantziarren jarduera iritsi baino lehen, Zabaletak eta enparauek igotako ertz hori soilik bitan errepikatu da. Talde estatubatuar zein kanadar bana izan ziren, eta biek ala biek espedizio estiloan eskalatu zuten. Estilo alpinoan ere saiatu dira, baina ekinaldi horiek ezerezean geratu ziren. 2000. urtean, adibidez, Barry Blanchard kanadarrak 6.100 metrora zegoela atzera behar izan zuen egin. Eta bost urte geroago, Tomasz Jakoflic eta Tina Di Batistak osatutako talde esloveniarra, eguraldi gaiztoarengatik, 6.500 metroko garaieratik erretiratu zen. Baina, esan dugun bezala, azkenean laukote frantziar batek “Lagunak” ertza lehen aldiz era arinean eskalatu du. Bi bibak Agian baten bat alpinista frantziarren albisteak ezustean harrapatu du, batez ere kontuan hartzen badugu Ama Dablam mendia erabat komertzializatu egin dutela. Dozenaka eta dozenaka mendizale dira (horietako ia gehienak agentzien bidez) urtero-urtero ohiko bidetik igotzen saiatzen direnak. Bai, bide normalak, hots, hego-mendebaldeko ertzak bisitari ugari jasotzen ditu bere baitan. Eta Nepalgo beste mendi ezagunetan bezala, Ama Dablamek dituen beste marra batzuk oharkabean pasatzen dira. Horregatik diogu frantziarren eskalada hori “ezustekoa” izan daitekeela. Laukote frantziarrak aurreratu duenez, haiek ere seimilakoaren ohiko bidea albo batera utzi nahi zuten: «Kanpaleku nagusira iritsi bezain pronto, ‘Lagunak’ ertza baldintza egokietan zegoela iruditu zitzaigun. Jakina, lehenik eta behin girora egokitu behar ginen. Bide osoa eta batez ere ertzaren sekzio zailenak ondo baino hobeto aztertu ondoren, soilik eguraldi leiho on bat behar genuen. Eskalatu behar genuen ertza nahiko lehor zegoen, baina geure arteko eztabaidarik gabe, saiatzea erabaki genuen». Ertzaren oinarrira (5.600 m) heltzeko egun bat behar izan zuten. Biharamunean, oso goiz, eskalatzen hasi ziren: «5.600 eta 6.000 metro artean, arroka oso onean, 5 graduko tarteak eta bidearen erdian dagoen ertzera iristeko izotzean 5 graduko luze bat igo genituen». 6.200 metrora zirela, mistoko murru baten azpian, lehen bibaka egin zuten: «Hurrengo egunean, M4 zailtasuneko bi luze egin ondoren, couloir batean sartu ginen. 6.500 metrora ia irteeran geunden, baina hara iristeko izotzean beste pare bat luze (5 gradua) igo genituen. 100 metro gorago, ohiko bidearekin bat egin genuen, eta, gaua zenez, bigarren bibaka antolatu genuen. Biharamunean, falta ziren 250 metroak gainditu eta tontorra zapaldu genuen».