30 JAN. 2016 sokatira 600eko finalean izan nahi duten talde guztiek gogor lan egin beharko dute J.L. Goma Gaineko Euskal Herriko Sokatira Txapelketan 600 kiloko bigarren jardunaldia jokatuko da mutiletan; nesketan, berriz, 500ekoa, hemen ere bigarrena. Bi saioak 17.00etatik aurrera jokatuko dira Berriozarren. Mutiletan, Ibarra, Berriozar, Ñapurrak A, Ñapurrak B, 6 Conceyos, Abadiño, Sokarri, Baiona, Txantrea, Murueta eta Beti Gazte izango dira arituko diren taldeak. Jadanik jardunaldi bat jokatuta dago, eta bigarrenaren ostean lortzen dituzten puntuak batuta jakingo da zeintzuek lortuko duten finalerako txartela. Seik bakarrik izango dute txapelaren lehian aritzeko aukera, eta hamaika talde dira. Ia erdiak kanpoan geratuko dira. Jakina da, gaur ustekaberik gertatu ezean, Murueta, Beti Gazte edo Ñapurrak azkeneko jardunaldian izango direla. Zalantzan dauden horiek, berriz, dena egin ongi beharko dute gaur, bestela kanpoan geratuko dira. Saio oso polita izango den itxura dauka gaurkoak. Neskak Nesketan hiru talde besterik ez dira, eta hiru jardunaldiko ligaxka jokatzen ari dira. Ondorioz, hiru horietako puntuak batu eta gehien dituenak eramango du txapela etxera. Aurrenekoan Gaztedi gailendu zen, eta txapela lortzeko lehen urratsa egin zuen. Maila honetan lehia estua izaten da; hala izan zen 540koan, eta hura Badaiotzek irabazi zuen. Pisu txikian bizkaitarrek jo dute lehen kolpea, eta ikusi beharko da horri eusten dioten ala ez. Badaiotz sailkatu zen bigarren lehen jardunaldian, eta Ibarrak itxi zuen sailkapena. Ikusiko da oraingoan gauzak errepikatu edo sailkapena erabat aldatzen den.