GARA Euskal Herriko egunkaria
HAUR LITERATURA

Idazle deserosoa


Aurten Roald Dahl (1916-1990) galestar idazle handia jaio zela ehun urte betetzen direnean, orri hauetara ekarriz berreskuratuko dugu geuk ere. Aukera polita iruditzen zait umorez betetako liburu eder bati berriro heltzeko eta, aldi berean, dagokionari eskatzeko aspaldiko euskal edizio zaharkituak –batzuk akats ugari dituztenak– hurrengo edizioetan zuzentzeko. Liburu batzuk agortuta, beste zenbait eguneratzeko, badago lana argitaletxeren batek heldu nahi badio. “Sorginak”, “Matilda”, “Charlie eta txokolate lantegia”… hainbat liburu gogoangarriren artean zein aukeratuko, eta “Errima errebeldeak”-en alde egin dut. Berritzailea oso, 1982an idatzitakoa izan arren, oraindik lotsagabea eta zoroa, ironikoa eta desmitifikatzailea. Benetan ezagutzeko modukoa da Roald Dahlen umorea.

Amak txikitan Norvegiako ipuinak kontatzen zizkion, jatorriz herrialde hartakoak ziren eta. Agian horregatik, garai hartako idazle ingelesek baino mentalitate irekiagoa izateko balioko zion. Esan ohi da Dahlek Erresuma Batura eta haur literaturara umorea ulertzeko ikuspuntu berria ekarri zuela, ekarpen interesgarria. Dahlen umorea iraultzailea da, egoera eta izaera xelebreetan oinarritua.

“Errima errebeldeak” liburuan sei ipuin klasiko hartu eta bertsio barregarriak aurkezten dira. Haur guztiek ezagutzen dituzten “Mari Errauskin”, “Jon eta babatxo miragarria”, “Edurne Zuri eta zazpi ipotxak”, “Urre Kizkur eta hiru hartzak”, “Txanogorritxo eta otsoa” eta “Hiru txerritxoak” dira aukeratuak. Dahlek ipuin unibertsalei buelta eman zien, esajeratuz, errebelde bihurtuz. Prosa errimatua da egitura; azpimarratzekoa Joseba Santxoren itzulpen zorrotza, ahozkotasunaren kodeak bikain menperatzen dituela erakusten du. Horregatik esango nuke ipuin errimatu hauek ahozkoan gehiago goza daitezkeela.

Bitxia da zer tratu eman dioten liburuaren izenburuari; “Revolting rhymes” ingelesez, “errima nazkagarriak edo okagarriak”. Itzultzaileak askotan editore ere badira: karga eskatologikoa ezabatu eta izenburua leundu da, pentsatuz haurrak erakarri bai, baina helduak izanda liburuak erosten dituztenak, ba, izenburu irreberente horrek uxatuko lituzkeela. Horiek baino, argi dago irakurle-hartzailea haurra dela; horrela irakur daiteke “Mari Errauskin” ipuinaren lehenengo lerrotik: «Ipuin hau badakizu, buruz beharbada, / baina bertsio ona heavyagoa da! / Sasi bertsio hori, zuk entzun duzuna, / deskafeinatu zuten, ez zen hain biguna, / Usterik ipuinari jarriz bexamela / Haurrak esne-mamitan biziko zirela!».

Garbi agertzen da Dahlen asmoa: ipuina “okupatu”, desmuntatzeko; hautsi lehenik, berreraiki gero. Bestalde, idazle handi honen liburuak ia beti Quentin Blake ilustratzaileak marraztu ditu, ezinbesteko adiskidea Dahlen literatura ulertzeko. Itxuraz sinpleak, baina oso sotilak, marra azkar eta urduriak, haur batek marraztuko lituzkeenen antzekoak, zirriborroak bailiran, pertsonaien aurpegiek adierazkortasun handia lortuz. Dahlek haur bihotza zuen, alaia eta zoroa. Idatzi zituen liburu askok moden gainetik iraun dute. Egun, haurren konplizitatea lortzen du, irakurleak dibertitzen jarraituz. Mendeurrena aitzakia, etxeko eta biblioteketako apaletan bizi den idazle deseroso honi egingo dizkioten omenaldiak hastera doazenean, aukera dugu gaurko klasiko honen liburuetara itzultzeko; izan ere, horrela zioen C. S. Lewis idazleak haur literaturaren klasikoen gainean: «Hamar urterekin irakurketaren bitartez atseginez eta etekinez betetzen zaituen liburua berrogeita hamarrekin atsegin eta etekin handiagoz irakurtzen da».