GARA Euskal Herriko egunkaria
Entrevue
BEA SALABERRI
EUSKARA IRAKASLEA ETA IDAZLEA

«Jendearen biziari lotua bada, banalitateak ere badu lekurik literaturan»

Donamartirin jaio eta Baionan du bizilekua Bea Salaberrik. AEKko irakasle lanak euskalgintzaren inguruan hausnartzera akuilatu du, eta «Han eta hemen» blogean idazteak formatu laburrean eroso sentitzera eraman du. «Baionak ez daki» ipuin-bilduma da bere lehen liburua.


Badira urte batzuk «Han eta hemen» bloga idazten duzula. Goiburutzat «beti zer ikusi eta zer entzun, beti zer ikasi eta zer erran» du blogak. Badu zerikusirik «Baionak ez daki»-k biltzen duenarekin. Zein punturaino du bloga abiapuntutzat?

Bloga izan zen, beharbada, hainbat gauzari buruzko abiapuntua. Formatua bera hasteko, blog batean ezin baituzu kilometrikoki idatzi. Esaten zidaten ‘Bea, biziki interesgarria da baina luzea!’, eta laburtzen nuen, joaten nintzen kondentsatzen... Tematikaren aldetik ere badu lotunerik segur aski, baina ‘Baionak ez daki’-n nik nahi izan dut urrundu: bloga nire bizipen edo pentsamolde pertsonalei lotua da, eta liburua ezin zitekeen izan Bearen egunkari pertsonala. Hala ere, ‘Baionak ez daki’-n agertzen den pertsonaiak dituen kezkak anitzetan amankomunak dira blogean tratatzen direnekin; emazte izaerari edota gizarteak inposatzen ahal dituen egi moldeei lotuak direnak, ezinegon batzuk... eta gero plazerei tiraka aritzea ere bilatu dut. Normalki idaztera bultzatzen zaituena izaten da kritika sorrarazten dizun zerbait, jasanezina gertatzen zaizun gertakari bat. Blogak hortik du gehiago eta liburua gehiago jorratu nahi izan dut positibotik. Batzuetan nihaurrek, berriz irakurtzetik, ikusten nuen aski negatiboa geratzen zela eta negatibotasun horretan ez nintzela aitzinatzen, baina horri buru egitean begirada berria luzatu diet gauzei.

Biziki pozik geratu naiz idatzi dudanarekin, zeren atzeman bainuen atsegina, positiboa, eta iruditzen zait agertzen den ikusmoldea dela zinez bere burua hondatzen ez duen baiones batena eta badakiena pixka bat zulotik ateratzen. Hori zen asmoa behintzat.

Erdi gordean bada ere, baiones horren presentzia ipuin guztietan dago; bera da bildumari koherentzia ematen diona.

Hasieran testu solteak idazten hasi nintzen, baina behar duzu izan konfiantza handia zugan testu soil batzuen bilduma egiteko bakarrik, eta aski fite pentsatu nuen behar zuela bildumak ere batasun bat, behar zuela hari bat, zerbait koherentea. Titulua ez nuen oraino, baina banekien non kokatua zen, banekien ze pertsonaia mota zen, jakin nuen deskribatu nahi nuen pertsona horren bizia eta, orduan, banekien ze kolore eman nahi nion bildumari. Horrela abiatu nintzen selekzio baten egitera, gero osatzen joan, ikusi nuen batzuetan sobera positiboa zela eta orduan gauza batzuk ondu nituen... Orduan definitu zen baiones horren figura, pertsona bat nolabait hausturan dagoena hemengo bizimoldearekin edo, behintzat, kritikoa dena gizarte tradizional batek eman ahal dizkion edo inposatzen dizkion pentsamolde edo egiteko moldeekin. Pertsona honek horri itzulia eman eta beste era batera begiratzen du, zerbait baikorra bilatuz gauza guztiei: emazte bat zerbitzu sozialetara eramaten du eta segur aski emazte hori ez du inork salbatuko, baina bera, bai, ahalegindu da horren aldatzen. Eta gozatzen ditu baita ere bizitzako plazer txikiak; hau da, gauza potoloetatik urruntzen da eta zentratzen da gauza ttipiagoetan, hurbilagokoak.

Baikortasuna bilatu duzula aipatu duzu hainbatetan eta izenburua, aldiz, «Baionak ez daki», negatiboan eman diozu irakurleari.

Bai, hala da (barreak). Ez da bilduma autobiografikoa, baina nahi nuen tituluak azal zezan besteei kontatzen ez diogun hori, bizipen pertsonalak, amankomunak izan daitezkeenak hemengo jende ainitzen artean baina ez ditugunak baitezpada espresatzen. Ipuin guztietan bada ikuspegi subjektibo hori...

Eta Baiona aitatu nuen ni hemengoa naizelako, idazten dudalako ezagutzen dudan ingurumen batetik eta hainbat ipuin kokatuak direlako hemen, nire eguneroko giroan.

Autobiografikoa ez dela diozu, baina kontatzen diren zenbait kontu horiek bizi izan dituenak soilik deskriba ditzake zuk egiten duzun eran...

Ez da dudarik gauza batzuk oinarritzen direla nik ikusi edo entzun ditudanetan. Baditut pertsona batzuk inspirazio iturri handiak izan direnak niretzat; behatzen baduzu nire inguru hurbilera atzematen ditzakezu errazki zein diren. Eta gero, dudarik gabe, bizi izan ditudanak ere badaude, mandarina baten jatea, neska ttipi bat jostatzen ikustea... denei gertatzen zaizkigun gauzak. Baina autobiografikoa ez da, ni ez naiz beti horren baikor eta ekile (barreak).

Mandarina aipatu duzu. Zenbatek esan dizute ez zutela behin ere pentsatuko mandarina bat jatea horren ekintza poetikoa izan zitekeenik?

Erran didate halakorik, bai. Batzuek Proust-en madalenarekin konparatu dute... Poesia zuk ikusten duzuna da; batzuetan ni emozionatzen ahal naiz gauza ttipiekin; biziki subjektiboa da, eta nik uste gauza guztiei buruz hitz egin daitekeela horrela. Sentitzen duzuna hitzetara pasatze hutsa ainitz da, eta ariketa horretan aritu naiz, errutinaren apurtzea zekarren mandarinak sortzen duen plazer fisiko baina batez ere morala deskribatzen adibidez. Agian, zuk egunen batean idatziko duzu Baionako terraza batean behinola hartu zenuen tearen gozoaz...

Kontakizun askotan begia xehetasunetara eraman duzu. Ariketa hori berariaz egina da ala idazketak eraman zaitu?

Hastapenean kontrolatu dut xehetasunetara joatea baina, bitxia da, testuak aitzinatu arau ohartu naiz kontatzen dudanaren abiapuntua gertakari ttipi-ttipia dela, eta pentsatu izan dut: ‘merezi du hori kontatzea?’. Batek erran zuen banalitatearen kontaketak ba ote zuen lekurik literaturan; nik uste dut jendearen biziari lotua bada, baietz. Abiapuntua detailea bada ere, hasten zarelarik ongi begiratzen, transbertsalean agertzen dira beste gai batzuk. Lehen erraten genuena: baiones horren ezinegona inposatzen zaizkion eredu tradizionalekin, zer den on eta zer txar, nola portatu behar duzun.... Horiek agertzen dira eta, orduan, ipuinak detaile hori baino ainitz zabalagoak bilakatzen dira.

Ipuin horietako batean, gorgoina edo kolunpioan dabilen neskatilaz ari zara. Edo libertateaz. Edo haren antsiaz.

Ipuin hori berezia da. Ipuin hori da bakarra zeinetan pertsonaia egiatan identifikatua dagoen: Maika da, bost urteko neska ttipia, oraindik presio sozialetik aske bizi dena. Bilintxi-balantxa ibiltzen da, gogoa duen bezala, norbaitek deitzen badio nahi badu ez dio kasurik egiten... nolabait, libre da geroago segur aski ingurukoek jarriko dizkioten gauza batzuetaz.

Deskribatu nuen gorgoinarena, ematen duelako sentsazioa libertate horrena... ez dakit sentitzen denetz, zuk esaten badidazu sentitzen duzula, hainbat hobe! Ze, azken finean, zer bilatzen du baionesak? Bilatzen du hurbiltzea Maikaren egoera horretara, libre izatea bere pentsamenduaz, bere egitekoaz, bera izaiten. Zoriona xerkatzen du nonbait eta, ez da neska ttipi bilakatuko, baina ukaiten ahal du sentsazio hori mandarina bat jatean edo norbait laguntzen duenean. Egoera horietan ukaiten ahal duen sentsazioa biziki hurbil da Maika batek senti dezakeenarengandik.

Maikarena ez da erreferentzia zuzen bakarra. «Gasna»n, Itxaro Borda aipatzen duzu.

Hainbat testutan badira oihartzunak, ez identifikaturik ez baitira izendatuak, baina irakurri izan ditudan idazle batzuenak. Itxarorenean, gasnarena izan da... anitz gasna jateko zera horrek markatu ninduen, egin zuen erabilera hark.

Itxarok azken 30 urteetan alor ezberdinetan egin duen lana biziki handia da, ekarpen handia egin du eta badu formularen gaitasun handi bat: Itxarok idazten duelarik zerbait, batzuetan eragiten dizu ezadostasuna, baina ez nuke jakinen nola erantzun. Ideien antolatzeko gaitasun ikaragarria du.

Txikitasunetik handitasunera zoaz ipuin gehienetan, baina bada bat alderantzizko bidea egiten duena: ETAk su-etena iragarri zuen egunetik txipiroiak jan zenituela oroitzen duzu hobekien.

Bai, bai, efektu hori egin zidan egiazki; hori egia da. Biziki gogoan dut bilkura batean ginela Donostian agiriaz jakin genuenean. Ni ez nintzen hainbeste ohartu eguna zein historikoa zen; betidanik ezagutu dugu borroka armatuaren presentzia Euskal Herrian, iheslariak, hori dena, eta bat-batean ‘e, kasu, laster bukatuko da’ esaten dizu zer edo zerk. Ze atxikitzen duzu gogoan? Zerbaiten bukaera dela? Badakizu etorkizun bat hasten dela, gure haurrek ez dutela ezagutuko guk entzun edo ikusi duguna, baina berez ez dakizu. Badakizu dela kristoren aldaketa, baina ez duzu neurtzen ahal.

Gero, sartu ginen honat [Baionara] eta... guretzat zer aldatu da? Hemengo errealitatea biziki urrun da Donostiako errealitatetik. Errealitate administratiboa, politikoa, soziala... orduan, han ikusten duzu zer eragiten duen eta, Baionara sartzean, ez duzu hain argi. Hori islatu nahi nuen eta, bai, beti gogoratuko naiz egun hartan txipiroiak jan nituela, egia da hori.

Azkenik, zure esaldi bat: «Zoriona derrigorrik, urgentziarik, obligaziorik ez ukaitea da, denboraz batere arrangurarik ukan gabe bizi ahal izatea, laburki bada ere. Zenbat kostatzen zaigu xehetasun horien handitasunaz jabetzea?

Anitz, bai. Zoriona libre izatea da azkenean. Zoriona ez da emozio indartsua, egunerokotasunean momentu batean ez duzula problemarik eta dena baldin badoa aurreikusia den bezala, arrazoi guztiak dituzu pozik egoteko. Baina kostatzen zaigu, zeren estimulatuak gara ukaiteko beti gehiago, beti hobetu, lan gehiago, diru gehiago, lorpen gehiago... Beti behar dugu zerbait gehiago. Hori sortzen digu gizarte honek. Uste dut gure gurasoak ez direla optika horretan. Kontent dira dutenarekin, nahiko lukete pixka bat gehiago baina, galdetzen badiezu ‘eta malerus zira?’, ezetz esango dizute segur.

Gero, egia da ere bizia laburra dela eta ahal bezainbat egin nahi dugula denbora gutxian. Eta egia da baita ere beti azpimarratzen dugula ez doana: gai zerrendetan beti dira nagusi hobetzeko ditugunak, sekula ez dugu erraten ‘ongi egin dugu hau eta hau’. Ez dugu esaten ‘ados, beste guztia hobetzeko dago agian, baina lortu dugu hau’. Eta gure bizimoldea frustragarria da. Horrela ari gara, azpimarratzen falta dena, eskas dena... Beti ari gara negatibotik.

 

«Baionan, errugbia beste edozein gairen gainetik pasatzen da; ez da hori gertatzen kulturarekin»

Ipuinetariko batek, hemen inguruan, Baiona Ttipian, dagoen Marengo kalera garamatza. Han dago gure protagonista, gaua sartua dela, eta bi bide ditu aukeran. Horietako batek «ostatu frantsesetara» darama. Badirudi bi Baiona dituela aurrez aurre, edo Baiona bitan zatitua dela.

Gizarte bat baino gehiago dago Baionan. Auzo bakoitzak badu errealitate kultural bat. Baiona Ttipia berez da auzo popular bat, euskaldun gehien biltzen dituena; badaude auzo burgesak ere, popularizatzen ari direnak... Baina nire burua identifikatzen dudalarik euskaldun gisa, berez kontrajartzen dut frantses ‘zera’-rekin. Baiona Ttipia mikrokosmos bat da; badituzu lau karrika eta hor daude ‘Berria’, Elkar, AEK... denak hor gara, denek dakite dena, eta momentu batean beharra ere baduzu hortik alde egiteko. Nik frantses giroa aipatzen dut gure betiko laburpenetan euskaldunak eta frantsesak garelako, baina beste errealitate horiek ere hor daude.

Eta nolako elkarbizitza dute horiek?

Nik uste berez hor garela denak eta anitzetan paraleloan bizi garela, komunitate bakoitza bere ezaugarri propioak baitu definitzen. Izan zaitezke ere komunitate batekoa baino gehiagotakoa; hor dituzu homosexualek dituzten elkarte guztiak, baduzu jende bat mugitzen dena anitz gauza kulturalen inguruan, beste batzuk kirolean... Komunitate horietan, jende berdinek elkar pentsatzen dute. Eta gero talka egiten dugu ere. Euskaldun gisa, egia da badela enfrentamentua hizkuntzarena, baina bada ere kulturarena. Kirolean, adibidez, ikusten duzu jendea nola identifikatzen den errugbi talde batekin, horrek sortzen duen dinamika, errugbi kontuak nola pasatzen diren beste edozein gairen gainetik... Eta, gero, bizimolde eta erreferentzia kulturalen alorrean, zuk antolatzen duzu zerbait euskal kulturaren mailakoa eta haiek [frantses hiztunak] ez dira sekula hurbilduko; ez da bakarrik hizkuntzaren traba, musika festibala izanda ere ez dira baitezpada hurbilduko. Beraz, batzuetan gurutzatzen gara eta bestetan talka egiten dugu, inoiz apur bat zabaldu ere egiten gara baina... beti ezin da militantziaz aritu. Euskaldun gutxi gara.A.A.