GARA Euskal Herriko egunkaria
DRYTOOLING

Muturreko «dry» estiloak erakustaldi latzakutzi berri ditu

Tom Ballard «A line above the sky» bidearekin egin da. Britainiarraren ustez D15/- izan daiteke; beraz, munduko biderik gogorrena litzateke. Marianne Van der Steenek, berriz, D13+ zailtasuna flashean igo du.


Irakurle batek baino gehiagok onartu digu oraindik nolabait nahastuta dagoela drytooling espezialitatearekin. Hamarkada batzuk igaro dira eskalada espezialitate hori sortu zela, eta azken urteotan bere izena misto deportiboarekin (M) gehiago ezagutu dugu. Espezialitate horretan eskalatzaileak arrokazko zein izotzezko sekzioak gainditzen ditu. Azken urteotan, berriz, izotza alboratu eta soilik arrokan eskalatzen dute espezialista batzuek; jakina, kranpoiekin eta pioletekin lagunduta. Eta egiten diren eskaladei M ordez D graduazioa jartzen zaie.

Izotzean zein mistoan jarduten duten makina bat eskalatzailek espezialitate hori entrenamendu gisa hartu dute, baina, jakina, izan duen eboluzioari esker, bide batzuk erronka bihurtu dira. Muturreko xedeak, alegia.

Lerrootara pare bat albiste dakarzkizuegu. Biak ala biak labetik atera berri dira. Lehena Tom Ballardek sinatu du. Britainiarrak D15/- graduko proposamen bat egin du. Marianne Van der Steen, berriz, gai izan da D13+ zailtasuneko bide bat flash eran igotzeko.

Muturrekoa

Ballardi dagokionez, aipatu behar dugu denbora asko daramala Dolomitetako Passo Fedaiaren inguruan den Tomorrow´s World izeneko koban dry estiloan eskalatzen. Iazko udan, adibidez, 50 metro luze den sabaian hainbat bide sortu zituen; gogorrena, “Je ne sasi quoi” (D14/+) izan zen.

Pasa den urtarrilean, bestalde, sektore hori berriro bisitatzeko aukera izan zuen. Aipatu dugun azken bide hori kateatu ondoren, britainiarrak “French connection” marra kateatu zuen. Hori urtarrilaren 27an izan zen, eta eskalatu zuen bidearentzat D15- zailtasuna proposatu zuen. Ballardek adierazi du eskalada horretan ez zuela yanirorik erabili. Gogoratu behar dugu ere, gradu horretako beste proposamen bat zegoela: Young-Hye Kwon korearrak “Black eagle” bidearekin egin zuena. Lau egun geroago, britainiarrak beste urrats bat egin zuen; izan ere, “A line above the sky” bidearekin egin zen. Harentzat D15/- zailtasuna proposatu du; hots, munduko proposamen gogorrena.

Bitartean, Marianne Van der Steenek Italiako Bus de Quian sektorean “Kamasutra” bidea (D13+) flash eran poltsikora eraman berri du: «Angelika Rainer lagunak bidearen nondik norakoak azaldu zizkidan, eta, haren aholkuei esker, katera heldu nintzen. Ezustekoa izan zen! Esan didatenez, flash eran D13+ egiten den lehen aldia da».