10 FéV. 2016 GUTUNAK Karmele Barañainera itzuliko da AMELIA ALBIZU ETA ITZIAR URRA Karmele Gogoan Herri Ekimena Hamaika urte pasatu dira jada zorigaiztoko bidaia horretatik, sakabanaketa politikak Karmele erail zuenetik. Eta 11 urte hauetan gure herrian hamaika gertakizun egon diren arren, ez da aitorpenerako tarterik izan. Gertatutakoak zauri sakona utzi zuen senide, lagun zein herritarrengan. Eta zauri horri odola borborka dario oraindik. Karmele ez da berriro gure artean izango. Ezingo dugu bere ahotsa entzun, ezta bere irribarreaz gozatu ere. Heriotzak ez du atzera bueltarik. Pertsona batek uzten duen hutsunea ezin da ordezkatu. Baina badakigu herri honetan irekitako zauriaren sakontasuna ez dela pertsonak utzitako hutsunearengatik soilik. Karmeleren heriotza auto istripu bat bakarrik izan ez zen bezala. Karmele eta Jose Luis mendeku politika baten ondorioz zeuden errepide horretan eta horren aitorpena da zauria sendatzeko merkromina. Memoria eta aitorpena dira botika. 11 urteotan ekimen ugari egin dira Barañainen Karmeleri gertatua ahatz ez dadin, memoriaren liburuan idatzia gera dadin. Baina oztopo ugari izan da eta Karmele gure herriko kaleetatik ezabatzen saiatu dira behin eta berriz. Baina bihotzetatik ezabatzen ez dena nekez desagerraraz daiteke, eta pankartak, kartelak, zuhaitzak, oroigarriak suntsitzen saiatu diren arren, oroimenaren magiak kaleetara itzuli ditu. 11 urte, hamaika ekimen. Memoriaren bidean ale txiki bezain handiak. Gertatutakoaren aldarria, ordea, ezin da soilik Barañaingo kaleetan geratu, ezin da oroigarria kendu-jarri gerra batean geratu, herri honen kontakizunaren parte izan behar du eta horretarako urrats berriak egitea ezinbestekoa da. Bidea ibiliaz egiten da eta memoria zein aitorpenaren bide horretan urrats berri bat egitera goaz datorren otsailaren 18an. Behingoz, Karmelek merezi duen omenaldia izango du Barañainen. 11 urteren ostean, Karmele Barañainera itzuliko da. Eta oraingoan, geratzeko. Gertatutako guztiak bere lekua izango du Barañainen eta hurrengo belaunaldiek herri honek bizi duen gatazkaren ondorioz hil zen Karmeleri gertatutakoa ezagutuko dute. Hori da Karmeleri egin diezaiokegun omenaldirik onena. Karmele, Ekain, Jose Luis, merezi duzue; herri honek memoria, egia eta aitorpena zor dizkizue. Otsailaren 18an, 19:00etan, Barañaingo Auditoriumean elkar ikusiko dugu!