GARA Euskal Herriko egunkaria
ANTZERKIA

Gure amen ikasbidea


Andres Sopeñaren liburuan oinarritzen den “El Florido Pensil” Tanttakaren arrakastarik handienetakoa izan zen bere gizonezkoen bertsioan. Hura ikusi ez nuenez, ez daukat konparatzerik baina, edozelan ere, esan beharra daukat emakumezkoen aldaera hau lan borobila dela.

Teatro makineriarik onena martxan jarriaz, eskola frankistara garamatza obrak. Erritmoa bizi-bizia da eta aktoreek koru lan aparta be tetzen dute, bide batez pertsonaiaz eta erregistroez iaiotasun itzelez aldatuz. Dinamikotasun izugarriko eszenak lortzen dituzte, zuzendaritza lan handia agerian utziaz eta publikoari ikuskizun zoragarria eskainiz.

Miresgarria da, besteak beste, nola uztartzen dituen obrak hezkuntza sistem a haren oinarri patriarkal eta zapaltzaileen testigantza eta belaunaldi baten haurtzaroaren kontaketa xamurra, umoretsua eta nostalgiaz beterikoa.

Gainera, bitxia dirudien arren, ez zaio gaurkotasunik batere falta. Aktoreek berek iradokitzen duten moduan, hezkuntza patriarkal horretan du jatorria hein handi batean egungo gizarteak oraindik pairatu behar duen indarkeria matxista.

Are gehiago, antzezlanak erakusten duen eraikuntza ideologikoa da gaur egun estatu osoan gotortu dena eta, irakaslearen erregela erabili beharrean, “sentimendu erlijiosoen kontrako delitu” delakoa baliatzen duena disidentzia oro isilarazteko, direla arte erakusketak, direla olerkiak direla manifestazio baketsuak.