27 FéV. 2016 poesía Bizitza desosegu Estibalitz EZKERRA Ukitu existentzialista darie Goizalde Landabasoren “Babeserako kopia” liburuko poemei. Munduan zein gorputz barruan arrotz, tokiz kanpo, babes gabe, bakarrik, hauskor, iragankor izatearen kontzientziatik idatzita daude poemok. Mendebaldeko gizaki modernoaren kondiziotik, alegia. Giambattista Vicok esango luke jainkoek gizakion mundua utzi izanaren ondorio dela inguratzen duen errealitate materiala, gorputza bera barne, bere izatearekin adiskidetzeko gizakiak duen zailtasuna. Bere eskuekin sortu ez duen horren arrazoia bilatu eta aurkitu ezinak eragiten dio izu-laborria. Vicoren ostean hainbatek heldu diote gai berari, hots, krisi existentzialari giza kondizioaren ezaugarri gisa. Landabasoren poemak eskala “txikiagoan” mugitzen dira, ni-tik mintzatzeari hala deitzerik badago, eta zentzu horretan izatearen nekeak modu zintzo, zuzen eta gertukoan azaltzen dituzte. Hiru ataletan antolaturik daude poemok. Lehenengoan, “Izan”, nagusi da izatearen gaineko gogoeta eta kezka. Nork bere burua aurkitzearen saioa, bizitza bera, simulakro gisa azaltzen zaizkigu (“Ari naizela”), biak ala biak ariketa antzuak diren aldetik; batek bere burua aurkitzea posible balu ere bizitza finitua da. Berdin du mundua toki itsusia bada, gureak ez diren begiradentzako bereziki krudela (“Besteak”). Batek itxurak egin behar ditu zoriontsu izatearren. Poeta kontziente da horretaz: «Egun dirdaitsuenean ere / hotz egiten du / ikusten ez bada ere / munstro bat bizi da urpean / eta zu / hala ere / pozik bizi zara» (“Poztasuna”). Hala ere, poeta ez dago amore emateko prest. Irakurlea etengabe itauntzen du eta ariketa horretan komunikazioaren beharra azaltzen du poemaren komunikaziorako ahalmenaz baliatzean den aldi berean: «Desorduetan esna dagoen beste norbaitek pentsa al du / mundua handiegia dela, bakardadea gordinegia, eta poema / bat izan litekeela geratzen zaigun itxaropen bakarra?» (“Jakin mina”). Azken batean, komunikazio ariketa da “Babeserako kopia”, norberaren beldurren aitorpenetik abiatuta zu/bestearengana heltzeko asmoz. «Oin handiak ditut gorputzar honi eusteko / eta hala ere, maiz, / berauek ere ezin diote bizitzari eutsi», esaten zaigu “Beldur zerrenda I” poeman. Gorputzaren materialtasuna ez da adimenari sos(t)e(n)gu emateko nahikoa, materia orok bere mugak dituelako. Aitorpena dator jarraian: «Bakarrik egoten ohitu naiz baina lantzean behin / etxea zeharkatzen dut / konpainia egingo didan marmaloren baten bila». Existentziaren bakardadetik ihes egiteko modua da beste (g)izaki baten konpainia bilatzea. Bestela izan ohi bada ere, marmaloaren presentzia ongi etorria da hemen gizaki eta ez-gizakiek konpartitzen duten izakitasuna heldulekutzat hartuta. Bigarren atalean, “Odola”, nabarmenagoa da zu/bestearengana heltzeko premia. Kasu honetan, sexuak eta maitasunak eskaintzen duten zu/bestearekiko elkartze intimoa azaltzen zaigu (“Banpiroak gara”, “Sekuentziak I”, “Sekuentzia II”, “Sekuentziak III”, “Sekuentziak IV”) barne bakardadearen konponbide gisa. Hirugarren eta azken atalean, “Denbora”, existentziaren kezka indartsu ageri da berriz, oraingoan memoriaren gaiari helduta. Beldurra nagusitzen da, maitasunak berak ere ezin baitu ahanztura gainditu: «Ahanzturaren beldur naiz / dena xehakatu dezakeelako. / Baita zu ere. / Eta zurekin / neu» (“Galerak III”). Memoria ez baita perfektua ezta amaigabea ere (“Memoriaren mugak”), eta iraganaren aztarnak geratu ala ez, haiek ulertzeko gai izango ote garen ez da kontu ziurra. Akaso babeserako kopia egin beharko dugu, desosegua sortzen digun bizitza honetaz gogoratzeko» (“Inoiz”).