29 FéV. 2016 Surfa Aikau eta Little oroimenean:Florence gaztea nagusi Waimean Zazpi urteren ostean, olatu handietako munduko txapelketa ospetsuena egin ahal izan da, The Quiksilver in memory of Eddie Aikau, eta zendu berri den Brock Littlek ongi merezitako omenaldia jaso ahal izan du. John John Florence gazteak irabazi zuen txapelketa. Haritz LARRAÑAGA ALTUNA Donostia 1985etik bederatzi bider soilik egin ahal izan da Eddie Aikauren omenezko txapelketa, eta oraindik ere olatu handietako surflarien artean ospe handiena duena izaten jarraitzen du. Azken urteetan ez da behar bezalako itsaskirik izan. 2009an egin zuten Waimeako txapelketa famatua azkenengoz, eta ordutik, txapelketa egiteko beste bi saialdi ere izan dira, lehena 2011. urtean eta bestea aurten bertan, otsail hasieran. Bi kasu hauetan lehiakideak Waimeara gerturatu baziren ere, azken unean itsaskiek ez zuten behar adinako olaturik sortu eta txapelketak bertan behera geratu ziren. Aurtengo saialdia bereziki etsigarria izan zen; izan ere, Waimeako lehiaketa honen historian itzal handia izan duen surflari bati adio esateko modu ezin hobea izango zatekeen. Hala ere, oraindik bizirik zegoen Brock Little olatu handietako surflari mitikoari agur esateko parada ezin hobea izan zen. Brock Little joan da eta azken hamarkadan izan den itsaskirik handiena bidali du Oahuko kostaldera. Eddie Aikauren oroimenez egiten den txapelketa haren omenez egin dute aurtengoan eta lehiakideek, beste behin ere, duten onena eman dute munduko olatu zailenetako bat menderatu nahian. Brock Little gogoan Brock Little Waimeako surflari onenetako bat izandakoa otsailaren 18an hil zen, 48 urterekin. Txapelketa honetan parte hartzera gonbidatuta zegoen surflari ezagunak orain hilabete eman zuen aditzera minbiziaren kontra eta bizitzaren alde borrokan ari zela eta, ondorioz, ezin izango zuela txapelketan parte hartu. Hala ere, ikusle gisa han izango zela iragarri zuen eta surflari asko hari azken agurra ematera gerturatu ziren. Littlek, beraz, otsailaren 10ean Waimean bildu ziren lehiakideekin egoteko aukera izan zuen, baina ezin izan zuen aurtengo txapelketa ikusi; izan ere, lehen saialdi hori bertan behera geratu zen, olatuak ez zirelako behar bezain handiak, eta azkenean bera hil eta egun gutxira sartu zen txapelketa egiteko aukera eskaini zuen eta historiara pasatuko den itsaskia. Gauzak horrela, aurtengo txapelketa, 2015/2016 Quiksilver in memory of Eddie Aikau, lehiaketari izena ematen dion Eddie Aikau surflaria oroitzeko eta Brock Little omentzeko ekitaldi ezin hobea bilakatu zen, eta horregatik izan zen azken urteetan izan den txapelketa hunkigarrienetako bat. Brock Little nor zen eta Waimeako txapelketan halako itzala zergatik izan zuen ulertzeko bere ibilbidearen berri izan behar da eta horrek aparteko artikulua eskatzen du. Arrazoi horregatik datorren astean berari buruzko artikulu berezi bat argitaratuko dugu. Txapelketa ikusgarria Waimeako txapelketa berezi egiten duten ezaugarriak asko dira. Olatu handietako surflarientzat, nolabait, “zentzu espirituala” duela esan daiteke. Olatu handietako surfaren hastapenetan berebiziko garrantzia izan duen urautsia da, Waimeakoa menderatzen oso zaila den olatu mota da. Olatu zinez handiak daudenean bakarrik egiten da txapelketa, eta txapelketa egiteko arauak ere ez dira ohikoak. Txapelketa egin ahal izateko epea abenduaren 1ean hasten da hawaiiarren erritu batekin, eta otsaileko azken egunean amaitzen da. Aurten, beraz, ozta-ozta egin ahal izan da txapelketa. 28 gonbidatuk hartzen dute parte (aurtengoan ez da europarrik izan) bi txandatan; beraz, txapelketa egun bakar batean egiten da. Lehiakideak bi bider itsasoratzen dira, zazpi kidez osatutako bi txandatan eta, horren ostean, ordubeteko tartean puntu gehien bildu dituen lehiakideak irabazten du txapela. Epaileek lehiakide bakoitzaren lau olatu hoberenak hartzen dituzte kontuan, baina oso gutxi dira hiru olatu baino gehiago hartzera iristen diren surflariak, olatu handietako surfean, urautsian ongi kokatua izatea eta patxadaz momentu egokiari itxarotea ezinbesteko arau baitira, baldin eta olatu garaienak etortzen diren unean azpian atzeman gaitzaten nahi ez badugu behintzat. John John Florence Otsailaren 25ean jokatu zen Waimeako txapelketa eta John John Florence hawaiiarrak eskuratu zuen edozein surflarik irabazi nahiko lukeen txapela. Hori, eta 75.000 dolarreko saria, noski. Waimeako txapelketan ez du edonork parte hartzen, gonbidapena jasotzen duten surflariak soilik itsasoratu daitezke, eta noski, ez dute edonor gonbidatzen; olatu handietan esperientzia handia duten surflariak bakarrik izaten dira lehiaketan. Gauzak horrela, lehiakide guztiek eman zuten sekulako ikuskizuna, jaitsiera bikainak eta erorketa ikusgarriak ikusi ahal izan ziren, baina azkenean Bertako John John Florence gaztea atera zen garaile. Bere atzetik Ross Clarke-Jones geratu zen, 50 urteko surflari mitikoa. Hirugarren postua Shane Dorian hawaiiarrarentzat izan zen, eta laugarren postua, berriz, Jamie Mitchell australiarrarentzat. Clyde Aikau Ongi merezitako txalo zaparrada handienetako bat jaso zuen lehiakidea Clyde Aikau izan zen. Clyde Eddie Aikau zenaren anaia gazteena da eta 1984. urtean berak irabazi zuen Waimeako txapelketa ospetsua. Aurten 66 urterekin itsasoratu da. Lehen olatuan erori egin zen eta apargunetik ateratzeko laguntza jaso zuen, baina segituan itzuli zen urautsira eta pare bat olatu hartu zituen. Aurtengoa parte hartzen duen azken aldia izango dela iragarri zuen hunkituta eta ikusleek txalo bero bat eskaini zioten. BROCK LITTLEAzken hamar urteotako itsaskirik handiena izan da Oahuko kostaldean. Eddie Aikauren oroimenez egiten den txapelketa Brock Little omentzeko txapelketa izan da aurten. CLYDE AIKAUAurten, 66 urterekin itsasoratu da. Lehen olatuan erori egin zen eta apargunetik ateratzeko laguntza jaso zuen, baina segituan urautsira itzuli eta olatu bat hartu zuen.