29 FéV. 2016 PATAGONIA Cerro Torrekohego-ekialdeko ertzak igoera libre bat jaso du Otsailaren 4tik 6ra, Andrew Rothner, Mikey Schaefer eta Josh Wharton estatubatuarrak «Compresor» bidea era askean eskalatzen bigarrenak izan dira. Sokakide guztiek ala guztiek luze zailena (8a) kateatu zuten. Andoni ARABAOLAZA Patagoniako ohiko denboraldia amaitutzat eman dezakegun honetan, oraindik berri bikainak jasotzen ari gara. Nahiz eta ez den bide berri bat edo lehen igoera bat, multzo horretatik bat aukeratu nahi dugu. Cerro Torreko hego-ekialdeko edo “Compresor” bidean egin da, eta protagonistak Andrew Rothner, Mikey Schaefer eta Josh Wharton dira. Bada, hirukote estatubatuar horrek aipatutako marra horretan era askean sinatutako bigarren igoera erdietsi du. Ziur aski irakurle askok gogoan izango du bide mitiko horrek pasarte gorabeheratsu ugari izan dituela. Makina bat igoera izan ditu, baina, eskaladaren eboluzioarekin batera, helburu nagusia era librean eskalatzea izan da. Eta hori lortu zutenak David Lama eta Peter Ortner izan ziren. Orain dela lau urte gertatu zen ekarpen historiko hori, eta, aurreratu dugun bezala, bigarren igoera askea hil honen hasieran izan da. Aipatu dugu protagonista horietako bat Wharton izan dela. Eta, hain zuzen ere, uste dugu eskalatzaile zein alpinista honek merezi duela aitorpen berezi bat. Ertz hori ondo baino hobeto ezagutzen du, eta Zack Smith kidearekin batera “lehena” izan zen Cesari Maestrik jarritako iltzeak erabili gabe benetako lehen saioa egiten. Eta horregatik diogu aitorpen hori behar duela. Saio ederra izan zen, baina, azken 120 metro zailenak eskalatzeko falta zirela, Smith eta Whartonek Maestriren iltzeak baliatuta egin zuten gailurra; izan ere, eguraldiak okerrera egin zuen. Handik bederatzi urtera, Wharton gai izan da arantza hori gainetik kentzeko; betiere, Maestriren iltze horiei muzin eginez. Bide batez, gogora dezagun Maestriren iltzeak dagoeneko ez direla bere lekuan, duela lau urte Hayden Kennedyk eta Jason Krukek kendu egin baitzituzten. Sokada hori lehena izan zen iltze horiek gabe hego-ekialdeko ertza eskalatzen, baina ez zuten marra guztia era askean igotzeko aukerarik izan. Ordutik, estilo horretan egindako igoerei “estilo ona” izendapena jarri zitzaien. Cerro Torreko hego-ekialdeko ertzaren bide “berriak” pare bat urte igaro ditu igoerarik ezagutu gabe. Baina, aurtengo denboraldian, gutxienez, beste lau igoera izan ditu; horietako bat era librean. Jarduera hau egin ahal izateko, Whatonek bi lagun “fitxatu” zituen: Patagoniako erpinetan eskarmentu handia duen Schaefer beteranoa eta gai hauetan hasiberria den Rothner. Bitxia bada ere, hasiberriaren lehen bide alpinoa zen eta marraren luze zailena (8a) sokaburu bezala bigarren saioan poltsikoratu zuen. Whartonek, berriz, soka gainetik flashean igo zuen, eta Schaeferrek bigarren ekinaldian kateatu zuen, berak ere soka gainetik. Harrigarria, beraz, Rothner ezezagunak eginiko lana. Schaeferrek adierazi duenez, Patagonian bertan izan zuen haren berri: «Torreko haranera eginiko paseo batean ezagutu genuen elkar. Eta uste dut oraindik ezagutzeko nagoela. Gaitasun handiko eskalatzailea da, batez ere blokean. Baina bere jarduerak isilean mantentzen ditu. Joshek esan zidan talentu handikoa dela, eta, pareta alpinoetan eskarmenturik ez bazuen ere, uste zuela entrenamenduarekin gure eskaladarako oso aproposa izango zela. Joshen apustua zenez, nik onartu egin nuen». Eraginkorrak Hirukoteak argi zeukan zein zen xede nagusia: hego-ekialdeko ertza era askean igo. Eta protagonistek argi eta garbi utzi dute asmo horri ez ziotela beldurrik: «Estilo onean eskalada hori egin duten gure lagunek aitortu ziguten ez zela muturrekoa. Soilik pareta baldintza egokietan egotea eta eguraldi ona izatea behar genuen. Joshek eskaladaren zati handi batean sokaburu egin zuen. Oso indartsua da, eta, gainera, azkarra». Whartonek batez ere bidearen zati gehienak ezagutzen zituenez, eskaladaren erritmoa oso egokia izan zen. Baina jakin bazekiten Lamak eta Ortnerrek zabaldutako aldaera gogorra (marraren giltza, alegia) zain zutela: «Hara iritsi bezain laster, atseden pixka bat hartu genuen. Orduan, Andrew sokaburu jarri zen, eta Patagonian lehen aldiz egiten zuen luze gogor bati ekin zion. Ikaragarria izan zen! Lehen saioan erori egin zen; ia- ia bistan atera zuen. Mugimendu hori ondo aztertu ondoren, bilerara jaitsi zen. Eta bigarren ekinaldian luze hori patrikara eraman zuen. Ondoren, Joshen txanda izan zen, eta oso azkar atera zuen. Eta nik ere bigarren saioan kateatu nuen». Jarraian, bidearen giltzaren korapiloa askatu ondoren, beste pare bat luze egin zituzten eta gauarekin batera bibaka antolatu zuten. Biharamunean, Whartonek marraren goialdera daramaten sekzioak sokaburu egin zituen. Gailurrera iristeko gainditu behar diren elur perretxikoak, aldiz, Rothnerren esku utzi zuten. Lehen aldia zuen izaera horretako sekzioak eskalatzen, eta bere kideek “opari” gisa eman zioten. Hego-ekialdeko ertzak duen headwall edo bidearen zati gogorrenari buruz, protagonistek adierazi dute ez zitzaiela hain gogorra iruditu: «David Lamak lehen igoera librea egin zuenean, aipatu zuen luze gogorrenean blokeko pauso gogorrak zeudela. Guk arma sekretu bat generaman: Andrew. Boulderrean espezialista bikaina da. Baina, hala ere, luze horretan ondo baino hobeto eskalatu behar duzu, mugimendu teknikoak baititu. Eta estilo horretan Joshek eta nik neuk eskarmentua badugu. Headwall horretako luzeek gogora ekarri zidaten Yosemiteko Middle Cathedralekoak. Guk sekzio horren bigarren luzeari benetako garrantzia eman genion; ez zen eskalada zaila, baina bai, aldiz, arriskutsua. Bestalde, gure eskaladan nolabaiteko abantaila izan genuen; izan ere, aurretik zeuden beste eskalatzaile batzuek hainbat helduleku magnesioarekin utzi zituzten. Eta, jakina, hori bide zuzena eramateko informazio oso baliotsua izan zen. Hori bai, onartzen dut headwall horretan eskalatzea harrigarria dela; toki paregabea da!». Hirukote estatubatuarrak izan duen arrakastaren inguruan ere hitz egin du: «Andrewek ez, baina Joshek eta biok Patagoniako erpinetan eskarmentu luzea dugu. Jakin bagenekien zer egin behar genuen. Horrela bada, geure helburua erritmo egokia eramatea zen. Azkarregi ez, ze horrek asko nekatzen du. Eraginkortasunaren aldeko apustua egin genuen, eta horretarako luze zailenetara fresko iritsi behar ginen. Nire kasuan, bide horretan lehen aldia nuen. Joshek, berriz, bi saio on egin ditu. Jakina, bide horren inguruan informazio gehigarria jaso genuen, eta David Lamaren pelikula ikusi dugu. Hori esanda, iruditzen zaigu duela lau urte Lamak ‘Compresor’ bidean lortutakoa ikaragarria izan zela. Eskalatzaile askok pentsatzen zuten marra hori era askean igotzea ezinezkoa izango zela edo oso-oso muturrekoa. Eta Davidek erakutsi zuen perspektiba eta bere buruarengan izan zuen konfiantza txalotzeko modukoa da. Hots, jarrera txalogarria da. Guk ere, geure xedea lortu dugu». EZEZAGUNA Azpimarratzeko modukoa da Rothnerrek eginiko lana, pareta alpinoetan lehen aldia izan baitzuen. Bere bi kideek, berriz, Patagoniako erpinetan eskarmentu handia dute. 2012. URTEA Urte horretan, David Lamak eta Peter Ortnerrek marraren lehen igoera askea lortu zuten. Estatubatuarrek txalotu egin dute Lamak ekarpen horretan izan zuen jarrera. BIGARRENAK Andrew Rothner, Mikey Schaefer eta Josh Wharton estatubatuarrek Cerro Torreko hego-ekialdeko ertzaren bigarren igoera askea erdietsi berri dute. KATEATU Bidearen luze zailena (8a) Rothnerrek bigarren saioan egin zuen; hori bai, sokaburu. Whartonek, berriz, soka gainetik flashean egin zuen. Eta Schaeferrek ere soka gainetik, bigarren ekinaldian.