03 MAR. 2016 Hazparneko Hazketa hondakindegia ekainaren 1ean itxiko du Bil ta Garbik Hazpandarrek aspaldi espero zuten berria baieztatu zuen atzo Bil ta Garbik: Hazketa erabat itxiko da. Bertakoen hondakinak Baionako tratamendu gunera eraman aurretiko bilketa soilik egingo da bertan. Bi lurperatze gune geratuko dira Ipar Euskal Herrian. Dernière mise à jour : 03 MAR. 2016 - 06:45h Arantxa MANTEROLA BAIONA «Plazer handiz» iragarri zuen atzo Martine Bisautak Hazketa arriskurik gabeko etxe-hondakinak lurperatzeko eremua erabat itxiko dutela ekainaren 1ean, Estatuak onartutako ustiapen epea mugara heltzen den egun berean. Berez itxiera urtebete lehenago egingo zutela agindu bazuten ere, nahiago izan dute alternatibak sakonean aztertu eta lantzea, «gerora sor zitezkeen arazoak ekidite aldera. Baldintza guztiak bete direnean hartu dugu deliberoa», esan zuen Bil ta Garbiko buruak. Hondakinak gutxitu eta balioztatzean datzan beren politika legerian berrikitan ezarritako aldaketa garrantzitsuak eta hobekuntza teknologikoen batuketak ahalbidetu dute Hazparneko hondakindegiaren itxiera. «Aurrerantzean Hazparnealdeko hondakinak Baionako Canopia gunera tokialdatzeko aurretiko bilketa soilik egingo da Hazketan», gaineratu zuen Bisautak. Aipatu ixtea behar den bezala egiteko, eremua berreskuratzeko eta 30 urteko behaketa bermatzeko dagoeneko 5.300.000 euro baztertuak ditu Bil ta Garbik. Errefusa erregai gisa Hondakinak balioztatzeko aukera berriak sortu izanak zerikusia izan du erabakian. Izan ere, abuztuko lege aldaketari esker errefusaren zati bat erregai gisa erabiltzen ahal da Estatu frantsesean, «nahiz eta oraindik gutxik egiten duten». Bil ta Garbik jada urte hasieratik Zaragozara, Lizarrara eta Landetara eramaten ditu, zementu fabrika edo papergintzako enpresetara. Geratzen den azken errefus zatia (biltzen dituen 40.000 tonen %30 orain, %15 2017an) Mendixkako gunean eta Senpereko Ziloaga II-n lurperatuko dira. «2017an Hego Lapurdiko Bizi Garbian dauden 9 herrietako hondakinak Bil ta Garbik tratatuko dituenez, Ziluagan egun baino askoz gutxiago lurperatuko da», argitu zuen Bisautak.