14 MAR. 2016 ITSASOA Greg Long: BWWT 2015/2016 itzuliko txapelduna Amaitu da olatu handien 2015/2016 sasoia eta Greg Long kaliforniarrak eskuratu du munduko titulua. Gurean, ez da mundu txapelketarik izan Galea puntan, antolatzaileen esanetan behar bezalako baldintzarik izan ez delako. Haritz LARRAÑAGA ALTUNA DONOSTIA Greg Long izan da 2015/2016 BWWT (Big Wave World Tour) itzuliko txapelduna. Aurten guztira hiru txapelketa egin ahal izan dira eta kaliforniarrak soilik bitan hartu du parte. Ez du lehen posturik lortu, baina bildutako puntuei esker titulu mundiala eskuratu ahal izan du. Todos Santosen (Kalifornia Beherea) bigarren postua eskuratu zuen Longek, eta Pe'ahin (Hawaiiko Maui uhartea) berriz, hirugarren postuan geratu zen. Iazko maiatzean Punta de Lobosen (Txile) egin zen txapelketan ez zuen parte hartu, baina ezta beharrik ere; izan ere, bildutako puntuak nahikoak izan ziren aurtengo txapela eskuratzeko. Longek aurtengo saria gogoangarria izan dela azpimarratu zuen: «2015/2016 sasoia errekorren liburuan sartzeko modukoa izan da. Errekor berriak lortzeko moduko olatuak izan dira, olatu handietako itsaski gehiago izan da, tubo handiagoak, finean, olatu handietako atal guztietan mailak gora egin du pasa den sasoian». Greg Long 1984. urtean jaio zen San Clementen (Kalifornia) eta hasiera batean ohiko surf txapelketetan lehiatzen aritu bazen ere, oso gazte hasi zen olatu handietako lehiaketetan parte hartzen eta ordutik ugariak eta garrantzitsuak izan dira Longek lortutako emaitzak. 2003. urtean Hegoafrikako Dungeos olatu beldurgarrian egin zen txapelketa izan zen mota honetako lehiaketei dagokienez lortu zuen lehen txapel esanguratsua. 2008. urtean Mavericksen irabazi zuen eta 2009an berriz, Waimean Eddie Aikauren omenez egiten den txapelketa mitikoa irabazi zuen. Aurtengoa munduko olatu handien zirkuitua irabazten duen bigarren aldia da; izan ere, 2012/2013ko itzulia ere berak irabazi zuen. Horrez gain, XXL izendapenetan ere sari ugari eskuratu ditu azken hamarkadan. 2015/2016 BWWT zirkuituan bigarren postua eskuratu duen lehiakideak ere ibilbide luze eta oparoa dauka olatu handien txapelketetan. Makuakai Rothman hawaiiarrak iazko titulu mundiala eskuratu zuen eta aurtengoan ere bigarren aldiz txapela eskuratzeko zorian izan da. Punta de Lobosen berak irabazi zuen, baina Pe'ahin eta Todos Santosen ez zituen nahi bezalako emaitzak lortu eta ondorioz ezin izan du aurtengo txapela irabazi. Hirugarren postua ere hawaiiar batentzat izan zen, Billy Kemper, olatu handien historian izan den txapelketa garrantzitsuenetako bat irabazi zuen surflaria. Izan ere, pasa den abenduaren 5ean lehen aldiz Pe'ahin egin zen olatu handietako txapelketa historikoa izan zen, batetik txapelketa formatuagatik eta bestetik itsaskia sekulakoa izan zelako. Pe'ahiko txapelketa arraunketa bidez izan zen, alegia lehiakideek inongo laguntzarik gabe hartu behar zuten olatua. Hori bera jada berrikuntza bat zen, zeren orain gutxi arte Pe’ahiko olatua uretako moto baten laguntzarekin bakarrik har zitekeela pentsatzen zen. Gainera, txapelketa egin zen egunean itsaski erraldoia izan zen eta ordura arteko marra gorri guztiak gainditu ziren. Inoiz txapelketa batean arraun eginda hartu diren olaturik garaienak hartu zituzten lehiakideek; beraz, Billy Kemperrek eskuratutako garaipena ez zen edonolakoa izan. Laugarren postua ere olatu handien lehiaketetan puntako postuak lortzen dituen lehiakide batek eskuratu zuen. Nic Lamb estatubatuarrak eskarmentu handia du olatu handietan eta gurean ezaguna da 2014ko abenduan Galea puntako txapelketa irabazi zuelako. Galea puntan zer? Lau hilabeteko itxaronaldia amaitu ostean, ez da txapelketarik izan Galea puntan. Azken hamarkadetan izan diren itsaski handienak izan arren, munduko olatu handien txapelketa egiteko baldintzarik ez dela izan esan dute antolatzaileek. Itsaski handiak bakarrik ez, inoiz baino maiztasun handiagoa izan da; beraz, txapelketa egiteko inoiz baino aukera gehiago egongo zela pentsa zitekeen, baina antolatzaileen esanetan ez da horrela izan. Erabakiak haserrea eragin du, askok ez baitu sinesten aurtengoan txapelketa egiteko aukerarik egon ez denik. Horregatik, benetako arrazoia estaltzea egotzi diete antolatzaileei. GREG LONG «Txapelketa mailan zein maila pertsonalean pasa den sasoiak eskaini didanarekin zinez gustura nago. 2015/2016ko BWWT titulua eskuratzea sekulakoa da». GALEA PUNTA OFF Azken hamarkadetan izan diren itsaski handienak izan arren Galea puntako munduko olatu handien txapelketa egiteko baldintzarik ez dela izan esan dute antolatzaileek.