15 MAR. 2016 EURO ESKE ETA ESKE, HASI DA SETIOA ETXAUZIA NAFARREN ETXEA IZAN DADIN Baigorriko gaztelua erosi eta bertan diasporarentzat harrera etxea, interpretazio-gunea eta tokiko ekoizpenen erakusleihoa jartzeko proiektuarentzat dirua biltzen hasi dira. Diasporaren oniritzia lortua da gaztelu historikoa xede publikoetarako erabiltzeko. Dernière mise à jour : 15 MAR. 2016 - 06:22h G. M. ZUBIARRAIN Anariren eta Bernardo Atxagaren saioarekin, euskal kulturgintzan itzal handia duten bi pertsonon sostenguarekin, hasi dute Baigorrin lehen aztarnak XII. mendekoak dituen Etxauzia gaztelua, egun pribatua dena, herri proiektu bihurtzeko diru-bilketa. Okasiorako ireki zitzaien gaztelua, eta hango harritzarrek eta zureriak zurtutako 200 bat ikus-entzuleren aurrean, XVII. mendeko testua irakurriz hasi zuen jarduna Atxagak: Axularrek Etxauzeko Bertrandi eskainitakoarekin. Euskal historian letra larriz idatzitako gaztelua herriarentzat «menderatzeko erasoa prestatzen» buru-belarri dabil Antton Curutchary, eta Etxauziarekin zer egin asmo duten zehazteko eskatu diogu. Hiru ardatz trazatu dizkigu berehala. Horietan lehena, paisaiaren interpretazio-gunea irekitzea, «ez arras museo bat». Baigorri aldeko paisaia azaltzen eta berau sortu duen kultura eta historia zein izan diren jabetzen laguntzeko zentroa litzateke. «Ideia da esplikatzea ibar bat nola antolatua zen antzina Nafarroan» argitu digu Curutcharyk, eta harago, «Nafarroa Beherea bera nola egituratua zen» ñabartu historialaria ere badenak. Diasporaren oniritzia Euskal diasporarentzat gune fisiko bat sortzea dute bigarrenik helburu. Jakitun dira elkarte batzuk, sare bat, badela aspalditik diasporarekin lanean ari dena, «baina ez da tokirik, idazkaritzarik, edo gela pare bat proposa ditzakeenik», ohartarazi gaitu Curutcharyk. Zerbitzu hori nahi diete eskaini Euskal Herrira datozenei, gazteluaren itzal luzea tarteko. Eta bai, itzal luzekoa da Etxauzia. «Harrigarria da gaztelua bertatik bertara ezagutzeak izaten duen eragina», piztu zaigu. Txundituen artean dago Argentinako diasporako Cesar Arrondo, baita Philippe Acheritogaray ere, San Frantziskoko (AEB) Euskal Etxeko arduraduna. Atzerritik datozenek zein egoera topatzen duten azaldu digu Curutcharyk: «Hona etorrita, nahi dute artxiboetara joan eta ez dakite nora jo, edo bila dabiltzan etxea ez dute atzematen...» Laguntza hori eskainiko lieke zentroak; «euskal etxeen etxe» moduko bat litzateke. Harrera gunetik harago doa, hala ere, asmoa, ospakizun-gune izatea ere nahi baitute familiek elkar topatzen dutenerako. Hirugarren ildoak tokiko ekonomia du arrangura. Gazteluaren itzal hori baliatu nahi dute eskualdeko ekonomia bizkortzeko. Tokiko enpresek –edo «Euskal Herrikoek» gehitu digu Curutcharyk– izango lukete tokia bertan. «Hemengo sor-markak ezagutarazteko, mintegiak burutzeko edo holako promozio aldi batzuk antolatzeko» esparru bat izatea litzateke xedea. Hiru xede horiekin zeharka zer erdietsi nahi duten esan digu azkenik hau guztia bultzatzen ari den elkarteko kideak: «Absolutuki nahi dugu gune hori publiko bilaka dadin, jendeari ireki dakion». Liburutegi ttipi bat eta ostatutxo bat irekitzea hausnartu dute, gaztelua herritarrentzat nahiz kanpotarrentzat irekita izateko noiznahi. jabeekin tratua Tratuak nola dauden galdetuta, AEBetan bizi diren gazteluaren egungo jabeekin hartu-emanetan direla esan digu, baina prezioa ez dutela negoziatua. Badakite zenbatean erosi zuten, barnean konponketak egin zituztela ere bai, eta hortik estimazioa egin dute. Gaztelua ez dago ofizialki salgai; jabeek eurek iradoki zioten Baigorriko Herriko Etxeari 2014an interesa zuketela, herriarentzako proiektu bat balego, zaku bete dirurekin datorrenari men egiteko. Iazko agorrilean aurkeztu zitzaien egitasmoa elkarteko kideen ahotik, Herriko Etxeko ordezkaritza ondoan zutela babes gisa. «Biziki ederra» atzeman zutela esatean poztu zaigu Curutchary. Azkarate herrian izan zen duela urte batzuk bertako jauregia antolatuz diasporarentzat gune bat sortzeko xedea, eta hari horretatik tiraka ekin dio bere lanari Etxauzia elkarteak. San Frantziskoko euskal etxeko ordezkari bat, Philippe Acheritogaray, izan da iazko udan Baigorrin gaztelua bisitatzen; North American Basque Organization-eko lehendakari Valerie Etcharren ere ekarri dute bertara, Argentinako Cesar Arrondo bezala. Kontaktu horiek positiboak izan direla eta aldekotasuna jaso dutela aitortu digu Curutcharyk. «Aurrera egiteko esan digute, badugu sostengua, orain dirua behar…». Hasi da, hortaz, Etxauziaren setioa, euroak pila eta pila, jabeek etsitzeko moduko meta egin arte. Hartuko al dute gaztelua mendean? Setiatzaile kopuruak eta haien kemenak du hori ebatziko. Erasooo! Lege zaharrean ate-joka, baina «arma» berrien erraztasunarekin Otsailaren 27an ekin zitzaion Baigorriko gaztelu zaharra Nafarren Etxe-Euskaldunen Sare bihurtzeko «setioari», diru-bilketari, alegia. Lege zaharrean egin asmo dute, «herri matxinadarekin», eta hortik deiadarra: «Euskaldun bat euro bat, konda gaitezen». Gaztelua «hartu» nahi bada eta berau Nafarren etxe izateko taxutu, hiru bat milioi euro beharko direla zenbatetsi dute «setiatzaileek». «Matxino» bila teknologia berrienekin dabiltza, ordea. Dohaintzak euskaldunbateurobat.com webgunean egin litezke kreditu txartelarekin. «Jende andana sartua da dagoeneko, ontsa hasia da», poztu da Curutchary. G. M. Z.