GARA Euskal Herriko egunkaria
Harri-jasotzea

Izeta II.a buru dela jokatuko da Zarauzko lehiaketa

Zarauzko bi harri berezi jasoko dituzte etzi arratsaldean Aritzbatalde pilotalekuan, eta parte hartze oso zabala izango du lehiaketa honek.


Larunbat Santu egunean harri-jasotzeak hartuko du protagonismoa, etzi, 17.00etatik aurrera, Zarauzko Aritzbatalde pilotalekuan jokatuko baita Zarauzko Bi Harri txapelketa.

Zarauzko bi harri berezi jarriko dituzte erabiltzeko, eta horiekin egin beharko dute lan parte hartzeko izena eman duten 17 harri-jasotzaileek. Bi harriak ere Zarauzko kostaldean jasotakoak dira. Batek “Jai Txiki” izena hartu du, eta 117 kilo pisatzen ditu, eta forma angeluzuzena dauka. Bigarrena, “Mollarri” izenarekin bataiatu zuten, arrautza itxura dauka eta 121 kiloko pisua dauka.

Harri-jasotzaile bakoitzak zazpi minutuko txanda bakar bat izango du lanean aritzeko, eta bi harrirekin batera arituko da, jasoaldiak txandaka emanez. Kirolari bakoitzak erabaki beharko du horietako zeinekin hasi. Bi harriekin txandaka aritzeak sortuko dituen zailtasunek ere lana gogortu egingo dute. Harri-jasotzaileek lana hasi aitzin eskuak ur eta xaboiarekin garbitu beharko dituzte eta epaileak emandako materialarekin lehortu, eskuetan erretxinarik edo bestelako materialik ez baliatzeko. Arropak ere saioa hasi baino 15 minutu lehenago epaileari erakutsi beharko zaizkio, eta haiek ikusi ostean onartuko dituzte.

Parte hartuko duten harri-jasotzaileak, berriz, honako hauek izango dira: Izeta I.a, Izeta II.a, Izeta III.a, Izeta IV.a, Lopetegi, Otaegi, Eizagirre, Peñagarikano, Santxin, Telleria II.a, Telleria IV.a, Ostolatza, Eizmendi, Galarraga, Illarramendi, Urrutia eta Mielgo. Guztien artean bi izango dira berriak, Peñagarikano eta Mielgo. Aurrenekoa Aizarnazabalgoa da eta plazetan ofizialki bere lehen parte hartzea izango du. Bigarrena Madrilgoa da, eta bi urte omen daramatza harriak jasotzen. Halterofilian kirolari ezaguna da.

Faboritoak aipatzerakoan, hiru izen nabarmentzen dira guztien gainetik, eta horietako bat Izeta II.a da. Berarekin batera Eizmendi eta Ostolatza agertzen dira irabazteko aukera handienak dituztenen artean.

Madrilek ere bere ordezkaritza izango du 

Ez da ohikoa izaten Euskal Herritik kanpo harri-jasotzaileak ikustea, baina Zarautzen Espainiak ordezkari bat izango du, Euskal Herrikoekin batera lehiatzeko. Madrildarra da bera eta Sergio Mielgo da bere izena. Bi urte daramatza harri-jasotzen, eta halterofilian oso ezaguna da. Orain beste era batera probatu nahi ditu indarrak eta Euskal Herrian izango da, ez txantxetako lehiaketan gainera; izan ere, horrelako txapelketetan aritzen diren gehientsuenak bertan jardungo baitira.  J.L.