27 MAR. 2016 EUSKADI TA ASKATASUNAREN AGIRIA ABERRI EGUNEAN gara, donostia ETAk, nazio askapenerako euskal erakunde sozialista iraultzaileak, agur beroa bidali nahi die Aberri Egunaren harira antolatutako ekitaldietan parte hartzen ari diren herritarrei. Eta gure gogoa adierazi nahi dugu datorren urtean Aberri Egunaren ospakizunetan aberkide guztiok bil gaitezen, baita oraindik egun hau berea egin ez dutenak ere. Herri proiektua eraikitzea baitugu erronka, denon artean eta denontzat. Eraso guztien aurrean bizirik eta aske izateko borrokan segitzen duen herria izanik, Aberri Egunean ospakizuna eta aldarrikapena eskutik doaz. Hausnarketarako eguna ere izan ohi da, zenbat aurreratu edo atzera egin dugun aztertu, erronka berriak zehaztu eta horiei gogo biziz ekiteko konpromisoa berritzeko, alegia. Hartara, agiri honen bidez Euskal Herriaren egoera eta etorkizunari buruz egiten dugun hausnarketa partekatu nahi dugu. ETAk Euskal Herriak bizi duen garaiaren garrantzia nabarmendu nahi du gaurkoan. Bost urte beteko dira aurten Aieteko Konferentzia egin zela eta, haren ondotik, ETAk borroka armatua utzi zuela, behin betiko. Bost urteotan galdera berriak sortu dira, beste erronka batzuk ditu aurrez aurrez Euskal Herriak. Funtsean, nazio askapenari bultzada emateko abagunean gaude eta horregatik da garrantzitsua urteotako ibilbideari segida egokia ematea eta sortutako aldagai berriei behar bezala erantzutea. Egungo abagunea Ezker Abertzaleak ereindako baldintzei esker duela bost urte zabaldutako ziklo politikoak erreferentzia nagusietako bat izaten segitzen du. Alde batetik, egoera errotik aldatu eta etorkizunerako ondorio sakonak utzi dituelako. Bestetik, sarritan esan denez, erabat itxi gabe dagoen gatazkaren ziklo zaharraren eta guztiz ireki ez den bakearen eta askatasunaren aro berriaren arteko trantsizioan gaudelako oraindik. ETAren borroka armatuaren bukaerak eta, berarekin batera, konfrontazioaren hainbat aldagai gordinen indargabetzeak ezaugarritu dute egoera berria. Ez da aski, oraindik ez dugulako egiazko bakea lortu. Baina ez da gutxi ere hamarkadatan, mendetan, sufrimendua metatu duen eta beste etorkizun bat merezi duela aldarrikatzen duen herriarentzat. Guk gure ahalegina egin dugu eta harrotasunez aldarrikatzen dugu ekarpena, gatazkaren gordintzean izan dugun ardura zatia onartzen dugun zintzotasun berarekin. Ziklo aldaketak etorkizunari begira beste bi ondorio garrantzitsu utzi ditu: alde batetik, Euskal Herriaren ukazioan oinarritzen diren egitasmo politikoen gainbehera ekarri du; eta bestetik, zubi berriak eraikitzeko eta aldaketa sakonak gauzatzeko aukera eskaini du. Hortxe adibideak: Nafarroa Garaian, batetik, eta Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan, bestetik, molde eta maila ezberdinetan bada ere. Alta, gogoan bost urte atzera egin eta orduan Euskal Herrian sortu zen itxaropen kolektiboari erreparatuz gero, ez gaude espero genuen tokian: • Ez da bake edo konponbide prozesu elkarrizketaturik abiatu, ez estatuekin ezta Euskal Herriko indar politikoen artean ere, Ipar Euskal Herriko salbuespenarekin. • Gatazkaren ondorioek konpondu gabe jarraitzen dute, eta gako nagusia den euskal preso politikoen egoera askatu gabe dago. Are gehiago, estatuen biolentziak bere horretan segitzen du, baita indar armatuen mehatxuak ere. • Ez da gatazka politikoa behin betiko gaindituko lukeen eta Euskal Herriaren erabakitzeko eskubidearen onarpenean oinarrituko litzatekeen akordio demokratikorik adostu. Estatuek Euskal Herriaren etorkizuna gatazkan iltzatu nahi dute, testuinguru berrian askatasunaren eta herritarren borondatearen aukerak aurrera egin ez dezan. Euskal Estatuaren erreferentzia Aberri Egunak abertzaleoi euskal nazioa aldarrikatzeko parada eskaintzen digu. Zer garen ez ezik, zer izan nahi dugun ere lau haizetara zabaltzeko eguna. Abertzaletasunak ekarpen handia egin dio gure herriari, are gehiago ezkerreko abertzaletasunak. Herri eraikuntzarako oinarri sendoak jarri ditu, edozein jokabide edo jarrera atzerakoitik urrun. Oinarri askatzaileak eta integratzaileak, askapen nazionala eta askapen soziala txanpon bereko bi aldeak zirela ondorioztatu baikenuen eta euskal herritar Euskal Herrian bizi eta lan egiten duen oro dela barneratu baikenuen. Komunitateen arteko gatazkek edota xenofobian oinarritutako portaerek ez dute gurean lekurik. Harro egoteko arrazoia da, are eta gehiago gure inguruan haize arrazistak nola hedatzen diren ikusita. Oinarri sendoak, bai horixe, baina garapen eta osagai berriak behar dituztenak. XXI. mendeko proiektu independentista taxutu beharra dago. Euskal nortasunak, kulturak eta hizkuntzak aurrera egiteko Euskal Estatua behar duten bezalaxe, jendarte justuago bat sortzeko erronkak ere, sozialismoa eskuratzeko bidean, Euskal Estatua behar du. Abertzaleek ez ezik, beste herritar askok ere iritsi behar dute ondorio horretara. Besteak beste, pertsona ororen gutxieneko beharrizanak asebetetzea, guztion eskubideak errespetaraztea eta gizon eta emakumeen arteko berdintasuna bermatzea xede izango dituen proiektu independentista egituratu beharra dago, askoren artean, ezberdinen artean. Euskal Estatua lortzea Ezker Abertzaleak bultzatzen duen emantzipazio osorako askapen prozesuan urrats erabakigarria litzateke, zalantza izpirik gabe. Proposamen independentistak gaur egungo ereduetatik beste muturrean kokatu behar du bere burua; pertsonen eta herrien arteko elkartasuna, berdintasuna, giza eskubideak, aberastasunaren banaketa... oinarri. Miseria gorritik eta munduko boteretsuek eragindako gerra basatietatik ihesi datozen milaka eta milaka errefuxiatuei Europako estatuek emandako tratu negargarriak zer ez nahi dugun izan argi eta garbi azaldu digu. Lotsa eta amorrua, ez dugu besterik sentitu. Giza eskubideak hitzetik hortzera darabilten agintarien benetako aurpegia ikusi dugu. Hipokresiaren gailurra. Maltzurki nahasitako egoerak eta arduragabekeriak, gainera, faxismo eta integrismo mota ezberdinei –dela Europan etorkinen kontra egiten duena, dela Sirian, Iraken, Kurdistanen... eta, azkenekoz, Bruselan herritarrak gupida gabe hiltzen dituena– zabaldu dizkiete ateak. Iraultzaileok ezin ditugu onartu herritar xeheak helburu dituzten halako sarraskirik. Euskal Herrian, geroa eraiki beharra dugu, eta herri prozesua behar da horretarako, euskal herritarren berezko erabakitzeko eskubidea egikarituko duena, konfrontazio demokratikoaren bidez egungo mugak, trabak zein oztopoak gainditzeraino. Oraintxe bete dira 30 urte Hego Euskal Herriko biztanleek erreferendum bidez argi bezain garbi bere iritzia azaldu zutela NATO egitura militar eta inperialistari buruz. Ezezko borobila eman genion, baina berriro ere muzin egin ziguten. Espainiako zein Frantziako estatuek zer eskaini diguten ondo baino hobeto ezagutzen dugu: onarpenik eza, mespretxua, inposizioa zein zapalkuntza, mendez mende. Hori dena gutxi ez eta, gero eta nabariago, langileen eta herri sektoreen bizi baldintzak txirotzen dituzten hein berean, gure oinarri ekonomiko eta produktiboak kiskaltzen dituzte. Ez dugu burujabetzarik horretan ere hartu beharreko erabakiak hartzeko. Ez dute beste askorik eskaintzeko. Estatuak ez dira gai Euskal Herriaren eta euskal herritarren gutxieneko aldarrikapenak aseko lituzkeen proposamen politiko osorik eskaintzeko. Egitura horien demokratizatzeko aukerak eztabaida piztu du azkenaldian, batez ere Estatu espainiarrean, azken hauteskundeetan sortu den mapa politiko berria dela eta. Zer besterik nahiko genuke 78ko giltzarrapoa hautsi eta, gure proiektu politikoa lortzeko egiazko bidea emanda, Euskal Herriari autodeterminazio eskubidea onartzea eta gauzatzea baino? Zoritxarrez, Espainian ez dago halako aldaketa sakonak emateko nahiko indar harremanik, eta bere burua ezkerrekotzat jotzen duten indarrek ez dute erabakitzeko eskubidea erdigunean lukeen akordiorik egingo. Aldaketa sakonak egiteko nahikoa indar harremana estaturik gabeko nazioetan dago. Katalunian, zer esanik ez; eta baita Euskal Herrian ere. Horko prozesu eratzaileak lirateke, azken batean, benetako demokratizazio prozesuak. Gurea, horrenbestez, demokraziaren aldeko prozesua ere bada. Bakea eta askatasuna, askatasuna eta bakea Etorkizuna eraiki behar den honetan, hainbatek atzera begiratzea eskatzen digu. ETAk ez dio ihes egingo ariketa horri, eta zintzotasunez arituko da, autokritikaren eta elkarbizitzaren bidetik, baina esan beharra du horretan tematzen ari diren zenbaitek oso bestelako gogo eta asmoak dituztela, Estatuaren errepresio estrategian izandako erantzukizuna zuritzeko eta ezker abertzalearen arrazoibide politiko eta historikoa kaltetzeko helburuarekin. Ez, ezkerreko independentistok ez ginen okertu frankismoaren kontra altxatu ginenean, ezta ondorengo erreforma tranpatiari ezezko borobila esan eta aurre egin genionean ere. Akatsak egingo genituen, zenbaitetan larriak eta bidegabeak, hala esan behar bada, baina aurreko horietan ez. Eta ez, autonomismo hutsalaren amarrutik asimilazio operazio harekin bat egin ostean, presoen sakabanaketan eta beste eremu denetan GALen gobernuarekin eskuz esku kolaboratu zutenak ez ziren zuzen aritu, ezta hurrik eman ere. Eta ez dira zuzen aritu bake aukerak zabaldu diren bakoitzean, azkenean Estatuaren aldeko indarrekin lerratu izan ohi baitira beti. Hamarkada hauetan gertatutakoari buruz iruzur egitea proposatzen dute PNVk eta, bereziki, Lakuako Gobernuak. Lehenago, besterik ez bada tarteka, aitortzen zuten euskal gatazka ez zela ETArekin hasi. Ibarretxeren garaitik Urkullurena egindako inboluzio bidearen isla izango da, nonbait. Gu ez ginen gerra bila joan. Gatazka gure etxera ekarri ziguten. Ez dugu horrekin izandako ardura apaldu nahi. Egindakoaren erantzule baikara. Halere, nabarmendu nahi dugu, unerik gordinenetan ere, beti saiatu izan garela bake proposamenei bide ematen. Guda bila ez ginen joan, baina bake bila behin baino gehiagotan abiatu gara, modurik ezin argiagoan orain dela bost urte hartutako erabaki sortarekin. Erantzuna, haatik, betikoa izaten ari da oraingoan ere. Horrek denak ondorio garbi batera garamatza: bakea lortuta askatasun osoaren bidea jorratu ahalko genuela uste izan genuen, baina, zoritxarrez, estatuentzat bakea baino askoz ere garrantzitsuagoa da haien nagusitasunari eustea, horretarako demokraziari bidea itxi behar badiote ere, Katalunian argiki ikusten ari garen moduan, borroka armatuaren bueltan inolako aitzakiaren beharrik izan gabe. Formulazioa beste bat da: askatasuna behar dugu bakea izateko. Prozesu independentista, horrenbestez, demokratizazioaren aldeko prozesua izateaz gain, bake prozesua ere bada. Gatazkaren ondorio guztiak gainditzeko prozesua ere izan behar du, zehazkiago esanda. Halako ibilbideak herritar eta herri sektore askoren atxikimendua eta aktibazioa behar du, eta horri laguntzeko hartu ditu orain arteko erabakiak ETAk, eta aurrerantzean baldintza egokienak sortzeko hartuko ditu etorkizunekoak ere. Elkarlanaren beharra Ezker Abertzalearen bokazioa independentzia eta sozialismoaren aldeko proiektura gero eta sektore gehiago erakartzea da, baina oraindik badira asko independentziarako hautua egin ez dutenak. Bien bitartean, hautu hori denetan egokiena dela guztiok egiaztatzeko bidean, gure herriaren erronka nagusiei aurre egiteko elkarlanean jardun behar dute sentsibilitate ezberdinek: • Gatazkaren ondorioak gainditzeko akordio handiak lortzeko. Herriak jaso dezala etekin osoa. • Erabakitzeko eskubidearen gainean akordio politikoa erdiesteko, eskubide horren egikaritzea euskal politikagintzaren ardatz bilakatzeraino. Euskal herritarren zilegitasuna estatuen legalitate itogarriaren aurrean. • Horrekin guztiarekin prozesu demokratikoari, Euskal Herriaren eratze prozesuari, bidea zabaltzeko, euskal herritarren beharrizanei erantzun zehatzak emateko helburuarekin. Geroa dugu irabazteko, gaurdanik irabazteko. Horixe da Aberri Egun honetan azaldu nahi dugun nahia, eta nahi hori adieraztearekin batera gure besarkada iraultzailerik beroena helarazi nahi diegu Euskal Herriaren aldeko engaiamenduaren ondorioz kartzelan eta erbestean diren euskal borrokalariei. GORA EUSKAL HERRIA ASKATUTA! GORA EUSKAL HERRIA SOZIALISTA! JO TA KE INDEPENDENTZIA ETA SOZIALISMOA LORTU ARTE! Euskadi Ta Askatasuna Euskal Herrian, 2016ko martxoaren 27an