27 MAR. 2016 HELDUEN LITERATURA Pasio batek inbaditua Estibalitz EZKERRA Passion simple” (1994, itzul. “Pasio hutsa”, 2002) liburuan gizon ezkondu batekin izandako harremanak berarengan eragindakoen berri ematen digu Annie Ernaux idazle frantsesak. Hots, bere pasioaren objektua, gizon ezkondua alegia, baino gehiago pasioa bera da narrazioaren ardatza: zentsurarik gabe azaltzen dizkigun sentimendu eta pentsamenduak, kurtsia edo burutik jota egotearen inpresioa emateko inolako beldurrik gabe. Antzeko ariketa du oinarrian Alaine Agirreren “X hil da” lanak. Egileak ez du Ernaux-en eragina ezkutatzen. Aitzitik, “Passion simple” liburutik bertatik harturiko zita batekin abiarazten du bere lana: «Nire pasioa liburu bat idatziko nuen bezala bizi nuela iruditzen zitzaidan sarritan: idazten nuenean bezala, eszena guztiak taxuz burutu behar nituen eta xehetasun guztiez arduratu behar nuen. Eta pasio horren azken muturreraino iristen nintzenean—‘azken muturreraino’ horri esanahi zehatzik eman gabe—, hiltzea berdin izango zitzaidala bururatzen zitzaidan: testu hau idatzi ondoren hiltzea ere berdin izango zitzaidan». Zita horrek laburbiltzen du Ernaux / Agirreren egitasmoaren muina: pasio bat bizi / idaztearen bidez idazketa prozesuaren beraren pasioa azalaraztea. “X hil da”-k delako X-en baten heriotzaren aukerak narratzailearengan eragindako sentimenduak ditu hizpide eta aztergai. Galeraren alderdi materiala, jadanik ez dagoen gorputzak utzitako hutsune fisikoa, antzematen du narratzaileak lehenik, goizeko erritualen etena. «Ez dit gerritik heldu. Ez dut beraren arnasaren usaina sentitu neure ahoaren parean. Ez dit ilean laztan bat utzi. Ez dit erdi-lo dagoela muxurik eman, ilunpetan, ahoa aurkitu-ez eta bekain batean (ez du, hortaz, nire bekaineko ile bat irentsi). Ez dit, albo batera etzanda nagoela, atzetik oratu, bere eskua nire hankartean jarriz; epel. Ez dit, horrela gaudela, belarriaren haragian haginkada txiki bat eman. Ez ditu bere hankak nireekin endredatu, zeintzuk zeinenak diren ahantzita. Eta ez nau, goizero legez, ‘maitea’ esanez esnatu» (13). Jarraian dator galeraren alderdi psikologikoa, X betiko joan den kontzientzia hartzea, eta horrekin batera dolua. «Orain ulertzen dut zergatik janzten ziren beltzez dolua bizkar gainean, harri bat balitz bezala, zeramaten andreak. Eta hala ere, hala ere ez dago hiltzen nauen tristura hau adierazteko lain den beltzik armairuan» (17). X-en hiltzeko modu posible guztiak aztertzen ditu narratzaileak, “zentzuzkoak” zein zentzugabeak, dela auto istripuz, dela gaixotasun baten ondorioz, dela liburua eskuan burua apalaren kontra joz. Haietako bakoitzaren aurrean nola erreakzionatuko lukeen azaltzen du bere burua egoera horretan bertan jarrita, X-en galerak nola transformatuko lukeen munduarekiko duen pertzepzioa, galera X-ena ez ezik bere buruarena ere badela edo izango litzatekeela ondorioztatuz. Heriotzak, bestearen ausentziak, harekiko sentitutako maitasun eta beharraz jabearazten du bizirik jarraitzen duena. Zentzu horretan, X-en heriotza eta hark eragingo lukeen hondamendia irudikatzea ez ote da X neurrigabeki maitatzearen sintoma?, galdetzen du narratzaileak. Hala ere, errudun sentitzen da X-en heriotza irudikatzeagatik. «Eta gorroto ditut pentsamendu hauek, ezertarako balio ez duten aukeraketa hauek, ilunago besterik bihurtzen ez nauen erabaki behar hau; baina ezin dut, ezin dut ekidin, ezin dut ez pentsatu horretan; X bizirik dagoen heinean hil egiten dela pentsatzea ebitatu ezin dezakedan modu berberean. Iluna da hori guztiori; iluna naiz. Izuagatik ilun. Eta nor ez?» (47). Amaieran zera diosku narratzaileak, «[a]modio batek hartu nau, pasio batek inbaditu nau, obsesio batek okupatu nau. X du izena maite dudan gizonak. Eta bizirik dago. Nirekin. Oraingoz» (78). X-en heriotzaren aukerak eragindako pentsamendu zein sentimenduen biluztearen bidez, testua biluzik agertzen zaigu, errealitatearen (auto)fikzioa eta fikzioaren errealitatea azaleratuz.