04 AVR. 2016 ZIRIKAZAN Prest Josebe EGIA Zer egingo duzue zapatu eguerdian, datorren apirilaren 9an? Hamaika plan edukiko dituzue, asteburuaren zain irrikan, eta planok bertan behera uztea manifestazio batera joateko, ziurrenik, ez da izango gustukoen duzuena. Enegarren manifestazioa, beste behin kalera, beste behin zarata apur bat egitera, zer edo zertarako balio ote duen ere zalantzan jarrita... zer dela-eta oraingoan? Noren alde, zeren kontra, zeinekin batera atera behar gara karrikak hartzera? Hauxe da, bada, datorren larunbateko plana: emakumeon alde, guganako indarkeria guztien kontra, andrazkoekin, gizonezkoekin, jite orotako herritarrekin, Euskal Herriko hiriburuko kaleak hartu eta argi uztea mugimendu feminista, feministok, hementxe gaudela. Ez gara lau katu, ez gabiltza nor bere zilborrari begira, erne gaude eta prest ere bai. Prest feminismoa eta, ondorioz eta grinatsu, feministok mespretxatzen gaituztenei aurre egiteko, inolako konplexurik barik; prest haien argudio zaharkitu eta funtsik gabeak desegin eta logikak eskatzen duena ezartzeko. Prest behin eta berriz salatzeko han-hemenka gertatzen diren eraso guztiak: erailketak, jipoiak, ukituak, laidoak, baita txikiena ere, ñimiñoena ere indarkeria beraren parte delako, bizirik dirauen indarkeria sexistarena. Prest XXI. mendean sinestezinak diruditen emakumeekiko diskriminazioak buka daitezen borrokatzeko, lan-arloan, familiartean, esparru publikoan, aisialdian, kirolean... guztietan. Prest gure erakundeei eskakizunak egiten eta koherentzia zein emaitzak erreklamatzen jarraitzeko, presioa eragiteko. Prest, dena haien esku utzi gabe, jendartean ere etenik gabe eragiteko. Prest norbanakoak feminismora erakartzeko, gehitzeko, kontzientziatu osoak irabazteko, berdintasunezko etorkizunaren haziak barreia eta haz ditzagun. Manifestazioa egingo dugu Gasteizen erakusteko emakumeok badugula gure lekua jendartean; ez gailentzen zaizkigunek utzi nahi diguten txokoa, baizik eta eskubidez geurea dena eta harrotasunez hartzen eta babesten duguna. Erakutsiko dugu emakumeok ez garela eragile pasiboak, otzanak, biktimismora kondenatu nahi gaituztenen kanoi-bazka; adieraziko dugu borroka feministan, justiziazkoa den horretan, geu garela aktore nagusi eta errespetagarri. Erakutsiko dugu hamaika eraso nozitu arren, guk hamabi erantzunekin planto egiten jarraituko dugula, baimena eman diezaguten zain egon barik. Gugatik eta ondorengoengatik, prest gaude-eta.