04 AVR. 2016 ALPINISMOA Will Mayok ekarpen handia egin du misto tradizionalean Alpinista estatubatuarra xede zahar batekin egin berri da: «The lion, the witch and the wardrobe» (WI7+, M12, 220 m). Ternuako Cholesterol Wall izeneko alderdian dago, eta estilo horretako munduko biderik gogorrenetarikoa bihurtu da. Andoni ARABAOLAZA Will Mayo sona handiko alpinista estatubatuarra dugu. Alpinismoaren adar ezberdinetan ekarpen ugari egin ditu; azkena, misto tradizionalean. Pasa den hilean, Ternua uhartean izan da. Baten batek esango du tokitan jardun duela, eta hala da. Bada, hango Gros Morne parke nazionalean dagoen Cholesterol Wallen “The lion, the witch and the wardrobe” bidea poltsikoratzea erdietsi du. Lehen igoera izan da, baina marra horrek bere baitan jasotzen dituen ezaugarriek benetako protagonismoa hartu dute. 220 metro luze da, eta WI7+ eta M12 zailtasunak ditu. Eta hori guztia gutxi izango balitz, ez du seguru finkorik. Horrela bada, Mayoren xede zahar hori estilo horretako Kanadako proposamenik gogorrena da. Are gehiago esango genuke: misto tradizionaleko munduko biderik zailenetarikoa da. Era horretan, Mayok ekarpen handi bat eskaini dio alpinismoaren munduari, batez ere misto tradizionalari. Gogoratu behar dugu misto deportiboan ere (paraboltekin ekipatutako bideak) goi mailako jarduerak egin dituela, besteak beste, Coloradoko Vailen. Han, adibidez, izen handia duen “Mustang” (M14) sortu eta kateatu zuen. Alpinista estatubatuarrak gustua hartu dio Ternuako Cholesterol paretan eskalatzeari. Han ere beste sormen lan batzuk egin ditu. Horietako bat “Apocalypse now” (WI7, M9) dugu; hau ere trad estiloan kateatu du. Oraindik errepikapenik jaso ez duen bide horren inguruan honakoa esan zuen: «inoiz egin dudan biderik basatiena da». Zer esan ote du “The lion, the witch and the wardrobe” bideari buruz? Bada, honako hau: «Inoiz egin dudan biderik gogorrena izan da; nire ibilbidearen gailurra». Kontua da “Apocalypse now” protagonistak esku artean izan duen azken xedearen zutabea izan dela; izan ere, “Apocalypse now” zabaldu eta eskalatu zuzenean, sabai erraldoi bat saihestu zuen. Eta lan luzea eta eskerga egin eta gero, giltza horretan sartu eta askatzea lortu berri du. Seigarren luze horren inguruan, Mayok aipatu du beste dimentsio batera eramaten duela: «Beti ikusi izan dut pareta horretan, eta, asko begiratu badiot ere, beti saiatu naiz izkin egiten. Izotzezko sabai erraldoia da; zaila da berau deskribatze». Paranoiatik gertu Ternuak ez zion Mayori ongi-etorri ederra eman; izan ere, eguraldia oso epela zen. Nahiz eta baldintza horiengatik ezin zuen eskalatu, Cholesterol paretara hurbildu nahi zuen. Ingurumari basatia denez, hurbilketa horretarako elurretan erabiltzen den motor bat alokatu behar izan zuen. Laku izoztuak zeharkatzeko komeriaren bat edo beste izan zuen, izotzaren geruza ez baitzen behar adina lodia. Egun batzuetara, fronte hotza iritsi zen eta hango ingurumaria zein Cholesterol hormatzarra bera baldintza egokietan utzi zituen. Pixkaka-pixkaka esku artean zuen xedeari ekin zion. Bidearen lehen luzeak eskalatu eta sabai erraldoiaren oinarrira bertara heltzea lortu zuen. Aurreratu dugun bezala, lan luzea eta eskerga zuen aurretik; izan ere, seigarren luze hori, helburuaren giltza, askatzeko hiru aste behar izan zituen: «Ingurumari horretan izaera horretako jarduera bat aurrera eramateko barruan dituzun motibazioa eta gogoak biderkatu egin behar dira. Bidearen goialdean zintzilik zeuden izotz-kandela erraldoiek egundoko beldurra ematen ziguten. Tenperatura aldaketen ondorioz, edozein unetan eror zitezkeen. Gainera, tona batzuetako pisua zuten. Eskalatzen nuen bitartean egoera gordin hori kudeatu behar nuen Chelsea Rude nire sokakidearen zein nire segurtasunarengatik. Horrez guztiaz gain, eroriko bat izateko aukera bera ere saihestu behar nuen. Baina giro eta egoera horietan ezinezkoa da dena kontrolpean edukitzea. Adibidez, luze hori kateatu baino egun bat lehenago, hamar metroko erorikoa izan nuen. Ekualizatuta nituen bi iltzek gelditu ninduten. Ez zitzaidan ezer gertatu». Azkenean, martxoaren 12an, Mayo “The lion, the witch and the wardrobe” bidearen giltzarekin egin zen: «Luze hori eskalatzea ezin da era arrazional batean azaldu. Igotzen ari nintzen bitartean, atseden pixka bat hartzera geratzen nintzenean, ea burutik sano nengoen aztertzen nuen. Nire motibazioak ezbaian jarri nituen. Neure buruari galdetu nion aurrean nuen arrisku larria era egoki batean kudeatu ote nuen. Bide horretan dena eman nuen, baita arrisku hori onartu ere. Pareta horretan eginiko lanak beste dimentsio batera eraman ninduen. Uste dut paranoiko nengoela. Ez dakit zergatik, baina izaera honetako eskarmentuek nire bizitzari zentzua ematen diote. Badakit egoista hutsa naizela, eta jarduera hau soilik niretzat dela. Baina era horretan ere gustura sentitzen naiz». Horiek dira, beraz, alpinista estatubatuarrak “The lion, the witch and the wardrobe” bidea kateatu eta biharamunean eginiko adierazpenak. Baina oraindik ere beste egoera latz bat bizi behar izan zuen estatubatuarrak. Lan guztia borobildu eta gero, Mayo paretara itzuli zen. Seigarren luzera heldu eta utzitako sokak kendu eta bide guztia garbi utzi nahi zuen: «Sabaian nengoela, goitik erortzen zen ur izoztuaren ondorioz, erabat blokeatuta geratu nintzen. Di-da batean, sokak, jumarra, arropa eta botak izoztu egin ziren. Aitor dezaket hipotermiaz hiltzeko zorian egon nintzela; inoiz ez naiz hain beldurtuta egon. Zorionez, pixka bat lasaitzeko beta izan nuen; ahal bezala, sabaiaren irteerara heldu nintzen. Aseguratu, sokak moztu eta ziztu bizian handik atera nintzen». ESTILOA Will Mayok ez du babesleku finkorik erabili eskalatu berri duen bidean. Misto tradizionalean igo den munduko biderik gogorrenetarikoa da. MUTURREKOA «The lion, the witch and the wardrope» zabaldu ondoren, bidea kateatu eta WI7+ eta M12 zailtasunak proposatu ditu Will Mayo alpinista estatubatuarrak.