10 AVR. 2016 KIROLA Waltari eta Bilbao, finalera Bigarren partida ezin izan zen jokatu atzo, Ducassou ondoezik zegoelako. Neurketa atzeratu egin dute. Jon LEUNDA Waltari eta Bilbao dira Berezkoen Binakako Txapelketako aurreneko finalistak; izan ere, atzo arratsaldean Senperen jokatu behar zen bigarrena ezin izan zen jokatu. Biellek eta Ducassouk Etxegarairen eta Lazkanoren aurka jokatu behar zuten, baina azkenean norgehiagoka hori ez zen egin. Tripetakoak jota esnatu zen Ducassou, eta eguerdian egoerak ez zuela hobera egiten ikusita, atzerapena eskatu zuen, eta antolatzaileek onartu egin zioten. Ondorioz, atzo Senperen jokatu beharrekoa leku berean jokatuko da: datorren ostiralean, 19.00etan neurtuko dira. Jende asko joan zen atzo Senperera neurketa hau ikusteko asmoz, dena oso azkar gertatu baitzen, eta atzerapenaren berri eman arren, eguerdian izan zenez, asko eta asko izan ziren jakin gabe geratu zirenak, eta Senperen bertan jakin zuten ez zela partidarik izango. Lehen finalerdia ostiral gauean jokatu zen Angeluko trinketean, eta ezin esan gauzak oso ongi joan zirenik, bertaratu zen jendetzak ez baitzuen partida handirik ikusi. Waltarik eta Bilbaok 40 eta 18 hartu zituzten mendean Larralde eta Gixandut. Aspaldiko Waltaririk onena ikusi zen herenegun gauean. Azkenaldian nabari zen hobera egin zuela, baina lehengo itxura bera izan zuen herenegun gauekoak. Saketik hamasei kintze egin zituen, erdiak; eta aurkariek onera ekarritako asko erraz utzi eta neurketa oso erraz eraman zuten garaileek. Halere, partidaren hasiera oso ezberdina izan zen, norgehiagoka handia izango zen itxura baitzeukan. 0 eta 4 aurreratu ziren Larralde eta Gixandut. Gauzak oso ongi abiatu zituzten, baina gero launa berdindu zuten, eta hurrengo bi kintzeetan ere aldeak txikiak izan ziren, eta seinako berdinketarekin amaitu zen norgehiagoka. Hortik aurrera garaipena lortu zuen bikotea gero eta zulo handiagoa egiten joan zen, eta amaieran oso garaipen erraza lortu zuen. Markagailua honela mugitu zen: 0-4, 4-4, 6-6, 12-6, 20-13, 37-13 eta 40-18. Saketik 16 kintze egin zituen Agusti Waltarik, eta 6 Peio Larraldek. Norgehiagoka honek 40 minutuko iraupena besterik ez zuen izan, partida oso azkar joan baitzen, inork uste baino askoz ere azkarrago. Bigarren Maila Bigarren Mailakoan bai, hemen iragarritako bi finalerdiak jokatu ahal izan dira, eta ez da ezusterik izan, bi faboritoek lortu baitzuten finalerako txartela. Intxauspek eta Amuletek herenegun lortu zuten helburua, eta atzo, berriz, Lanbertek eta Paxkal Ezkurrak. Herenegun gauean, Intxauspek eta Amuletek oso erraz lortu zuten garaipena, eta 40-17 hartu zituzten mendean Goikoetxea eta Lamour. Emaitzak dena erakusten du, garaipena lortu zuen bikotea jaun eta jabe izan baitzen partida osoan. Atzokoan ere ez zen ezusterik izan, eta Lanbertek eta Ezkurrak 40 eta 35 hartu zituzten mendean Elgart eta Bensese. Galtzaileak 30-35 irabazten ari ziren, eta finalerako txartela eskuetan izango zutela ematen zuenean, azkenean hamar kintze jarraian lortu eta faboritoek finalerako bidea egin zuten. Hauek lehen fasea Lehen Mailakoekin jokatuta datoz.