22 AVR. 2016 IKUSMIRA Kontraeraso trauskila, tortura aldarri Xabier Izaga Kazetaria Erdipurdiko demokrazietan, are demokraziatik gero eta gutxiago duten –hauteskun- deak, izena eta ezer gutxi gehiago– demokraziotan ere, hautagai bat bere herrikideen ordezkari ez izatearen kausa herritarrek hura bozkatu ez izana ohi da. Jorge Fernandez Barne ministro espainola, ordea, Arnaldo Otegi ezin hautagai izateak lasaitu egiten du, milaka lagunek –berdin lagun bakar bat balitz ere– nahi duten hautagaiari ezin bozkatzeak, alegia. Ez nuen honetaz idazteko asmorik, are gutxiago “Barrio Sésamo” hartakoen gisako azalpenak emanda, baina asteak aurrera egin ahala, ministroak argi utzi du kontraerasoa jo dutela joan den igandeko manifestazioaren eta Otegi telebistan agertu ostean. Ekimen politikoaren aurkako polizia-kontraerasoa: atxiloketak, Otegiren gainean arestian aipatutakoak, atxiloketa gehiago, ministroak epaile batentzat, Auzitegi Nazional beldurgarriko epaile batentzat, zigorra eskatzea –nabarmena dena esateagatik–. Zenbait eguneko atzerapenaz epaile horren adierazpenen berri eman zuen egunkariak editorial bat eskaini zion atzo. Izenburua baino ez dut hona ekarriko: “De Prada, ni un minuto más en la Audiencia”. Tortura salatzen duena atxilotzea eta kriminalizatzea tortura aldarrikatzea da. Aldarrikatu eta babestea, nork eta tortura jazarri behar duenak. Ez nuen honetaz idazteko asmorik, eta konturatu naiz, berandu baina, ez nuela honetaz idatzi behar, ministroak inork baino askoz argiago azaldu baitu asteon zergatik ez dituzten tortura salaketak ikertzen. Eta zigorgabetasuna aipatzeko ausardia izan du.