23 AVR. 2016 HAUR LITERATURA Hitzak eta irudiak josten Asun AGIRIANO Bestelako liburu dendetan ibiltzeak badu gero abantailarik! Adibidez, salduenetatik kanpo, liburu ezohiko eta bereziak aurkitzea. Horrela topatu nuen album ilustratu hau Iruñeko Katakrak liburu dendan, ikuspegi soziokulturala aurkezten diguna. Kontakizun interesgarri, berritzaile, esperimentala dakar liburuak, bai egituran bai ilustrazioan. Ez da dudarik, mundua biziki aldatu da. Helduontzat abiadura handia baldin badarama, pentsa haurrei zenbat gertaera egingo zaizkien ulertezin. Denbora, pazientzia eta hausnarketa eskatzen dituzten egoerak bizi ditugu egunero, eta horien aurrean erantzunak adina galdera. Liburu honek haur baten ahotsa aurkezten digu, haur narratzaile arduratua, bere amaren kezkak direla eta. Ama larrituta ikusten duelako, minduta. Entzun dio adibidez mundu hau kafkarra dela esaten, ez du ulertzen hainbat hitz: hipoteka edo krisia. Beraz, sendagilearen papera hartuz, jolasa izango balitz moduan, haurrak munduari pupuak jartzen dizkio eta horrela indarra hartzen du eta beldurrak uxatu. “Marrazkilo bat izan nahi du amak, etxea beti soinean izateko. Roulottean bizi direnak bezala, hipotekarik ez ordaintzeko”. Kontakizuna ni-tik idatzita dago, haurraren barne-mundutik alegia, eta egungo giro sozioekonomikoa islatzen du: langabezia edo etxea ezin ordaindu dabiltzanen mundua edo beren etxetik irtenarazi dituztenena. Horrela irakurtzen dugu liburuak amaieran duen eskaintzan: “(…) bereziki haien herrenak nahi ditu zuzendu eta haien zartadurak josi”. Ilustrazioaren teknika-uztarketan dago album ilustratu honek duen berritasun nabarmenena, Ana Ibañezen (Iruñea, 1972) lana. Josteko makinaz egindako hilera finak dira marrazkien trazuak, adabaki-zatiak ere erabiltzen ditu, eta olioa kolorea emateko. Fondoa oihal marroia da, eta, gainean josita edo itsatsita, zatiak doaz collage bitxia osatuz. Gailentzen den marrazkia etxea da, esan daiteke hori dela artistaren kezka nagusia. Errepikatzen den beste elementu bat etxeetatik ateratzen den malko luzea da, kearen antza duena, minak estaltzeko tiritak bailiran. Haur protagonistaren ama erizaina da, lanik gabe dagoen arren; agian horregatik jolasten du umeak sendagileetara. Egileek liburua kaleratzeko aukeratu duten bidea autoekoizpena izan da; argitaletxeari emandako izena, berezia: Liburu iletsuak. Dani Martiarena legasarraren hitzak dira irakurtzen ditugunak, orrialdearen ezkerrean esaldi laburra eta tonu poetikoa, sotila eta xumea; izan ere, haurren mundua ez da beti koloretsua izaten, tristurak eta penak ere bizi dituzte, horregatik idazleak hitzak bikain aukeratu ditu, oso orraztuak dirudite, helduen zenbait eginkizuni umorea darie: “Azkenaldian, bakarrik edo loreekin hitz egiten du amak. Telebistarekin ere bai, krisia gora krisia behera. (…) Bere ustez, zopa pila bat jan behar dut mundua ulertzeko”. Irakurle helduari keinu egiten dio testuak, adibidez, Mariasun Landaren krokodiloari: liburuak irakurtzea da beldurraren aurkako txertoa. Polita konparazioa. “Gure etxea” album ilustratuak ere (Erein, 2012) ukitu egiten du aldaketa sozialak gizarteari eragindako kalteen gaia, han ere haur narratzailea genuen, hura ere ariketa oso interesgarria eta ibilbide luzeagoa mereziko lukeen liburua, bitartekariok guregana datozenei aholkatuz gero. Sarri, haurren inozentzia urratzeko beldurrez, istorio errazagoetara jotzen dugu helduok. Bi sortzaile interesgarri liburu eder baterako. Haur literaturaren oihala astindu eta zabaltzera datorrena. Kontuan izateko jantzi paregabea.