24 AVR. 2016 Harri-jasotzea Inaxio Perurenak 308 kiloko harria jasotzea lortu du Leitzarrak orain dela bi hilabete 305 kilokoa jaso zuen, eta atzokoarekin beremarka hiru kilotan ondu du. Hurrengo marka esku batekin egin nahi du. Jon LEUNDA Inaxio Perurenak bizkarrean berdindu zuen atzo 308 kiloko harri errektangularra Leitzan, eta hiru kilotan ondu zuen berak zuen marka, otsailaren amaieran 305 kilokoa jasotzea lortu baitzuen Leitzan bertan. Bete egin zen atzo Leitzako Amazabal pilotalekua Inaxioren lana ikusteko asmoarekin, eta Perurena gazteak ez zuen izan animo faltarik. Egin beharreko beroketak egin ostean, 308 kiloko harria zeukan aurrean, eta hari heltzea bakarrik falta zitzaion. Prestatu zenean, epaileak txistua jo eta bost minutu zeuzkan helburua betetzeko. Harria gerrira ongi ekarri zuen, buelta eman, eta gero lau kolpe behar izan zituen bizkarrean berdintzeko. Azkenean epaileak balekoa eman zuen, eta jasoaldia egina zegoen; bere marka onduta zegoen, beraz. Leitzarra pozez gainezka zegoen. «Oso urduri etorri naiz. Goizean jaikitakoan nabaritu dut gaurkoa [atzo] egun berezia zela, eta nire ingurukoak ere konturatu dira. Baina uste dut hemendik aurrerakoa hau izango dela, plazara urduri joango naizela. Azkenean jasoaldia balekoa izan da, eta horrek balio du», esan zuen Inaxiok. Etorkizunera begira, erakustaldiak etorriko dira orain, baina berak hurrengo marka esku batekin egin nahi duela iragarri zuen. «Pisu handiekin jarraituko dut, udan erakustaldietan harri handiak erabili nahi ditudalako, baina hurrengo asmoa esku batekin zerbait egitea da», esan zuen Inaxio Perurenak.