25 AVR. 2016 KIROLA Berrikuntzak BWT zirkuituan:Portugal Euskal Herriaren ordez Aurten olatu handien munduko itzulian neskek ere parte hartu ahal izango dute, bigarren mailako QS itzuli bat izango da eta Nazaren lehen aldiz munduko txapelketa egingo da. Galea lurmuturreko txapelketa bigarren mailako txapelketa izango da Dernière mise à jour : 25 AVR. 2016 - 06:09h Haritz LARRAÑAGA ALTUNA DONOSTIA Urtetik urtera indar hartzen ari den olatu handietako itzulian berrikuntzak izango dira aurten. Lehenik eta behin, izen aldaketa aipatu behar da, dagoeneko ez da Big Wave World Tour, Big Wave Tour (BWT) baizik. Horrez gain, hiru dira kontuan hartzeko berrikuntza nagusiak, Nazare urautsia zirkuituan atxikitzea, neskentzako proba bat egitea eta QS mailako txapelketen indartzea. 2016-2017 sasoia hastear da. Urtero bezala, apirilaren 27 eta abuztuaren 31 artean hego hemisferioko txapelketen txanda izango da, Txilen Punta de Lobos, Perun Pico Alto eta Mexikon Puerto Escondido izango dira, iaz bezala, txapelketa egiteko hautatu dituzten urautsiak. Azken hau ipar hemisferioan egon arren jasotzen dituen itsaski handiak hegoaldetik datozelako dago lehen multzo honetan. Guztira, sei izango dira aurtengo itzulia osatuko duten txapelketak, hemisferio bakoitzean hiru txapelketa, alegia. Ipar hemisferioko txapelketen zerrenda honakoa da: Hawaiin Pe'ahi, Kalifornia Beherean Todos Santos eta Portugalen Nazare. Azken hau da aurtengo berrikuntza nagusia. Ikusmin handia sortu du Praia do Norteko Nazare urautsia txapelketen zerrendan gehitzeak; izan ere, oso gutxi dira Nazaren arraun eginaz olatuak hartzera itsasoratzen diren surflariak. Hain da olatu handia eta zaila surf egiteko, non gehienetan moto baten laguntzarekin aritzen baitira surflariak. Olatu handien munduko itzuliak, ordea, muga horiek gainditu nahi ditu eta, iaz Pe'ahin frogatu bezala, orain artean arraun eginaz har ezin zitezkeen olatuetan surf egin daitekeen edo ez probatu nahi dute. Olatu handien munduko zirkuitua antolatzen duten WSL erakundeko kideek aspaldi ikusi zuten Europako kostaldean olatu handietako txapelketak egiteko dagoen aukera. Lehen saialdiak Galea muturrean egin zituzten eta hiru urtez jarraian txapelketa ikusgarriak eta arrakastatsuak egin ziren. Iaz, ordea, azken hamarkadetan Euskal Herrian izan diren itsaski handi eta iraunkorrenak izan ziren arren, antolatzaileek ez zuten txapelketarik egin eta aurtengoan Galea muturraren lekua Nazarek hartu du. Horrela, Europako txapelketa egitea bermatzen dute eta gainera sekulako ikusmina ere sortu dute. Gary Linden BWT itzuliko zuzendariak honakoa esan zuen: «Aurtengoa itzuli hau egingo den zazpigarren urtea izango da eta inoiz baino zirraragarriagoa izango delakoan nago. Horretan, noski, Portugalgo urautsia atxiki izanak lagunduko du». Lindenek bi albiste esanguratsu ere eman zituen. 2015eko urriaren 15 eta 2017ko otsailaren 28a bitartean neskentzako olatu handietako bi txapelketa egingo dira lehen aldiz, bata Hawaiin (Pe'ahi) eta bestea Kalifornia Beherean (Todos Santos). Bestalde, QS edo bigarren mailako itzuli baten berri ere eman zuen BWT itzuliko zuzendariak. Bi txapelketako itzuli txikia izango da, urria eta otsaila artean hau ere. Txapelketa bat Ameriketako Estatu Batuetan izango da, Oregoneko urautsian, eta bestea, berriz, Euskal Herrian bertan, Galea muturrean. Beraz, lehen BWT zirkuituan zeuden bi urautsi mailaz jaitsi dituzte eta aurrerantzean QS mailako munduko txapelketak izango dira. Lindenek garbi hitz egin zuen: «Urte luzez pentsatu izan dugu Nazareko olatua arraun eginaz hartzeko ezinezkoa zela, baina hesi horiek hautsi dira, eta egiazko proba egiteko ordua iritsi da, olatu handietako txapelketa bat. BWT itzuliko plangintzak aurrera jarraitzen du, aurten emakumezkoen txapelketak ere izango dira eta QS mailako itzulia ere martxan jarriko da». Lehiakideei dagokienez, guztira 24 surflarik parte har dezakete zirkuituan. Batetik, iazko itzulian lehen hamar postuetan geratu ziren lehiakideak daude. Gero, txapelketa bakoitzak lekuko sei surflari gonbida ditzake olatu handien mundu txapelketan parte hartzera. Beste hiru gonbidapen-wildcard Big Wave Tour erakundeak berak banatzen ditu eta lesio bategatik itzulia utzi duen norbaiten postua lortzeko plaza bakarra dago. Azkenik, iaz Performance of the Year Award saria jaso zuten lau lehiakiderentzako lekua dago. Gauzak horrela, iaz olatu handien munduko itzulian lehiatu zen Natxo Gonzalez bizkaitarrak ez dauka aurtengoan lehiatzeko plaza ziurrik, eta gonbidapen-wildcardak eskuratzen baditu soilik lehiatu ahal izango du BWT itzuliko txapelketetan. Bestalde, aurten abian jarri den olatu handietako QS itzulian ere lehiatu ahal izango du eta emaitza onak lortzen baditu, datorren urtean berriz ere goi mailan aritzeko aukera izango du. HIRU BERRIKUNTZA Hiru dira kontuan hartzeko berrikuntza nagusiak, Nazare urautsia zirkuituan atxikitzea, neskentzako proba bat egitea eta QS mailako txapelketen indartzea. GALEA MUTURRA EZ Iaz, azken hamarkadetan izan diren itsaski handi eta iraunkorrenak izan arren, antolatzaileek ez zuten txapelketarik egin eta aurtengoan Galea lurmuturraren lekua Nazarek hartu du.