Jaime VALVERDE
ANTZERKIA

Hargatik bizi

Donostiak&flexSpace;eman duen pertsonaia miresgarri bat da Julio Villar. Mendizale amorratua, izen handia egin du, besteak beste, munduari belaontzi txiki batekin emandako biragatik. Mikel Sarriegiren obra honetan balentria horren berri ematen bada ere, Villarren pentsamendu eta bizitza-filosofia dira muina.

Belaontziaren nabigatzea iradokitzen duten zenbait momentu kenduta, obra gehiena Villarrek bizitzarekiko duen jarrera erakustean datza. Bizitzari adarretatik heldu dion pertsona bat erakusten zaigu, Mendebaldeko bizimodu artifizial eta alienatutik urrun bizitzen jakin duena. Itsasoa, haizea, isiltasuna eta oraina ditu jainkotzat; jabegoa, dirua, zarata eta etorkizuna gurtzen dituen gizarte batean.

Jokaera berezi horrek pentsamendu arruntaren baitan sortzen duen ez-ulertzea adierazi-edo, bere erabakien zergatiaz behin eta berriz galdetzen dion pertsonaia bat izango du etengabe atzetik. Villarrek, ordea, Ekialdeko jakintsu bat balitz bezala, ez du justifikaziorik eman beharrik ikusten.

Obraren zati handiena ideia horren bueltan antolatzen denez, uste dut emaitza diskurtsiboegia dela. Ekintza dramatiko gehiago eta gatazka garbi bat izateak on egingo liokeelakoan nago. Hala ere, omenaldi sentibera eta zintzo bat osatzen du, oso interesgarria den pertsona baten ikuspegia emanez.