Andoni ARABAOLAZA
ALPINISMOA

Eiger mendiko «Harlin direct» bidea neguan eta estilo arinean

Balentriaren protagonistak hiru alpinista frantziar izan dira: Max Bonniot, Pierre Labbre eta Seb Ratel. Bost eguneko eskalada izan da.

Eiger mendiko ipar horman “Harlin” bidea zabaldu zenetik mende erdi bat igaro da. Zehaztu behar dugu denbora hori pasa dela zabaltzen hasi zirenetik. Izan ere, John Harlin estatubatuarra Dougal Haston sokakidearekin marra hori sortzen ari zela hil egin zen; hain zuzen ere, jumareatzen ari zela soka puskatu zitzaion. Gailurretik 600 metrora zegoen.

Bidea erdizka geratu zenez, Hastoni hura bukatzea otu zitzaion. Jorg Lehne, Gunther Strobel, Roland Votteler eta Siegfried Hupfauer alemanekin batera ipar horma enblematiko horretan 1.800 metro luze den lana borobildu zuen. Harlin kidearen omenez, boskoteak proposamen berriari “Harlin direct” izena jarri zion.

Ekarpen horrek Eigerren “langa” altxatu zuen. Aitortu beharra dago marra horrek ez duela makina bat igoera; antza denez, oso luzea izateaz gain, arroka txarra duelako. “Harlin direct” bidearen azken ekarpen azpimarragarriena Robert Jasper alemanak eta Roger Schaeli suitzarrak eman zuten; izan ere, marra hori askatu zuten era alpinoan: M8, 7a, E5. Hori bai, “Heckmair” bidetik irten ziren.

Pasa den martxoan, bestalde, hiru alpinista frantziar gai izan ziren “Harlin direct” neguan eta estilo arinean eskalatzeko. Antza denez, estilo horretan egiten den lehendabiziko igoera integrala izan da. Protagonistak honakoak dira: Pierre Labbre, Max Bonniot eta Seb Ratel. Hirukote horrek bide historiko hori gainditu ahal izateko bost eguneko lan eskerga egin behar izan zuen.

Hastapenetara itzuli

Hurrengo lerrootan, Ratelek berak kontatuko digu “Harlin direct” bidean egin zuten eskalada eta bizitako eskarmentu.

«Bi urte pasa ditut neguan jarduera handiegirik egin gabe. Baina aurten ticket bat hartzea otu zait. Nire begiak sakelako telefonora begira daude une oro. Jakin badakit, hatz batekin ukitzen badut hurrengo hamabost egunetarako eguraldi iragarpena eskainiko didala. Martxoaren lehendabiziko egunetan gaude eta leiho onik ez da ikusten. Berriki izan dugu mendi gidari izateko egonaldia, eta biharamuna gogorra izan dut: kristoren buruko mina dut!

Meteo Franceko gure eguraldi gizonaren, Yanen, hitzak oso argiak dira: ‘Hurrengo egunak aprobetxatu behar dituzue!». Baina nire birikek zein eztarriak gogorarazi didate asteburuan berandu arte eta ia arroparik gabe elurretan ibili naizela. Baina zazpi egun bikain iragarri dituzte, eta horri ezin zaio muzin egin.

Pierre Labbre eta Max Bonniot oso motibatuta daude. Aurretik Alpeetako sona handienetarikoa duen hormatzar batean abentura eder bat dugu: Eigerreko ipar horman. ‘Harlin’ bidea eskalatu nahi dugu. Marra luzea eta oso-oso tentea dena. Dakigunez, neguan eta estilo alpinoan soilik igoera bat du. Eta, gainera, jatorrizko irteera erabili gabe. Horren inguruan ez dago argibide zehatzik. Geure egoa oso garatua dugunez eta oso perfekzionistak garenez, ‘Harlin direct’ bidea oso-osorik eskalatu nahi dugu: hots, bide integral guztia.

Eskaladaren 47 luzeak prestatu ahal izateko, bi egun jo eta ke jardun genuen. Janaria, fisureroak eta txaketak bi petatetan sartu ditugu. Pisu handia dute, baina, badaezpada ere, dena eramaten dugu; izan ere, agian paretan zazpi egun pasatuko ditugu.

Martxoaren 9an lehen urratsak egin ditugu. Hormatzarraren oinarrira heldu eta Eigergletscher tren geltokian bibaka egin dugu. Neguko aire lehorrarengatik, gauen zehar nire eztula areagotu egin da. Ia ez dut lorik egin, eta era berean nire kideak izorratu ditut. Egoera ikusita norberak bere buruari honakoa galdetzen dio: ‘Aurrera jarraitzeak merezi ote du?’. Gainera, pareta 70 zentimetroko elur hautsarekin estalita dago.

Iratzargailua martxan da. Hasierako baldintzak ez dira oso txarrak. Pixka bat denetarik egin dugu: luze tenteak zein klasikoak eskalatu, petateak igo... Ez dakit zer den gogorrena: luze zailak igo edo pisu handia duten motxilak igo.

Lehen bibaka oso erosoa izan da. Baina arratsaldeko zortzietatik aurrera, paretaren goialdetik elur hauts erauntsiak erortzen hasi dira. Izaera honetako neguko jarduera bat egiteko funtsezkoena zera da: luze bat bestearen atzetik gainditu, baina minik hartu gabe. Estiloari ez diogu garrantzi berezik ematen. Une batzuetan pioletekin eskalatzen dugu; beste batzuetan, aldiz, soilik atzamarrekin. Iltze bati heltzen baitiogu ez da ezer pasatzen. Une batzuetan ez dago babesteko ezer, eta geure buruengan konfiantza guztia jarri behar dugu arroka kaskar horretan eskalatzeko. Uste dut alpinismoaren oinarrizko zutabean gaudela: gailurra lortu behar dugu. Egunak pasa ahala, geure erritmoa hartu dugu. Lasaitu gara, eta geure automatismoak aurkitu ditugu. Soka finkatu, aseguratu eta petateak igo. Horiexek dira egunero egiten ditugun lanak. Soilik nire eztula zein sasoia izan daitezke oztopo.

Laugarren egunean, ‘Harlin direct’-ek eta bide klasikoak bat egiten duten lekura heldu gara. Oraindik aurretik bi bibak ditugu eta eguraldiari adi egon beharra dugu. Jatorrizko irteeraren enigma askatu nahi dugu. Argazki batean dagoen marra batek soilik ze norabide hartu behar dugun aipatzen digu. Espit eta iltze bakan batzuek puntu horretara eraman gaituzte, baina bi luze egin eta gero ez dugu ezer ikusi. Gauaren presiopean Pierre tximinia aurkitzen saiatzen da. 100 metro egin ditu gora eta behera, guztia ia babeslekurik gabe. Ez dago bibaka atontzeko lekurik. Terraza txiki batera jaitsi gara. Gure laugarren gaua da. Soilik egun on bat dugu aurretik, eta leher eginda gaude. 4.000 metrora, baldintzak oso ezberdinak dira. Izotzak elur hautsari lekukoa eman dio. Luze horietan geure arreta osoa jarri behar dugu. Arratsaldean gailurrera heldu gara; badirudi alanbre batean oreka egin behar dugula. Astebete eman dugu eskalatzailerik ikusi gabe. Ez dugu aztarnarik utzi eta argazki soil bat aterata lortu dugu gure xedea borobiltzea».