GARA Euskal Herriko egunkaria
Aizkora

Rekondo eta Larrañaga, finalaren atarikora

Azpeitiarra eta leitzarra izan ziren Getarian jokatu zen final-laurdenetako azkeneko kanporaketako onenak. Larunbatean jokatukodira finalerdietako bi norgehiagokak.


Mikel Larrañagak eta Jon Rekondok lortu zuten Urrezko Aizkorako Buruz Buruko finalerdietarako txartela. Hala, dagoeneko ezagutzen da azken-aurreko neurketetan arituko diren aizkolarien zerrenda: Azpeitikoarekin eta Leitzakoarekin batera, Atutxa, Otaño, Kañamares, Arria, Mugertza eta Txapartegi ere izango dira.

Sekulako jendetza batu zen Getariako plazako pilotalekuan final-laurdenetako azkenengo saioa ikustera, eta oso neurketa ederrak ikusi ahal izan zituzten, gainera. Lau aizkolari izan ziren lehian, eta bi fasetan aritu ziren. Aurrenekoan bi finalerdi jokatu ziren, orain arte egin duten bezalaxe; bakoitzeko irabazleak besteko galtzailearen aurka aritu behar zuen azkeneko saioan, eta horko irabazleek lortu zuten aurrera egitea.

Bi 60 ontzako moztea izan zen aizkolariek hasteko egin behar izan zuten lana. Larretxea eta Saralegi izan ziren aurrena neurtu ziren aizkolariak, eta Donatok eskuratu zuen garaipena, bere lana 5 minutu eta 13 segundoan amaituta; Saralegik, berriz, 7 minutu eta 48 segundo behar izan zituen.

Beste neurketan, berriz, Mikel Larrañaga eta Jon Rekondo neurtu ziren, eta azpeitiarra izan zen norgehiagoka horretako onena, bere lana 4 minutu eta 22 segundoan amaituta; minutu pasatxoko aldea atera zion aizkolari nafarrari.

Finaletan, berriz, lana bikoiztu zitzaien, eta tartean zutikako 45 ontzakoa ere ebaki behar izan zuten. Lehen finalean Larrañaga eta Saralegi lehiatu ziren, eta neurketa polita izan zen hori. Azkenean azpeitiarra gailendu zen eta finalerdietarako txartela eskuratu zuen. Beste finalean, berriz, Larretxea eta Rekondo aritu ziren. Horretan leitzarra izan zen onena, bi minutuko aldea atera baitzion Larretxeari.

Bi finalerdiak datorren larunbatean jokatuko dira. Eguerdian, Galdakaon, 12.00etan, Atutxa, Otaño, Kañamares III.a eta Larrañaga neurtuko dira, eta iluntzean, 19.00etan, Ataunen, San Gregorio auzoan, Arria V.a, Mugertza II.a, Txapartegi eta Rekondo jardungo dira.

23 urtez azpikoetan atzo jokatu zen azkeneko kanporaketa. Eneko Saralegik erraz hartu zuen mendean Jauregi eta finalerako txartela lortu zuen. Han Otañorekin eta Larrea III.aren aurka lehiatuko da.

Kanporaketa

Euskal Herriko Lehen Mailan jarraitzeko kanporaketa jokatu zuten herenegun Juanjo Lopezek eta Ander Erasunek, eta Lopezek lortu zuen garaile ateratzea, eta ondorioz maila nagusian jarraitu ahal izango du. Aurtizgoak, berriz, aurten Bigarren Mailan aritu beharko du. Bi kana-erdiko, bi 60 ontzako eta bi oinbiko ebaki behar izan zituen bakoitzak. Lehia estua izan zen, baina Lezaungoak bere eskarmentua baliatu zuen irabazteko.