Marc-Andre Leclercek bakarkako eskaladan langa goian ezarri du
Alpinista kanadarrak Canadian Rockies mendilerroan, Robson mendiko Emperor hormatzar ikusgarrian, 2.000 metroko igoera bikaina egin berri du. Pareta eskalatu ahal izateko, «Infinite patience» bide gogorra aukeratu zuen; VI eta M7 zailtasunak ditu.
Duela hilabete, Marc-Andre Leclerc orrialdeotara ekarri genuen, Luka Lindic esloveniarrarekin batera Canadian Rockies mendilerroko Tuzo mendian “Lindic-Leclerc” bidea (1.100 m, M7+, WI+, R) zabaltzeagatik. Eta hurrengo lerrootan ere alpinista kanadarra izango da protagonista; izan ere, mendilerro horretatik irten gabe goi mailako bakarkako eskalada bat egin berri du.
Horretarako Canadian Rockies-eko mendi garaiena, Robson mendia (3.954 m) aukeratu zuen. Eta hori gutxi izango balitz, mendi multzoko hormatzar ikusgarrienetariko batean bakarka jardun zuen: Emperor paretan. 2.000 metroko desnibela duen pareta horretako “Infinite patience” marra (VI, M7) eskalatu zuen.
Horrenbestez, aurreko kronika batean aipatu genuenez, alpinismoaren munduan Leclerc protagonismo berezia hartzen ari da; batez ere, bakarkako espezialista handi gisa aldarrikatzen ari da bere burua.
Argi geratu da Leclercentzat Robson mendiko Emperor hormatzarrean egin duen eskaladak nolabaiteko kutsu berezia duela, haren inguruan testu luzea idatzi baitu. Eta hori alpinisten artean ez da batere ohikoa. Kanadarrak berak horrela azaldu du hartutako erabakia: «Eskalada bati buruz idazten denean kontraesan batek bere burua altxatzen du: zenbat eta eskarmentu handi eta sakonagoa izan, orduan eta zailagoa gertatzen da idaztea. Izaera horretako eskalada txundigarri bat ezin da lerro gutxitan laburbildu».
Horixe dio alpinista kanadarrak, eta bere ibilbidea ikusita, ez dugu uste ezer “saltzen” ari denik. Hurrengo idatziaren laburpenean azaltzen duenez eta hainbat berezitasun kontuan hartzen baditugu, Canadian Rockies mendilerroan eskalatzea ez da haur jolasa. Ez. Leclercek bi kilometroko horma horretan makina bat “oztopo” gainditu behar izan zituen: hasierako izotzezko zutoina, izoztuta zeuden artesi asko garbitu behar izan zituen, erlaitz zein elur perretxikoei iskin egin behar izan zien, mistoko eskalada gogorra... Alabaina, protagonista honentzat bidearen giltza gailurrerian egin zuen 800 metroko zeharkaldia izan zen: «Ez da teknikoa, baina buruari eta sasoiari asko eskatzen die. Tontorra zapaltzeko tarte hori luzea da oso, eta arrisku handia duen elur bertikalean lan eskerga egin behar da».
«Esperientzia izugarria»
«Canadian Rockies mendilerroa bakarka eskalatzeko leku beldurgarria da: lekutan dauden mendi handiak dira. Oro har, arrokaren kalitatea txarra da. Eta istripuren bat izanez gero, beharrezko azpiegiturarik ez dago. Mendi horien beste ezaugarri bat da horiek igotzeko garai onenak udaberria, udazkena eta negua direla. Urtaro horietan, besteak beste, arroka izoztuta dago eta jokalekua askoz ere ikusgarriagoa da. Pareta asko eta asko elurrik gabe daudenean, eskalada askoz ere errazagoa izan daiteke, baina beren baitan arrisku handi bat dute: harkaitzen erorketak.
Mendilerro horretan izan nuen nire lehen esperientzia 2014. urteko azaroan izan zen. Zero azpitik 35°ko tenperatura zegoen, eta Andromeda mendiaren “Shooting Gallery” bidea hautatu nuen. Bizi izan nuena oso gogorra izan zen. Ordutik hona, mendi horietan hainbat kiderekin eskalatu dut, eta berriro ere barruan nuen guztia eman behar izan nuen: bazirudien nire mugak gainditu nituela. Martxoaren 25etik apirilaren 11ra nire kide esloveniar Luka Lindicekin lau bide alpino eskalatu nituen. Gogorrena Tuzo mendiaren ipar aurpegian zabaldu genuen mistoko marra ikusgarria izan zen. Ondoren, Luka etxera itzuli zen, eta bakarrik geratu nintzen. Autorik ez nuenez, garraio publikoa erabili nuen, eta, jakina, auto-stop egin behar izan nuen.
Nire zerrendako lehenengo helburua Andromeda mendia zen. Ez nuen telefonorik, ordularirik, ez eta teknologia berririk eraman. MP3 bat eta bere entzungailuak soilik. Andromeda mendian eginiko bakarkako jarduera beroketa lanetarako ondo etorri zitzaidan.
Jakin banekien hurrengo xedea, Robson mendikoa, gogorra izango zela. Autobusak errepidearen bazter batean utzi ninduenean ikusi nuen Robson mendia lehen aldiz. Dorre baten itxura zeukan, eta errepidetik bertatik ikusita mendi handia iruditu zitzaidan; bazirudien gailurra planetaren beste aldean zegoela.
Hurbilketa bidea luzea eta basatia izan zen. Emperor hormatzarra pixkaka-pixkaka agertzen hasi zen. Glaziarraren ondoan dagoen lakuan denda altxatu nuen. Afaltzen ari nintzen bitartean, isilean, eskalatu behar nuen bidea aztertzen hasi nintzen. Lainoek horma iluntzen zuten, eta gailurreriaren gainean laino lentikular erraldoi bat zegoen. Morrenatik gailurreria horretan jotzen zuen haizete bortitzaren hotsak entzuten nituen. Egoera horrek beldurtu egin ninduen, eta neure buruari hainbat galdera egin nizkion: prest al nengoen izaera horretako helburu bati ekiteko? Pareta erraldoi horretan oso arin eskalatzeko fisikoki eta burutik erresistentzia nahikoa izango ote nuen?
Nahiz eta hego haizeak astindu, luze lo egin nuen. Biharamunean, aldatsak tentetzen hasi zirenean, arnesa jarri nuen. “Infinite patience” bidearen zutoinean sartu nintzen. Baldintza finak zituen. Horren ondoren, hainbat korridore igo nituen, eta tarte horietan guztietan elur asko zegoen. Arrokara iritsi nintzenean ohartu nintzen elur hautsarekin estalita zegoela. Lan eskerga egin behar izan nuen elur hori askatzen eta artesiak bilatzen. Branka arriskutsu batera heldu nintzen, eta elur sakonean bide bat zabaldu nuen. Lekua ez zen batere erosoa, besteak beste, ondoan zeuden erlaitzak zein elur perretxikoak saihestu behar nituelako.
Horren ondoren, baldintzak egonkortu ziren. Marrak dituen sona handiko mistoko sekzioetara erritmo onean iritsi nintzen. Garbiketa lan handia egin nuen, eta beldur nintzen elurra ez ote zen nire txaketa barruan sartuko; hipotermiaren mamua hor zegoen. Blai eginda nengoen, baina, zorionez, gailurreriarako bidea hartu nuenean eguzkiak egundoko harrera egin zidan. Arropa lehortu eta lau litro ur prestatu ondoren, “Infinite patience” bidearen azken tarteari ekin nion. Aurretik 800 metroko zeharkaldia nuen; uste dut bidearen giltza dela. Elur sakona, tentea, arriskua... denetarik du.
Ilunabarrean Robson mendiaren tontorrarekin “topo” egin nuen. Ikaragarria zen Canadian Rockies mendilerroaren ikuspegia! Pozarren nengoen, baina bide batez jakin banekien ezin nuela mendebaldeko aurpegitik segituan jaitsi; izan ere, oinak minbera nituen. Egoera hori ikusita, erabaki hau hartu nuen: gailurrean bertan zulo bat egin eta han lo egitea.
Gaua ez zen batere ona izan, haizearen astinduak bortitzak baitziren. Azkenean, lo-zakutik irten eta jaisten hasi nintzen. Jarduera oso onik bukatu nuen. Bizitako magia egiazkoa bihurtu zen. Bai, alpinismoaren esentzia benetako abentura batean dago!».