16 MAI 2016 Eskalada Kopako Harriko granitozko eskalada eskola eraberritzen ari dira Aiako Harriaren parean dagoen mendi horrek lau sektore ditu: Bordillos, Eguzkilore, Brisa Kale eta Tartalo. Oarsoaldeko zein Lesakako eskalatzaileak bideak berrekipatzen eta beste batzuk zabaltzen ari dira. Andoni ARABAOLAZA Euskal Herrian granitoan eskalatu nahi bada argi dago soilik bi eremu ditugula: Aiako Harria eta Kopako Harria. Biak parez pare daude. Batzuek diote Kopako Harria Aiako Harriaren itzalpean dagoela. Hala izango da batez ere kontuan hartzen badugu mendi horiek duten garaiera. Baina Lesakako mendi hori xumeagoa bada ere, aurreratu dezakegu eskalatzaileentzat eremu eder bat jasotzen duela. Aiako Harriari bezala, Kopako Harriari ere granitoan eskalatzeak xarma berezia ematen dio; izan ere, Euskal Herriko mendi zaharrenen aurrean gaude eta Euskal Herrian apenas dago granitorik. Hein handi batean esan dezakegu Kopako Harria oso ezezaguna dela. Baina, era berean aurreratu dezakegu, eskalada eskola hori bisitatzeak merezi duela. Zergatik diogun hori? Bada, lau sektore eta 40tik gora bide dituelako, asko eta asko kalitate onekoak direlako, ingurua ederra baino ederragoa delako... Oro har, esaten ari garen bezala, Tartalo, Bordillos, Eguzkilore eta Brisa Kale sektoreak oharkabean pasatzen ari dira. Ia bide guztiak ekipatuta daude. Marra asko luze batekoak dira, baina, alabaina, biko eta hirukoak ere eskala daitezke. Eraberritzen Agian bitxia izan daiteke, baina Kopako Harrian zabaldu diren bide gehienek Oarsoaldeko eta batez ere Oiartzungo eskalatzaileen sinadura daramate. Hauek izan dira granitozko eskalada eskola horren sortzaileak, bultzatzaileak eta, egun, zaindari nagusiak. Lan eskerga egin dute eta egun ere lan handia egiten ari dira. Horrekin esan nahi dugu bide berriak zabaldu eta beste batzuk berrekipatzen ari direla. Eta lan horretan, zorionez, Lesakako lagun batzuk batu zaizkie. Baina, zoritxarrez, eskalatzaileok lan horiek aurrera eramateko ez dute behar den laguntzarik jaso: «Nafarroako Mendi eta Eskalada Federazioak leku hau ez du aintzat hartzen. Eta Gipuzkoako Mendi Federazioak bere berrekipatze kanpainan ez du Kopako Harria sartu. Azkenean, lan hori guztia geure kabuz egiten ari gara. Oraingoz, marra batzuk berrekipatzen ari gara eta, horretaz gain, proposamen berri batzuk egin ditugu. Geure asmoa bide gehiago zabaldu eta eraberritze lan horietan jarraitzea da». Horixe da, beraz, Kopako Harrian dauden lau sektoreen egoera. Momentuz, irudian dauden sektoreetan ari dira lan handiena egiten. Tartalokoak, berriz, pixka bat itxaron beharko du.