17 MAI 2016 IKUSMIRA Pedagogia berria gu geu aldatzetik hasten da Maider Iantzi Kazetaria Kazetari ogibidearen plazerik handienetakoa da hainbat arlotan zuk baino aunitzez gehiago dakitenei aditzea. Koadernoa magalean hartuta ideiak apuntatzen joatea, edo kontakizunean erabat sartuta, apunteak hartzea ere ahantzi eta grabagailuaz fidatzea. Ikasi duzun sentsazioarekin gelditzea eta, oraindik hobeki, ikasteko gogoarekin eta zure barrenean zerbait mugituta. Halaxe atera naiz Malagako Unibertsitatetik etorritako Anjel I. Perez Gomez irakasle eta ikertzailearen hitzalditik. Ordubetean marraztu du defendatzen duen pedagogia berria, neurozientziarekin lotura interesgarria eginez eta, bide batez, gure garunak kontent utziz. Irakatsi izan digutenaren kontrara, neuronak ugaldu egiten direla baieztatu baitu. «Beste gauza bat da gero erabiltzen ditugun», erran du irriz. Baina ugaldu ugaltzen dira. Orain arte sinetsi izan dugun herentzia genetikoaren kontua ere gezurra omen da. «Tontoa da, bere aita bezala» eta horrelakoak. Gainera, burmuinak mugarik gabeko plastikotasuna du ikasteko, ez gaztetan soilik, bizi osoan baizik. Aitzakiarik ez dugu, beraz, buruko gimnasiarik ez egiteko. Eta zer da ikastea? Aditu honen ustez, geure burua aldatzea da. Horixe da pedagogia berriaren gakoa. Esplikatu duenez, gure eskemak inposatzen saiatzen gara beti eta behin eta berriz balio ez dutela ohartzean soilik aldatzen ditugu. Praktika teorizatzea eta teoria esperimentatzea proposatzen du. Horrek ahalegina eskatzen du, baina gustura egiten dugu funtzionalitatea ikusten badiogu eta motibatzen bagaitu, gure bizi proiekturako balio duelako.