25 MAI 2016 IKUSMIRA Gure birramonak eta amonak Xole Aramendi Kazetaria Pentsatu izan dugu gure aurreko emakumeek erizain eta zaintzaile papera jokatu zutela gerra garaian. Gudaria, gizonezkoa, zihoan frontera, borrokara, eta etxera bueltatzean emakumearen zeregina haren zauriak (fisikoak zein psikologikoak) sendatzea zen. Bigarren planoan irudikatu ditugu gure birramonak eta amonak, gizonaren esperoan, garaiko etxekoandre finei zegokien bezala. Beren buruari ez, senarraren eta seme-alaben ongizateari begiratuz. Hainbat ekitaldi egin dira azkenaldian emakumeak gerra garaietan izan duten protagonismoa aldarrikatuz. Ez zaintzaile bezala, borrokalari moduan baizik. Frontean ere ibili baitziren, nahiz saldu diguten iruditerian ez agertu horrela. Agintariak ere batu dira orain argazkira. Hamarkada luzeak igaro behar izan dira hainbat herritarren lan eskergari esker dozenaka emakume ezkututik atera eta lehen planora ekartzeko. Elgetan orain gutxi ospatutako ekitaldia da horren adibideetako bat. Ez da bakarra. Etxe barruan irudikatu ditugu. Senarrak irabazitako diruaren ardura beren gain zutela, baina etxean. Bere azken liburuetan emakumeek borrokarako duten kemenaz galdetuta, Iñigo Aranbarrik kontatua da: «Gizonezkoak arduratu ziren etxera dirua ekartzeaz, baina benetako indarra, dirua gestionatu eta arazoez kezkatu, ikuspegi askoz zabalagoaz, emakumeek egin izan dute. Nik etxean ikusia da. Greba eguna izanik gure aitona lanera zihoan eta amama izan zen esan ziona ‘zu ez zoaz lanera, gaur greba eguna da-eta’». Nire bi amonak ere berdin irudikatu ditut.