GARA Euskal Herriko egunkaria
GUTUNAK

E8tik E5era


Orain dela bi urte, E8an izan ginen, hainbeste herritar elkartu zituen gisa katean. Orain, ekainaren 5ean, E5ean, berriz ere kalera aterako gara; baina, oraingoan, aldamenekoaren eskuari heldu beharrean, boto bat izango dugu eskuan gure etorkizuna lantzen joateko.

Duela bi urte, biharamunean, ekainaren 9an, ez ginen independente esnatu, eta ekainaren 6an ere ez gara independente esnatuko, baina, ameskerietan ibili gabe, gure ametsetik gertuago izango gara.

Izan ere, beste hark esaten zuenez, «zenbat eta gehiago saiatu, besterik ez, baina helburua lortzetik gero eta gertuago egongo gara».

Beharbada, ez zinen E8an erabakitzeko eskubidearen aldeko kate hartan izan. Orain, baina, galdeketan parte hartzeko eskubidea izango duzu. Ez da galdeketa «ofiziala» izango, baina, zure eta nire iritzia ezagutzeko balioko du, baldin eta parte hartzen baduzu. Nik parte hartuko dut.

Eta, gero? Ba, behin ikasita denon artean gauzak erabaki ditzakegula, galdeketa nolabait ofizial bihurtzeko lanean jarraitu beharko dugu, eta, zenbat eta jende gehiago saiatu bide horretan, gero eta gertuago izango dugu helburua: guztion artean erabaki ahal izatea gure etorkizuna. Ordura arte, bidelagun nahi zaitugu. E5ean, etorri eta bozkatu.