28 MAI 2016 Aizkora Aitzol Atutxa buru dela jokatuko da Urrezko Aizkorako finala J.L. Aitzol Atutxa, Jon Rekondo, Arria V.a eta Eneko Otaño neurtuko dira gaur Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan, 19.00etan, Urrezko Aizkorako txapela lortzeko asmoz. Atutxa da egungo txapelduna, eta faboritoa ere bai, adituen ustez, nahiz eta hori gero pilotalekuan erakutsi beharko duen. Lau aizkolariak ere oso maila onean dauden kirolariak dira, baina askok Atutxaren eta Arriaren arteko lehia ikusten dute. Rekondo ere azkeneko urte hauetan hor goian ibili da, eta ezustea emateko prest joango da Azpeitira. Denetan gazteena eta berriena Eneko Otaño da. Galtzeko ez darama ezer, eta sasoi betean dago. Oso kontuan hartu beharko da bere lana. Baina maila nagusikoez gain, 23 urtez azpikoena ere jokatuko da leku berean, eta hor arituko dira Eneko Saralegi eta Eloy Kortxero. Azken honek min hartu duen Larrea III.a ordezkatuko du. Eneko Otaño final hau jokatzeko ere sailkatuta zegoen; bera da mailako egungo txapelduna, baina final nagusian ere badagoenez, hori jokatuko du. Leku berean, txingatan emakumezkoen errekor berria ezartzen saiatuko da Xanta Sousa. Lesakan bizi den brasildarrak 50 kiloko txingak erabiliko ditu esku bakoitzean. Nazabalen omenaldia Floren Nazabalek omenaldia jasoko du bihar bere herrian, Etxarri Aranatzen, 12.00etan. Txapeldun handia izan da Floren. Bai enborraren gainean, baita plazetatik kanpo ere, denek maitatu izan duten horietakoa da, eta bere egun handian ez dute bakarrik utziko. Gerria izan da bere etsai, lan asko eman dio beti, eta azkenean arazo horrek berak utzi du plazetatik kanpo.