30 MAI 2016 Aizkora Aitzol Atutxak lehen probatik erakutsi du txapelduna zein den Arria V.ak lortu du finaleko bigarren postua, Jon Rekondok hirugarrena eta Eneko Otañok itxi du sailkapena. Jon LEUNDA Ez zen ezusterik izan eta Aitzol Atutxak irabazi zuen Buruz Buruko Urrezko Aizkora. Arria V.a, Rekondo eta Otaño sailkatu ziren bizkaitarraren atzetik. 45 ontzakoa zeinek kolpe gutxiagotan ebaki zen egin beharreko aurreneko lana, eta hor Atutxa II.a izan zen azkarrena. Bizkaitarrak 39 kolpetan amaitu zuen lana. Bi gehiago behar izan zituen Rekondok, zazpi gehiago Otañok, eta hamar gehiago Arria V.ak. Bigarren lanean, aizkolari bakoitzak 45 ontzako enborra zeinek azkarrago ebaki neurtu ziren, eta Rekondo izan zen onena. Leitzarrak minutu eta 10 segundo behar izan zituen lanak amaitzeko. Bi segundo gehiago behar izan zituzten Arriak eta Otañok, eta sei gehiago Atutxak. Lehen bi probak amaituta, Rekondo zen lehen sailkatua, baina hirugarren lanean berriro ere Atutxak hartu zuen burua, eta bizkaitarrak ez zuen utzi amaitu arte. Kana-erdiko bat zutik jarrita ebaki behar izan zuten, eta hor azkarrena Atutxa izan zen. 2 minutu eta 3 segundo behar izan zituen bizkaitarrak bere lanak amaitzeko. Atzetik, 24 segundora sailkatu zen Rekondo, Arria V.ak, berriz, 27 segundo gehiago behar izan zituen, eta, Eneko Otañok, 42 segundo gehiago. Erabakigarria Laugarren lanean, aizkolari bakoitzak 60 ontzakoa izan zuen aurrean, eta hori ahalik eta azkarren ebakitzea zen helburua. Jon Rekondo izan zen lantegi horretan azkarrena, 2 minutu eta 16 segundo behar izan baitzituen bere lana burutzeko. Bigarren, Otaño sailkatu zen 22 segundora, atzetik Arria V.a 25 segundora, eta, Atutxa, 27ra. Azkenaurreko saioan, aizkolariek 45 ontzako enborra zutik jarrita, eta tamaina bereko enborra etzanda jarrita ebaki behar izan zituzten. Hor Atutxak ia finala erabakita utzi zuen, Arria bakarrik izan baitzen aurre egin ahal izan ziona. 2 minutu eta 40 segundoan amaitu zuen lana. 13 segundo gehiago behar izan zituen Arriak, 26 segundo gehiago Arriak, eta, Otañok, berriz, 55 gehiago. Lantegi bakarra falta zen dena amaitzeko, eta Aitzol Atutxak nahikoa bideratuta zeukan finala. Zuen aldeari eustea nahikoa zuen garaipena erdiesteko. Azkeneko saioan, aizkolari bakoitzak bi kana-erdiko, bi 60 ontzako eta oinbiko bat erdibitu behar izan zituen. Lan honetan lehen zuen aldea handitu egin zuen aizkolari bizkaitarrak. 15 minutu eta 5 segundo behar izan zituen bere lana egiteko. Probako bigarren lekuan, Arria V.a sailkatu zen, eta errezildarrak 16 minutu eta 20 segundoan amaitu zuen bere jarduna. Eneko Otaño sailkatu zen proba honetan hirugarren lekuan, Beizamakoak 17 minutu eta 7 segundoan bukatu baitzuen. Proba honetako sailkapena Rekondok itxi zuen. Leitzarrak 17 minutu eta 41 segundoan burutu zuen lana. Lan guztiak amaitzeko, 24 minutu eta 31 segundo behar izan zituen Atutxak. Arriak, 26 minutu eta 30 segundo; Rekondok, 27 minutu eta 21 segundo; eta, Eneko Otañok, 28 minutu eta 8 segundo. Eneko Saralegik inongo eragozpenik gabe jantzi du 23 urtez azpikoen txapela Eneko Saralegik eraman zuen 23 urtez azpikoen mailako txapela, Kañamares IV.a mendean hartuta. Errazkingoak aurreikuspenak bete egin zituen txapela lortuz. Leitzarrarekin batera, Larrea III.a eta Eneko Otaño ziren lehiatzekoak, baina aurrenekoak min hartu du eta bigarrena maila nagusian lehiatu zen. Ondorioz, Kortxero zen aritzekoa, baina honek ere ezin izan zuen, eta Kañamares aritu zen. Saralegi lehen lanetik jaun eta jabe izan zen, eta finala beti kontrolpean izan zuen. Lehen lanean, 24 segundo atera zizkion Kañamaresi. Bigarrengoan, berriz, tartea bost segundokoa izan zen, eta, hirugarrengoan eta azkenekoan, berriz, 52koa. Lan guztiak 17 minutu eta 16 segundoan burutu zituen Saralegik, eta 19 minutu eta 11 segundoan, berriz, Oier Kañamaresek. J.L. KONTROLPEAN Aitzol Atutxa zen txapelduna, baita irabazteko faboritoa ere, eta bizkaitarrak norgehiagoka kontrolpean izan du. Azkeneko probara aldearekin sartu da, eta bertan ez dio inori aukerarik eman.