GARA Euskal Herriko egunkaria
KOLABORAZIOAK

Aroztegia Jauregia egitasmo urbanistikoa


Baztanen, Lekarozen, egikaritu nahi duten Aroztegia egitasmo urbanistikoaren aurka egoteko hamaika arrazoi daude. Guk, arkitekto gisa, geure arrazoiak zerrendatu eta plazaratu nahi ditugu.

Proiektuaren sustatzaileek, egitasmoa definitzeko orduan, jasangarria izango dela diote eta bailarari onurak baino ez dizkiola ekarriko. Baina hiri jasangarriari buruz 2007. urtean Leipzigeko Gutunean zehazten direnak edota Nafarroako lurralde eta hirigintza antolamenduak (35/2002) 51.2 artikuluan zehazten dituenak kontuan hartuta, egitasmoa ez litzateke inondik inora jasangarria izango.

Batetik, hurrengo belaunaldiei lurraldea egungoa baino egoera okerragoan utziko geniekeelako (35/2002 arrazoien azalpena). Bestetik, herriguneak era trinkoan haztea sustatu behar delako, herriguneetako trama osatuz eta birgaituz. Aroztegiko egitasmoak, berriz, lur ez-urbanizagarrietan eraikiz, herrigunetik kanpo kokaturiko asentamendua proposatzen du. Zabaltze mota horrek lurrak kentzen dizkie abeltzaintza eta nekazaritza jarduerei, garrantzi ekologikoa duten guneak eraldatzen ditu eta erreserba naturala murrizten du.

7/2015 E.D. legearen 20.1 artikuluak dioenaren arabera, lur ez-urbanizagarria hiri-lur bihurtzeko, hau da, birkalifikatzeko, justifikaturiko beharrak egon behar dira; horrela espekulazioa eragozteko. Kasu honetan, golf zelaiaz eta golf eskolaz gain, 230 etxebizitza berri eraikitzeko 46 hektarea birkalifikatu dira, erabilera publikoko mendia eta erretako baso-lurra barne.

35/2002 legeko 51.3 artikuluak, berriz, mugikortasun jasangarriari buruz dihardu, hirigintza planeamenduak biztanleen desplazamendu beharra murriztu behar duela zehaztuz. Baina Aroztegiko proiektuak, zerbitzurik gabeko asentamendu isolatua proposatzen duenez, motordun ibilgailuen etengabeko beharra sorrarazten du.

Egitasmoaren memorian, (P.S.I.S el área turistica, hotelera, deportiva y residencial en entorno del «palacio de Arozteguia» en Lekarotz) 6.2. puntuan, sustatzaileek diote proiektuaren filosofia garapen jasangarriaren aldeko apustua egitea dela, ingurugiroaren, ekonomiaren zein jasangarritasun sozialaren aldeko apustua.

Jasangarritasun sozialak gizartearen ongizatea izan behar du xedetzat. Beraz, jasangarria izango den edozein proiektuk lekuko eskaera sozialei erantzun beharko lieke; bertakoen bizitza era errespetatuz, bertakoen bizitza kalitatea hobetuz eta proiektuaren diseinuan bertakoen parte-hartze erreala bermatuz.

PSIS edo UGPSaren memoriaren 6.4 puntuan kultura aipatzen da, bailarako kultura errespetatu, mantendu eta zabaltzea egitasmoaren ardatz estrategikoetariko bat dela zehaztuz.

Gaindegiak zenbait udalerritan egindako azterlanean ondorioztatu dutenez, harreman zuzena dago eraikitako etxebizitza berrien kopuruaren eta hizkuntza –euskara– gaitasunaren galeraren artean.

ELE (eragin linguistikoaren ebaluazioa) ikerketaren bidez Lekarozko Aroztegiko UGPS proiektuak lekarzkeen eraginak aztertu dira, eta emaitza argia izan da: bizi kalitatean eta komunitatearen gizarte eta kultura bizitzan eragin larriak sortuko lituzke eta biztanleriaren ezaugarri soziolinguistikoetan berriz, proiektu horren eragina kritikoa litzateke.

Ez luke, beraz, proiektu honek bailarako kultura (euskara) errespetatu, mantendu eta zabalduko.

Bestalde, hirigintza egitasmoak garatu aurretik lekukoek duten benetako eskaeren eta beharren azterketa egin behar da. Dauden etxebizitza beharrak ezagutu eta erantzuna beharrizan zehatz horri emanez. Gainera, oin berriko eraikinak eraiki aurretik jadanik eraikita daudenei eman behar zaie irtenbidea. Hutsik dauden etxebizitzak (Baztanen 800 inguru) eta eraberritu eta berrerabil daitekeen ondare arkitektonikoa lehenetsiz.

Hirigintzari buruz ari garenean, gu guztioi buruz ari gara. Gure bizitzen agertokia izango diren kale, zubi, zuhaizpe, aldapa, eraikin eta parkeei buruz ari gara eta agertoki hori geuk erabaki, diseinatu eta disfrutatzeari buruz.

Hirigintzaz ari garenean, gure herrian eraikiko diren proiektuak parte-hartze bidez erabaki, proiektuei buruz gure iritzia eman eta iritzi hori aintzat hartzeari buruz ere ari gara. Beraz, erabaki dezatela baztandarrek egitasmo hori nahi eta behar duten ala ez.