Johanne Defayk irabazi du Fijin: Mutilen lehiaketa gaur hasiko da
Joahnne Defay frantsesak irabazi du Women’s Fiji Pro 2016 lehiaketa. Maila itzela erakutsi zuten neskek Fijin, ikuskizun handiena ordea, marrazo batek erasota ezker besoa galdu zuen Bethany Hamiltonek eman zuen. Mutilen Top 32 munduko txapelketa gaur hasiko da.
CT itzulia Fiji uharteetan da egunotan, Tavaruan. Pasa den astean amaitu zuten neskek lehen mailako itzulia osatzen duten hamar txapelketatik bosgarrena eta sekulako ikuskizuna izan zela baiezta daiteke. Olatuak oso onak izan ziren eta neskek erakutsitako maila ere sekulakoa izan zen.
Women's Championship Tour itzulian parte hartzen duten hamasei lehiakideak erakusten ari diren surf maila inoiz baino altuagoa da, baina hori bakarrik ez, eskaintzen ari diren ikuskizunak ere gero eta jende gehiago erakartzen du.
Fijiko nesken txapelketan bi izen izan ziren aipagarrienak. Lehena Johanne Defay frantsesa, txapelketa irabazi baitzuen; eta bestea, Bethany Hamilton hawaiiarra, marrazo batek ezker besoa ebatsi zion neskatoak gonbidapen wildcard bati esker parte hartu zuen, eta beso bakar batekin surf egin arren finalerdietara iritsi zen.
Bestalde, mutilen kategoria osatzen duten TOP 32ko lehiakideak ere Fijin dira. Gaur bertan hasi da mutilen CT itzulia osatzen duten hamaika txapelketatik bosgarrena. Hamar orduk o aldea dago, esate baterako, hemen eguerdiko hamabiak direnean Fijin gaueko hamarrak dira. Beraz, ordutegia kontuan hartuta, datozen egunetan zuzenean ikusi ahal izango da Internet bidez munduko ezker olatu onenetakoak eskaintzen dituen urautsian egiten den txapelketa ospetsu hau.
Fijiko olatuak
Fiji uharteetako hiriburua, Viti Levu irlan kokatutako Suva hiria da. Irla hau da, Vanua Levu izeneko irlarekin batera, azalera handiena duen irla. Viti Levu irlatik gertu Tavarua irla dago. Irla txikia da, 120.000 metroko azalera du. Orain gutxi arte jabego pribatua zuen, baina 2010eko uztailean lurzoruaren legedia aldatu zen, eta ordutik posible da irlako leku bikainetan surf egitea.
Kontuan hartu behar da debeku legediaren aurretik munduko txapelketa egiten zela bertan. 1999. urtea eta 2008. urtea bitartean ia urtero egiten zen txapelketa zen hau (2007. eta 2001. urteetan ez zen txapelketarik izan), eta behin debekua amaituta, lau urteren ostean berriz ere bertan surf egiteko aukera pozez hartu zuten lehiakideek. Beraz, 2012. urtean, berriz ere Fiji atxiki zuten munduko lehen mailako zirkuituan eta ordutik goi mailako lehiakideen txapelketa kuttunetako bat da, izan ere, bertako olatuen kalitatea paregabea da.
Restaurants eta Cloudbreak dira Tavaruako olatu ezagunenak. Koral uharteetan ohikoa den moduan, Tavaruan ere olatuak hondartzatik oso urrun lehertzen dira, kanpoaldeko arrezifeetan, ondorioz, bertaratzeko ia modu bakarra ontzian joatea izaten da. Irlatik taularen gainean arraun egiten ere gertura daiteke surflaria, baina irlan gutxieneko azpiegiturarik ez dagoenez, bisitariak beste irletako hoteletan izaten dira gehienetan. Txapelketa Cloudbreakeko urautsian izaten da.
Johanne Defay
Frantzia erdialdean hazi eta hezi den arren denbora asko egin du Lapurdi eta Landetako kostaldean eta pixkanaka munduko surflari onenetako bat izatera iritsi da Defay. 22 urteko neskato honek hirugarren urtea du munduko nesken zirkuituan lehian (WCT) eta itzelezko maila erakusten ari da mota guztietako olatuetan.
Iaz, oraindik ia ezezaguna zela, Huntington Beacheko txapelketa irabazi zuen, beraz lehen mailako txapelketa bat irabazten duen bigarren aldia izan da pasa den astekoa. Hain justu Huntington izango da nesken WCT zirkuituko hurrengo txapelketa; beraz, Defay, sasoi ezin hobean dela esan daiteke.
Bi metroko ezker olatu ederrak izan ziren Fijiko txapelketan. Erreka haize leunak olatu zoragarriak orrazten zituen eta mota guztietako ariketak egiteko aukera eskaintzen zuten ezker olatu luze eta garbiak jasotzen ziren. Denetariko ariketak ikusi ziren txapelketak iraun zuen artean, baita tubo luze eta garbiak ere, baina batez ere olatua marrazten zuten ariketa arinak nagusitu ziren. Horrela iritsi zen Johanne Defay finalera, bizkarkako ariketa indartsuak bira zabalekin elkar trukatzen, ariketak erraz burutuko balitu bezala aritu zen, seguru eta lasai, eta epaileek behar bezala saritu zuten.
Finalean Carissa Moore, hiru bider munduko txapelduna izandakoa, izan zuen arerio Defayk. Ez zen batere txanda erraza, baina frantsesak hawaiiarra mendean hartzea lortu zuen. Horrela, Defayk 17'10 puntu bildu zituen bere bi olatu onenen baturarekin, eta Moorek berriz, 10'70 puntu baino ez zituen lortu. Beraz, ongi merezitako txapela izan zen.
Honela mintzatu zen Defay uretatik atera ostean: «Inoiz ez nuen lortu Carissa garaitzea, beraz beldur nintzen. Gainera, txanda guztietan bederatzi puntuko olatuak egiten aritu da. Eromena izan da, ezin zoriontsuago nago. Nire sendia agurtu nahi dut eta eskerrak eman, nire txandak ikusi ahal izateko gauean lorik egin gabe egon behar izan dutelako».
Txapela irabazteak eragindako pozak, ordea, ez dio Defayri aurrera begiratzea eragotzi, izan ere, datozen txapelketei begira dagoela ere argi utzi zuen: «Aurtengo urtea ongi hasi dut, emaitza onak lortzen ari nintzen eta azken txapelketa honek ranking orokorrean gora egin eta postua egonkortzen lagundu dit, dudarik gabe, baina datozen txapelketak dira niretzat gogorrenak; beraz, oraindik sasoiari eutsi behar diot».
Women’s Fiji Pro 2016, nesken munduko itzulia osatzen duten hamar txapelketetatik bosgarrena zen; beraz, aurrerantzean atzekoz aurrerako kontaketa hasten da.
Gauzak honela, Fijiko txapelketaren ostean aldaketak izan dira WCT rankingean. Tyler Wright australiarra lehen postua galduta bigarren postura jaitsi da. Bere ordez Courtney Conlogue estatubatuarra da orain rankingeko buru.
Carissa Moore hawaiiarrak oraindik hirugarren postuan jarraitzen du, eta bere atzetik, lau postu igo berri ditu Joahnne Defayk. Bosgarren postuan berriz, Sally Fitzgibbons australiarra dago.
Bethany Hamilton
Fijiko ezker olatuak jaistea ez da batere erraza, sakonera gutxiko uretan altxatzen da olatua, koral zorrotzaren gainean, eta haizea lehorretik badator oraindik eta zailagoa bilakatzen da jaitsiera. Munduko surf txapelketa batean parte hartzeko gonbita jasotzea ere ez da batere erraza, eta finalerdietara iristea ia mirari bat da. Bethany Hamiltonek hori guztia lortu du Fijin, eta guztia beso bakar bat duela.
2003. urtean 13 urte zituela marrazo batek ezker besoa ebatsi zion hawaiiarrak sekulako ikuskizuna eskaini zuen Fijin. Bethany ezker surflaria denez (goofy), aurpegiz aritu zen. Tuboak, bira bortitzak eta zortziko (cut back) zabalak egin zituen Bethanyk.
Olatua nola hartu eta beso bakar batekin nola zutitzen zen ikustea espektakulua zen. Eta behin zutik jarri ostean, Bethanyk lehen mailan aritzeko maila duela erakutsi zuen, eta baita ongi erakutsi ere, hain zuzen ere finalerdietara iristea lortu zuen surflari hawaiiarrak. Itzelezko emaitza da dudarik gabe. Zer ez luke egingo neska honek ezker besoa edukiko balu?