GARA Euskal Herriko egunkaria

«Bakeaz» diharduten seiehun piezak hartuko dute Donostia

Nazioarteko hogeita bat museok utzitako hainbat artista esanguratsuren –Rubens, Murillo, Ribera, Picasso, Le Corbusier, Mallo, Asins, Creicher, Spero...– obrak hartzen ditu Koldo Mitxelenan eta San Telmo Museoan bihar zabalduko den «Bake itunak» erakusketak.


Ikusmira sortu duen proiektua da “1516-2016. Bake itunak”. Euskal Herriko zenbait museotara bakearen gaineko hausnarketa ekarri nahi duen erakusketa sortak hainbat iritzi eta irakurketa izan ditu eta, atzo, prentsaren aurrean aurkeztu zuten proiektuaren zati potoloena: Donostiako San Telmo museora (STM) eta Koldo Mitxelena Kulturunera (KMK) nazioarteko hainbat artistaren obrak –600 pieza orotara– dakartzan erakusketa. Ikusmiraren isla da bisitaldiak berrogeita hamar akreditatutik gora izan zituela, guztiak Pedro G. Romero komisarioaren hitzei adi. «Erakusketa antolatzera gonbidatu nindutenean, ‘zergatik bakearen inguruko erakusketa bat? zergatik ez egin kongresu bat?’ pentsatu nuen. Gero konturatu nintzen, batez ere Frantziako Iraultzaren ostean, museoak espazio laiko bilakatu zirela. Erakusketa hau ez da gerra eta bakearen ingurukoa, hitz larrietan idazten den Bakearen ingurukoa da», nabarmendu zuen.

Erakusketak abiapuntutzat hartzen du Francisco de Vitoriaren irudia, XVI. mendean Europako Nazioarteko Zuzenbidearen lehen eskola –Bakearen Iberiar Eskola edo Salamancako Eskola– sustatu zuena. Moriskoen eta juduen kanporatzea eta Amerikako kolonizazioa ere oso presente daude erakusketan, eta baita ere XX. mendetik gaur egunera arte izandako gatazka eta bake hitzarmen ezberdinak.

Hala ere, errepaso kronologikoa egin beharrean, erakusketa antolatzerako orduan tematika ezberdinak sortzea eta ikusleari horien inguruan artearen bidez islatu dena azaltzea erabaki dute. Hala, bederatzi ataletan banatu dute erakusketa (lurraldeak, historia, ikurrak, milizia eta hildakoak STMn; eta hildakoen atalaren jarraipena, biztanleria, ekonomia, armak eta tratatuak KMKn) eta horietan zehar ikus daitezke nazioarteko 21 museok utzitako hainbat artista esanguratsuren obrak: Goya, Rubens, Murillo, Ribera, Picasso, Le Corbusier, Maruja Mallo, Elena Asins, Alice Creicher, Nancy Spero eta Sophie Rostelhueberrenak, besteak beste. Ikusgai dauden lanen artean, besteak beste, Jose de Riberaren “Emakumeen arteko borroka” (1636), Jorge Oteizaren “Politikoki ulertzen duen figura” (1935), Oskar Kokoschkaren “Lagundu euskal haurrei!” (1937), Sophie Ristelhueberren “WB #22, 2005” (1992) Picassoren “Buru bat negarrez” (1937), Jacques Calloten “Urkamendia” edota Malloren “Galburuen kanta” (1929). Artelanak testuinguruan jartzeko dokumentuak ere badaude, eta baita ezpatak, grabatuak, dominak, bastoiak eta garaiko beste hainbat pieza ere.

Atzo prentsarentzat bisitaldi gidatua eskaini ostean, gaur inauguratuko da ofizialki “Bake itunak” eta ekitaldian izango dira Estatu espainoleko errege-erreginak, Iñigo Urkullu lehendakariarekin batera, 11.30etik aurrera San Telmo museoan.

Gainerakoek bihar arte itxaron beharko dute erakusketara sartu ahal izateko. Bi zatiak asteartetik igandera ikusi ahalko dira, 10.00etatik 20.00etara. San Telmora sartzeko 6 euro ordaindu beharko dira, eta Koldo Mitxelenara doan sartu ahalko da. Erakusketa urriaren 12ra arte dago ikusgai.