18 JUIN 2016 HELDUEN LITERATURA Erdigunetik kanpoko bizitzak Estibalitz EZKERRA Hitzaurreko lehen lerrotik bertatik argitzen digu Arantxa Urretabizkaiak “Zuri-beltzeko argazkiak” liburuaren helburua zein den: haurtzaroko oroitzapenen bidez 1947 eta 1960 bitarteko Donostiako giroa azaltzea, «…nolakoa zen bizitza, sasoi hartan, urte haietan, Donostiako bazterreko auzo apal batean bizi zen familia euskaldun, euskaltzale, antifrankista, kristau eta langile baten inguruan» (9). Helburu horrekin, liburua bi ataletan banatuta dago. Lehenengoan, “Notario batek egiaztatuko lukeena” izenekoan, haurtzaroko pertsonaia nagusiak –aita, ama, amona, izeba Pakita– zein “bigarren mailakoak”–Madrileko izeba-osaba eta lehengusu aberatsak, auzokoak– aurkezten dizkigu. Bigarrenean, “Argazkiak”, “idatzizko argazkiak” eskaintzen dizkigu urte haietan eragina izan zuten gaien inguruan: Eliza, gorputza, arropa, ikatza, Franco, dirua, euskara, jolasak, mutilak eta neskak, baserria, jatekoak eta ikasketak. (Argazki tradizionalak, paperezkoak, bi baino ez dira: bata azalean agertzen da, Urretabizkaiaren amak lan egiten zuen Nerecan dendakoa, eta bestea 7. eta 135. orrietan, Txomin Enekoa, idazlea jaio zen etxea). Pertsonaiak eta gaiak, bakoitza atal batean agertu arren, irakurleak aise antzemango du haien arteko lotura: zer eragin izan zuen Elizak familiakoen egunerokotasunean zein gorputz edota generoaren inguruko diskurtsoetan; gerra zein diktadura kontuak, politika oro har etxean inoiz aipatu ez bazen ere zenbateraino baldintzatu zuen etxekoen bizimodua eta inguruarekiko harremana; etxean euskaraz mintzatzen zirelako “munduaren bazter” baten parte ziren sentsazioa; gurasoak pobreak ez zirela esaten tematu arren –inoiz ez zuten goserik pasatu– arropa besteengandik jaso behar izateak eta ikatzezko sukaldea zuen etxe batera mugitu behar izateak bestela adieraztea; kaletar kontzientzia hartzea baserriko osaba-izeba eta lehengusuekin egonaldi baten ostean; ikasketen harira gurasoek seme-alaben artean eginiko bereizketak. Urretabizkaiak aukera zuen iraganari buruzko erretratu nostalgikoa osatzeko, baina ez du hori egin. Ez du eguneroko egoeren aurrean familiakoek agerturiko jarrera epaitzen. Aitzitik, familia dinamika eta testuinguru jakin baten barruan azaltzen digu hobeto uler dezagun. Horrek ez du esan nahi iritzi berekoa zenik orduan edo orain. Amak maiz esaten zion batzuei bitxilore eta besteei arrosa jaiotzea egokitu zitzaiela, eta ordena horren kontra egotearen zantzurik ez zion antzeman haur zen garaian. «Amak argi zuen zein zen gizartean zegokigun lekua, hain zuzen, bitxiloreak zelaietan sortzen dira eta arrosak lorategietan» (121). Giro politikoak zein erlijioak izan bazuten eraginik mundu ikuskera horretan, baita beldurrak ere neurri batean. Orriotan jasotako pasadizoetatik ondoriozta daiteke Urretabizkaia haurra ez zegoela banaketa horrekin pozik, batez ere balio berak errespetatzen zituztenen artean hainbeste kontraesan antzematen zituenean edo jarrera batzuen atzean –neskek eta mutilek egin zezaketenaren arteko bereizketa– aurreiritziak besterik ez zeudenean. Egileak aukera zuen ere bere familia orduko familien ordezkari gisa aurkezteko. Horren ordez, bere orduko errealitatea inguruko beste errealitateekin topo zein tupust egiten azaltzen digu, eta nola enkontru zein desenkontru horien bidez joan zen kontzientzia jakin bat –kaletarra, euskalduna– garatzen. Kontzientzia bat munduaren bazter bati zegokiona, «betiere erdigunetik kanpo» (118).