18 JUIN 2016 sokatira Goiherrik abantailarekin ekingo dio azken saioari J.L. Euskal Herriko Lur Gaineko Txapelketako 640ko azkeneko jardunaldia jokatuko da gaur, Barrikako Iparralde jatetxeko belardietan, 17.30ean hasita. Honekin maila horri amaiera emango zaio, eta hurrengo astetik aurrera 600ekoa jarriko da abian. Lehen posturako emozioa handia izango da. Une honetan Goiherri A dago sailkapeneko lehen postuan, baina puntu bakar bat kentzen dio Gaztedi A taldeari. Lehen jardunaldian biak berdinduta geratu ziren, baina pasa den astean Erandiokoak aurre hartu zuten. Dena dela, eta ikusita bi talde hauen artean dagoen aldea oso txikia dela, gaur edozer gerta daiteke, nahiz eta Goiherri abiatzen den abantailarekin. Badirudi hirugarren postua Goiherri B taldearentzat izango dela. Aurreko bi jardunaldietan horrela izan da, eta badirudi gaurkoan ere horrela izan daitekeela. Mutrikuk ere duenari eustea nahikoa izango du bosgarren postua eskuratzeko. Seigarrengorako izango da emozioa, berdinduta baitaude Gaztedi B eta Akelarre taldeak. Azkenekotik irtetea, berriz, zaila izango du Goierri C taldeak, orain arteko tiraldi guztiak galdu egin baititu. Harri-zulatzea Euskal Herriko Harri-zulatze Ligako jardunaldia jokatuko da gaur, 19.00etatik aurrera, Gallartako Dolores Ibarruri plazan. Bertan, honako talde hauek hartuko dute parte: Errekatxo, Kabiezes, Burdin Gazteak, Aldai Alde, Piratak eta Ereño. Azken talde hau da lehiaketako berrikuntza, aurreneko aldiz hartuko baitu parte Euskal Herriko Ligan. Hori ere berri ona da kirol honentzat.