18 JUIN 2016 ANTZERKIA Umore-aurpegi serioa Iker ZALDUA Oier Guillanek idatzitako antzerki bilduma bat gordetzen da “Mr. Señora” izenburutzat duen liburuan. Nor den ez dakidan arren, ezagutzen dut apur bat Oier, pentsatzen nuen zer aurkituko nuen, baina aurkitu dudana ez da pentsatutakoa, ezta pentsatu ere! Pentsatzen nuen pintura abstraktua topatuko nuela, pentsatzen nuen barre egingo nuela eta pentsatzen nuen absurdoaren karrikan murgilduko nintzela. Eta bai, abstrakzioa aurkitu dut, algaraka egin dut barre eta absurdoaren zabalgune irekian barrena ibili naiz, baina ez nuen pentsatzen abstrakzioa horren zehatza izango zenik, algarak horren mingarriak izan zitezkeenik eta absurdoa horren arrazional izango zenik aldi berean. Kolpe batean irakurrita, pintura abstraktu baten aurrean gaudela irudi de zake, gerta daiteke ez ulertzea, baina azpimarr ak eta arretak uztartzean, zehaztasuna ikusiko dugu sakonean, gogoeta zehatzak galdera abstraktuetan, «Israelen bizi den jendea Israel da?»; «Elkartasuna mina sendatzeko modu bat da, edo mina ezkutatzeko tresna bat?». Eta badira esaldi zehatz eta irmoak ere: «Demokrazia da kapitalismoak asmatu duen azkeneko marka komertziala». Umore-aurpegi serioa jarri zaidala esango nuke irakurtzen nuen bitartean. Irri egin dudalako hitz jokoekin, Australia Pitekusekin, «Hautudeterminazioa»-rekin eta ahatez ahatekoarekin. Baina, ogiaren mamiak kritika zorrotza ezkutatzen zuen, kritika egungo gizartearen begiradari, emakumeak eta gizonak irudikatzeko moduari, horien estereotipo demokratizatuei. Armairua aipatzen du, gure barneko gu isildu hori, «armairutik ateratzea asmatu zutenek inoiz inork egin zezakeen ekarpenik erraldoiena egin diotela jendarteari». Finean, guztiok izango dugu hemendik joatean gure zati bat armairu batean, isilpean; eta liburuan, finean, gure gu guztia aldarrikatzen du Oierrek, «desarmairugabetzea» idazten du berak. “Minari buruzko solasaldiak” izeneko antzezlanean, elkarrizketa absurdoak topatuko ditugu, baina hitzak alde batera utzita, esaten dena, adierazten dena, erabat arrazionala dela esango nuke, nork ez du izan «gezurretako mina»? Ez dugu ahantzi behar, antzerki-testuak direla irakurgai eta gidoian badira aktoreentzako oharrak, irakurleok ere aintzat hartu beharrekoak. Aurrez aurre duguna liburua da, baina oholtza gainean interpretatu diren testuak dira, eta komeni da aktoreak, jantzi eta guzti, irudikatzea, hasiera batean haientzat sortu baitziren, eta ez guretzat.