GARA Euskal Herriko egunkaria
ALPINISMOA

«Estrella imposible» bideakigoera azkarrena jaso berri du

Sebastien Coret, Damien Tomasi, Korra Pesce eta Martin Eliasek Bhagirathi III mendiaren marra mitikoa bost egunean eskalatu dute.


Zortzi lagun eta helburu bakarra: Bhagirathi III (6.454 m). Hots, Indiako Himalaian (Garhwal eskualdea) dagoen seimilako ikonikoa. Elkar ezagutzen duten zortzi lagun. Hain zuzen ere, lagun talde horren “osagaia” da guztiak ala guztiak mendi gidariak direla; Chamonixen eta haren ingurumarian lan egiten duten beharginak. Eta kuadrilla horren espirituarekin apirilaren 26an Bhagirathi III mendira joan ziren.

Esan dugun bezala, zortzi lagun ziren: Damien Tomasi, Sebastien Coret, Korra Pesce, Martin Elias, Tania Zoia, Fanny Tomasi-Schmutz, Elodie LeComte eta Danny Hulamn. Eliasek GARAri adierazi dionez, seimilako horretan bi bide eskalatu nahi zituzten: «Damien, Korra, Sebastien eta laurok ‘Estrella Imposible’ bidea (6c, A3+, 1.300 m) igo genuen. Astebetera, Fanny eta Elodie eskoziarren zutoinaz (6b, A2, 1.300 m) jabetu ziren. Horiek ziren esku artean genituen bi helburuak, eta biak ala biak bete egin ditugu. Aipatu nahi nuke era berean, Fannik eta Elodiek egin duten jarduera txapela kentzeko modukoa dela; izan ere, biak ala biak emakumezkoak dira. Gogoratu behar dugu soilik neskez osatutako sokada gutxik egiten duela izaera horretako alpinismoa. Eskalatu duten eskoziarren zutoina mendi garai batean dago eta teknikoa da. Eta azken urteotan, nesken artean, apenas ikusi dugun izaera horretako aktibitaterik».

LeCompte suitzarrarekin eta Tomasi-Schmutz frantziarrarekin hartu-emanetan gauden bitartean, haien kide diren lau gizonezkoek Bhagirathi III mendiaren mendebaldeko aurpegian dagoen katalanen zutoinean egindakoa ekarriko dugu lerrootara.

Gogoratu behar dugu “Estrella imposible” bideak baduela eite berezi bat. Duela 32 urte, Juan Tomas, Joan Carles Aldeguer, Sergi Martinez eta Josep Lluis Moreno gai izan ziren proposamen tekniko eta oso tente bat zabaltzeko. Bide mitikoa bihurtu da, eta aurreratu behar dugu garai haietan protagonistok alpinismoaren mundua ahoa bete hotz utzi zutela. Bai, 1984. urtea zen, eta laukoteak sormen horretarako lan handia eta 14 bibak behar izan zituen. Alpinismoaren urrezko garaiak ziren, eta horregatik guztiarengatik marra horrek oraindik alpinista batzuk erakartzen ditu.

Coret eta Tomasi frantziarrek, Pesce italiarrak eta Elias espainiarrak “Estrella imposible”-ren bosgarren igoera lortu berri dute. Bost egun paretan pasatu ondoren, maiatzaren 13an bidea bukatu eta tontorra zapaldu zuten. Orain arteko igoera azkarrena izan da, duela hamabi urte talde kanadar batek bederatzi egunean igo baitzuen.

Eliasek aurreratu digunez, katalanen zutoinak asko eskatzen du: «Jakin bagenekien oso teknikoa eta tentea dela. Gure asmo nagusia zen Alpeetan erabiltzen dugun teknika bera Bhagirathin indarrean jartzea. Hau da, azkar, arin eta aldarte onarekin. Jakin bagenekien ere, bide hori oraindik ez dela askean igo. Baina hori ez zen geure erronka. Azkar eskalatzea gustuko dugu, eta taldearen kalitateak dena ondo ateratzea bideratu du. Marra hori askatzen saiatzea proiektu ederra izango litzateke. Baina, inolako zalantzarik gabe, izaera horretako xede batek pazientzia handia eskatzen du. Kontuan hartu behar duzu ‘Estrella imposible’ mendebaldeko aurpegian dagoela. Horrek esan nahi du pareta horretan hotz handia egiten duela eta arratsaldean eguzkiaren agerraldia soilik hiru ordukoa dela. Eta, gainera, arrokan dauden zailtasun tekniko handienak 5.000 eta 6.000 metro artean daude. Zalantzarik gabe apustu ederra da; uste dut egun Himalaiako erronka handienetariko bat da».

Eguraldi kaskarra

Laukoteak 1.300 metro eskalatu behar zituen, eta, alpinista errioxarrak aurreratu digunez, eguraldia ez dute erabat lagun izan: «Oro har, eguraldi ona izan dugu, baina arratsaldero ekaitz txiki batzuk izan genituen. Bosgarren igoera izan da. Azkarrena ere bai. Lehen egunean lehen hiru luzeetan soka finkatu eta, ondoren, bost egun paretan pasatu genituen. Azken bibaka jaitsierakoa izan zen. Agerikoa den eskalada da eta horrek asko lagundu zigun. Horretaz gain, bide hori igo zuen aurreko sokadak material finkoa utzi zuen. Eta horrek ere lagundu zigun. Bidearen zati zail batzuetan parabolten bat edo beste utzi zituzten. Horren berri bagenuen. Eta, jakina, horrek egoera aldatzen du. Bide hori eskalatu eta parabolt horiek erabili genituenean, jabetu ginen ‘Estrella imposible’ ez dela berdina izango. Bidea zabaldu eta marra errepikatu zuten hurrengo hiru taldeek parabolt horiek erabali gabe bizi izan zutena orain inork ez du berdin biziko».

Katalanek zabaldutako bideari dagokionez, Eliasek aitortu digu gozatu zutela: «Pareta zail batean dagoen ageriko marra bat eskalatu dugu. Granitozko zutoin erraldoi horretan zatirik ahulenak bilatzen ditu. Amaiera aldean mistoko tarte bat dago eta arrokaren kalitatea nahiko txarra da. Bai kanpotik, bai barrutik ikusita, oso bide ederra da. Oro har, kalitate oneko granitoan eskalada librea eta artifizialeko luze gogorrak jasotzen ditu. Eta ezin dira ahaztu mistoko azken 200 metroak».

Hormatzarrean eskalatzen emandako egunei dagokienez, lan guztiak ondo atera zirela nabarmendu du: «Kide horiekin eskalatzea plazera izan da. Taldearen kohesioa bikain landu dugu, eta horrek gure progresioari erritmo ona eman zion. Nahiz eta eguraldi kaskarra, bibak deserosoak eta amaieran arroka txarra izan, eskaladaren progresioa oso egokia izan zen. Norberak bere protagonismoa izan zuen, hau da, norberaren ezaugarriak kontuan hartuta banatu genituen luzeak».

Amaitzeko, aipatu dugu katalanek “Estrella imposible”-n eginiko lana bikaina baino bikainagoa izan zela. Eta Eliasek gauza bera azpimarratu nahi izan du: «Garai haietan murru horretan sartzea balentria izan zen. Nahiz eta punta-puntakoak izan, katalan horiek 80ko hamarkadan egin zutena txalogarria da. Zaila da izaera horretako jarduera bat gaur egun ikustea. Handiak dira!».