GARA Euskal Herriko egunkaria
Surfa

Fiji Pro 2016:Gabriel Medina txapeldun

Gabriel Medina brasildar gazteak irabazi du Fijin CT itzuliko bosgarren txapelketa. Ranking orokorrean aldaketak izan dira, baina Matt Wilkinson australiarrak jarraitzen du egun rankingeko buru izaten. Top 34ko hurrengo lehiaketa Jeffreys Bay urautsi mitikoan izango da.


Beste behin ere sekulako olatuak eta itzelezko ikuskizuna izan ziren nagusi Fijin. Hiru eta lau metro arteko ezker olatu biribil eta luzeetan egin zituzten azken txandak. Sakonera gutxiko eremu arriskutsuetan jasotzen ziren sekzio biribiletan itzeleko tuboak egin zituzten lehiakideek.

Olatu zailetan bira erradikalak egitera ausartzen ziren lehiakideak ere izan ziren, bai eta hondoan den koral zorrotza dastatu zuenik ere. Ikuskizuna ezin hobea izan zen; ziur aski aurtengo CT itzulian orain artean izan den txapelketa hoberena izan zen eta Fijin izandako emaitzek aldaketak eragin zituzten WSL ranking orokorrean.

Lehiakide ikusgarrienak

Itsasoko baldintza indartsuak ikusita, Kelly Slater edo John John Florence bezalako surflariei begira zeuden ikusleak. Sare sozialetan behin eta berriz errepikatzen ziren bi izenak ziren Florence eta Slaterrena. Hawaiarraren kasuan gainera, aurtengoa bere urtea izan ote daitekeen zioten artikulu interesgarriak argitaratu zituzten txapelketa oraindik indarrean zela, baina azkenean ez batak ez besteak ez zuten finalera iristea lortu.

Slater finalerdietara iritsi zen, baina ezin izan zuen haren lekua hartzera datorren Gabriel Medina brasildarra garaitu. Fijin lortutako emaitzari esker bederatzi postu gora egin du Slaterrek, baina oraindik 26. postuan da. Dudarik gabe, postu eskasa da irabaztera ohituta dagoen Slaterrentzat.

Florence, ostera, Matt Wilkinsonek garaitu zuen final-laurdenetan. Hala ere, hawaiiar gazteak baldintza zailenetan gainerako lehiakideen gainetik dagoela erakutsi zuen beste behin; izan ere, gainerako lehiakideek olatua jaisteko edo tuboak egiteko zailtasunak dituztenean, Florencek jolasean ariko balitz bezala egiten du surf.

Hawaiiar gaztea bizkarkako tuboak taularen ertzari heldu gabe egiten ausartzen da, eta horrela, beste lehiakide guztiak oso antzeko surfa egiten ari diren bitartean, Florencek beste maila bat erakusten du.

Lehiaketan, ordea, sarri, ez du irabazten ongien surf egiten duenak, ongien lehiatzen denak baizik. Horixe falta zaio Florence gazteari, daukan potentzial horri etekin handiagoa ateratzea, alegia.

Goi mailako txapelketetan lortutako puntuazio altuenak berak lortzen ditu, eta hamarreko gehien lortu dituen lehiakideetako bat da, baina emaitzetan oraindik hobetu dezake. Hala eta guztiz ere, ongi ari da aurtengoan hawaiiar gaztea; izan ere, hirugarren postuan da egun ranking orokorrean.

Taj Burrow

Txapelketa honetako txanda ikusgarriena Florence eta Taj Burrow-ren artekoa izan zen. Bi lehiakideek bizkarkako tubo eta bira zoragarriak egin zituzten eta biek bederatzi puntutik gorako olatuak egin zituzten. Burrow-ren bi olatu onenak 9,20 eta 2,40 puntukoak izan ziren; beraz, 18,60 puntu bildu zituen. Florencek berriz, 9,43 eta 9,33 puntuko bi olatu onenekin, guztira 18,76 puntu bildu zituen. Oso alde txikiarekin irabazi zuen.

Taj Burrowk adio esan behar dio CT itzuliari aurtengoan, eta beraz, adio esatera doan lehiakide batentzat ederra da halako txanda bikain bat egin ahal izatea, baita txanda pasatzea lortu ez bazuen ere, eskainitako ikuskizunarekin surflari gisa duen kalitate eta maila altua agerian geratu baitzen.

Gabriel Medina txapeldun

Fijiko txapelketa zinez ikusgarria izan zen. Txanda guztietan izan zen ikuskizuna, batzuetan beste batzuetan baino gehiago, baina orokorrean txapelketa bikaina izan zen. Horrela, finala ere ederra izan zen; halako olatuekin eta surflariekin ikuskizuna bermatua zegoen.

Medinaren bi olatu onenak 7,33 eta 8,27 puntukoak izan ziren eta Wilkinsonek, saiatu zen arren, ezin izan zuen brasildarraren puntuazioa gainditu. Bi surflariak “goofy”-ak (ezker surflariak) izaki, aurpegizko tuboak egiten aritu ziren, baina Medinak hobeto aukeratu zituen olatuak eta hobeto jokatu zituen bere kartak; horri esker lortu zuen txapela CT itzuliko bosgarren txapelketan.

Honela mintzatu zen Medina urautsi ondoan zegoen txalupa batean atseden hartu zuen unean: «Zoriontsu nago. Horrelako olatuen zain egon gara eta azkenean etorri dira. Olatu handiak ziren eta serie andana sartu da finalean geunden bitartean. Tubo mordoa egin ditugu txapelketa honetan, eromena izan da. Oso gustura nago».

Halako txapelketa batek nekea eragiten duela ere aitortu zuen brasildarrak: «Ni oso nekatuta nengoen; beraz, finalerako ahalik eta energia gehien gordetzen saiatu nintzen, bai bainekien gogorra izango zela. Wilko indartsu ari da aurtengo sasoia hasi zenetik eta geldigaitza dela dirudi. Fijikoa bere aurtengo hirugarren finala izan da eta kontent naiz final honetan bere aurkari izateagatik».

Matt Wilkinson indartsu

Matt Wilkinson ere pozik zegoen. Aurtengo itzulia Australian hasi eta lehen txapelketa irabazi zuenean inork gutxik hartu zuen serio lehiakide hau, berezkoa duen festazale eta adarjotzaile izaeragatik-edo, serio ez dabilenaren itxura ematen baitu. Gero, jarraian, bigarren txapelketa irabazi zuen, baina ospakizunetan gastatutako dirutzaren kontura sortutako kalapitak oihartzun handiago izan zuen lortutako emaitzak baino.

Polemika eta zalaparten ostean, rankingeko lehen postuari eusteko gai izan zen Wilkinson, eta gainerako lehiakide eta ikusleen errespetua irabazi zuen. Eta orain, Fijin lortutako bigarren postuari esker alde handiz jarraitzen du rankingeko buru; beraz, munduko txapela irabaz dezaketen lehiakideen zerrendan ez egotetik pisuzko hautagaia izatera pasatu da.

Hori guztia kontuan hartuta, honela mintzatu zen Wilkinson txapelketa ostean egin zioten elkarrizketa labur batean: «Orain mundu guztia nire bila etorriko da; beraz, ez da inondik inora azeleragailua laxatzeko momentua. Jeffreys Bayra oso zentratuta noa eta egin behar dudana egingo dut, ahal dut, prest nago».

Gauzak horrela, Matt Wilkinsonek lehen postuan jarraitzen du CT ranking orokorrean 32.500 punturekin, baina gainontzeko postuetan aldaketa dezente izan dira.

Ranking orokorra forma hartzen

Italo Ferreira brasildarrak bigarren postua galdu eta laugarrenera jaitsi da. Bere ordez, ordea, beste brasildar batek hartu du bere postua; orain Gabriel Medina dago bigarren postuan, 24.000 punturekin.

John John Florence hawaiiarrak hirugarren postuan jarraitzen du 23.900 punturekin. Postuz mugitu ez den lehiakide bakanetako bat da. Bosgarren postuan, berriz, iazko mundu titulua eskuratu zuen lehiakidea dago, Adriano de Souza brasildarra, alegia.

Lehen postuetan dauden lehiakide hauek dira aurtengo mundu titulua eskuratzeko faboritoak, baina oraindik beste sei txapelketa falta dira; hortaz, gauzak asko alda daitezke, baita ikusleek egun faboritotzat dituzten izenak ere.

Hala ere, CT zirkuitua momentu garrantzitsuan dagoela esan daiteke, bide erdian, itzuliak har dezakeen norabidea marrazten hasten baita, eta pixkanaka gauzak zailtzen joango dira oraindik atzean izan arren aukeraren bat edo beste izan dezaketenentzat.

Mutilen munduko zirkuituan hurrengo geldialdia Hegoafrikan izango da, Jeffreys Bay urautsi mitikoan. Bi urteren ostean, datorren uztailaren 6 eta 17a bitartean, munduko eskuin olatu luze eta ederrenetako batean izango dira WSL itzuliko Top 34 lehiakideak.