21 JUIN 2016 ANTZERKIA Antzerkiari emanak Jaime VALVERDE Zazpigarren obra du Doke Antzerki Taldeak bere 12 urteko ibilbidean. Zalantzarik gabe, merituzko curriculuma herri antzerkiko talde batentzat. Eta, agian, ibilbide luze horri dagokio oraingoan aurkezten duten obra honekin erabat aldendu izana herri teatroari suposatzen zaion eitetik. Izan ere, “Aingeru ala kurriloi?” lanean ez dugu topatuko publikoaren konplizitatea eta barrea bilatzen dituen ohiko tonu komiko herrikoia. Horren ordez istorio ilun eta latz bat kontatzen digute, familia barruan gerta daitezkeen ezbeharren berri ematen duena. Lehendabiziko momentutik giro klaustrofobikoa eskaintzen zaio ikusleari, bi emakume adinduren bizimodu ihar tuan murgilduz. Urteetako ohikeriak eta beren arteko tirabirek bizi diren etxearen atmosfera erabat kutsatua dute. Ekintza dramatikoa pizten da iloba ezezagun bat agertzen denean, iraganeko gertakari desatseginak orainaldira ekarriz. Pertsonaia uherreko antzezlan honetan gauzak ez dira lehen begiratuan diruditen bezalakoak, eta gertakariak ere ez dira espero bezala kateatuko. Jokatzean eta eszenaratzean antzerkiari dedikazio murriztua besterik eskaini ezin dioten zaleen zantzuak antzematen dira, baina aldi berean, teatroa seriotasun itzelez bizi duen artista talde baten egikera; eta batez ere, herri antzerkiaren maitasuna eta baldintzarik gabeko leialtasuna, edozein teatro sistemaren oinarria izan behar dena.