Jon LEUNDA
KIROLA

Aristegik eta Izkuek aurrea hartu diote Aierbe II.ari

Bi neskak enbor erditik enbor erdira txandatuz aritu ziren, eta mutila esku batekin jardun zen.

Maika Aristegik eta Irune Izkuek irabazi zuten atzo Iñaki Aierberen aurka Abaltzisketan jokatu zuten aizkora desafioa. Sekulako jendetza batu zen saioa ikustera, plaza gainezka egon baitzen norgehiagoka bertatik bertara jarraitzeko.

Launa kana-erdiko erdibitu behar zituzten. Neskek bi eskuekin eta enbor erditik enbor erdira txandatuz aritu behar zuten, eta horrelaxe egin zuten. Mutilak, aldiz, esku bakar batekin ebaki behar zituen lau enborrak, desafioa burutu zutenean horrelaxe erabaki baitzuten.

Aierbe hasi bikain hasi zen, lehen kana-erdikoan alde dezentea atera baitzien aurkariei. Maika Aristegi izan zen nesketan hasi zena, eta adar handi samar bat izan zuen; lehen kana-erdikoaren aurreneko erdian, gainera. Hala ere, lehen enbor hau oso ondo eta azkar erdibitu zuen Aierbe II.ak, eta 22 segundoko aldea atera zien neskei.

Bigarren enborretik aurrera, ordea, ez zen kolorerik egon. Neskek aurka zuten aldea irauli eta minutu bat eta sei segundoko zuloa egin zuten bigarren enborraren amaieran, desafioa maldan behera jarriz.

Hirugarren enborrean Aierbek asko sufritu zuen, eta hor norgehiagoka betiko erabakita geratu zen. Bai Aristegik bai Izkuek oso lan ona egiten jarraitu zuten, eta hirugarren enborraren amaieran ia hiru minutukoa zen alde zuten tartea. Garbi zegoen garaipena nora joango zen zerbait handia gertatu ezean, eta hori Aierbek ere bazekien. Amaieran bi neskek ongi irabazi zuten. Lan guztiak burutzeko 13 minutu eta 46 segundo behar izan zituzten, eta amaieran ia lau minutuko aldea atera zioten neskek Iñaki Aierbe ataundarrari.

Aristegiren eta Izkueren denborak enborrez enbor hauek izan ziren: 2.43, 5.54, 9.32 eta 13.46. Aierberenak, berriz, honako hauek izan ziren: 2.21, 7.00, 12.27 eta 17.21.

Urrezko Aizkorako Txapeldunen Liga, berriz, atzo hasi zen, Ondategin jokatu zen aurreneko norgehiagokarekin. Bertan Arria V.a eta Jon Rekondo lehiatu ziren, eta oso norgehiagoka ederra izan zuten, nahiz eta amaieran errezildarrak irabazi zuen lehenengo jardunaldia.

Lan ezberdinak egin behar izan zituen aizkolari bakoitzak eta proba ederra atera zen. Bukaeran, ordea, Arria V.ak lortu zuen garaipena, 25 segundoko aldearekin, lehen jardunaldi eder baten ostean.

Errezildarrak ez du atseden hartzeko tarte handirik izango, gaur bertan jokatu beharko baitu bigarren jardunaldia. Hernanin izango da, 12.30ean hasita, eta han Eneko Otaño izango du aurrean. Urola bailarako bi aizkolari, Errezilgoa eta Beizamakoa, izango dira aurrez aurre, eta saio oso polita iragartzen da. Arriak jadanik puntu bat eskuratu du Txapeldunen Liga honetan, eta gaurkoan bigarren garaipena lortzeko asmoz plazaratuko da. Bera izango da irabazteko faboritoa.

Harri-jasotzea

Xabier Aranburuk eta Iban Ugartemendiak apustua lotu dute, eta datorren abenduaren 11n jokatuko dute hori Azpeitian. Aranburuk bota zuen desafioa, eta Ugartemendiak heldu egin dio. Azkenean bi aldeak ados jarri dira, eta, hala, bakoitzak 16 arroako, 200 kiloko, harri errektangularra erabili beharko du. Errektangular modernoa izango da. Kirolari bakoitzak sei minutuko hiru txanda izango ditu lanean aritzeko, eta jasoaldirik gehien ematen dituen harri-jasotzaileak eskuratuko du garaipena. Orotara 5.000 euro jarriko ditu alde bakoitzak jokoan.

Aurtengo bigarren apustua izango da hori harri-jasotzen; izan ere, aurretik hitzartuta dute Urrutiak eta Telleria II.ak. Ondorioz, aspaldian ez dira harri-jasotzeko apustu gehiegi izan, baina gehiago egiten ez badira behintzat, zaleek hemendik urtea amaitu bitarte bi izango dituzte, gutxienez. Biak, gainera, itxuraz oso onak dira, eta segur aski zaleek ere emango dute behar duten erantzuna.