Jose Angel Oria
Kazetaria
IKUSMIRA

Gipuzkoa Zutik eta feminista gazteak

Eguzkia zeruan, umeak garrasika kalean, aurki blusen eguna herriko plazan, berehala oporrak… baina igandeko emaitzek utzitako sentsazio txarra kendu ezinik nabil. Beñat Zalduari irakurri nion Espainiak ez duela aldaketarik nahi, eta bete-betean asmatu zuen. Euskal Herrian eta Katalunian, aldiz, aldaketa beharra da nagusi.

Ni aldaketen aldekoen artean bizi naizenez, ezaugarri horrek nire usteak kutsatuta dauzka. Gipuzkoa Zutik, esaterako, pesimistena alaitzeko moduko ekimena da eta bazter askotara zabaltzen ari da. Nik hor ikusten ditut eraiki beharreko Euskal Herri Berriaren ardatz nagusiak, ilusionatzeko moduko proiektuaren oinarriak. Gipuzkoa Zutik indartu beharko da, Dioxinen eta Minbiziaren Gipuzkoan bizi nahi ez badugu; Euskal Herrian diruzalekeriari mugak jarri eta bestelako eredu justuago eta jasangarriago bat aurrera atera nahi badugu.

Pesimismoa gainditzeko ahaleginean, Tolosaldeko feminista gazteak etorri zaizkit burura. Herritarren zenbait jarrera aldatu nahian, makina bat mezu plazaratzen dute, kolore guztietako gizonak urduri jartzea eraginez. Asmatzen ari diren seinale! Egin dituzten gauza batzuk eztabaidagarriak dira, baina garrantzi gehiago ematen diot lortu dutenari: normaltasunez hartzen diren bazterketen –soziedade matxistak– gaineko eztabaida jarri dute mahai gainean eta futbolak gure plazetan duen neurrigabeko indarra salatzera ere iritsi dira; eraso matxisten aurkako mobilizazioak ikaragarri hazi dira; gai ezberdinei buruzko emanaldiak egiten dituzte… Hortik dator alternatiba.